Aspaldi aurreratu genuen hemen RSS sindikazioaren ahalmena eta etorkizunerako aukera asko zabaltzen zituela. Bada, kontzeptu hau, urak bezala, gainezka egin eta sarean dauden baliabide guztiak hartzen ari da. RSS jarioei esker gure gustoko iturriak bilduz egunkari pertsonalizatua egin dezakegu, webguneak banaka bisitatu gabe, aurki.com berriak erakusten digun moduan. Baina era berean gure irrati pertsonala eta gure bideoklub partikularra sortzeko aukera ematen digute RSS jario hauek, MP3 artxiboekin edo BitTorrent moduko programekin uztartuz gero.
Informazioa webgunean gizakiok irakurtzeko moduan ezezik RSS formatoan ere argitaratzeak informazio hori moldagarria bihurtzen du, beste webguneetan eta beste euskarri batzuetan ere erabilgarria. Automatikoki guk idatzi dugun testua aurki.com-en agertzen den bezala, Bloglines zerbitzuan ere argitaratzen da eta RSS jarioak irakurtzen dituen edozein programa edo aparailutan ager daiteke halaber. Ondorioz, guk idatzitakoa jende gehiagok irakur dezake eta jende gehiagok irakurriko du, dudarik gabe. Hau interesgarria da bere mezua hedatu nahi duen ororentzat. Webgune baten azken goiburuak gure webguneko txoko batean txertatu ditzakegu berak RSS formatu horretan ere argitaratzen duelako. Goiburua edota sarrera irakurri ostean, interesa badugu, klik egin eta jatorrizko webgunera eramango gaitu nabigatzaileak, artikulua osorik irakurtzeko.
Webgune askotan, bitakoretan batez ere, RSS edo XML ikurra ikusiko dugu. Bertan sartzen bagara kode arraroak ikusiko ditugu, ez baitago gizakiok ikuskatzeko egina. Aldiz, Aurkik horixe bisitatuko du, ez webgune normala, gure albisteak bere zerbitzuan txertatzeko. Gure jarioa aldatzen da guk zerbait berri argitaratzen dugunean eta haren bisitariek (Aurki eta beste zerbitzuetako makinek) aldaketa horiek islatuko dituzte, esaterako, euren titularretan gure azken albistea jarriz. RSS jarioak automatikoki sortu ahal izateko gure webguneak XML teknologia erabili behar du edo programazio egokitzapen baten bidez titularrak eta testuak RSS artxibo batera pasatu.
Komunikabide handi asko ere konturatzen hasi dira jario moldagarri hauen garrantziaz eta RSS jarioa eskaintzen hasi dira. AEBetan 142 egunkaritik gora dira dagoeneko, CNN eta BBC kateen webguneek ere aukera ematen dute. Espainian lau egunkarik eskaintzen dute, momentuz, RSS jarioa. Euskal Herrian batek ere ez, baina denbora kontua izango da hemen ere informazio orokorreko hedabideek bitakorek zabaldutako bidea jarraitzea.
RSS argitarapen modu honek beste erabilera batzuk ere izan ditzake. Esaterako, iragan astean Bilboko Euskalduna jauregian administrazio eta gobernu elektronikoei buruzko jardunaldia izan zen eta bertan Yahoo Europako zuzendari ohi Javier Etxebestek administrazioek euren informazioak hedatzeko erabili beharko luketeela esan zuen. Kontzeptua ezagutu berri dute Eusko Jaurlaritzan eta beste administrazio askotan oraindik luze joko du kontuak. Salbuespenen artean, hala ere, hiru.com etengabeko ikaskuntza ataria eta udal batzuk aipa daitezke.
Baina Aurkin edo Bloglines-en gure gustoko blogetako aukera sor dezakegun moduan Podcast emisioak egiten dituztenenak ere bildu ditzakegu edo bestelako edukiak jartzen dituztenena, filmak esaterako. Berriki BitTorrent aztertu genuen, bit uharra euskaraz. Film baten hedapenerako egon daitekeen biderik azkarrena da, pirateatutako estreinaldi guztiekin erakusten duen moduan. Film bat hedatzeko nahikoa da bere bittorrent lotura jartzea. Bada, lotura horiek RSS bidez bilduz gero, dagoeneko ez dago bideoak sarean Googlerekin bilatu beharrik, nahikoa da Videora bezalako programa bat erabiltzea edo gure bilduma sortzea, material ona eta berria jartzen duten iturriak bilduta. Horra gure bideoklub pertsonalizatu eta doakoa!
Wired aldizkariaren urtarrileko zenbakiak, BitTorrent dela eta, edukien industriaren inguruko hausnarketa sakona zekarren, filmak ezezik laster telebista saioak ere programa horren bidez elkarbanatuko direla aurreratuz eta industriak egungo eredua bertan behera utzi beharko duela iragarriz. Produktuen hedapenerako enpresa horiek ez dira ezinbestekoak dagoeneko, gero eta gutxiago izango dira. Produkzioa ere demokratizatzen ari da, egun blogak edonork egin ditzakeen moduan, laster edonoren esku egongo da film txukunak egitea. Podcast-ekin gertatzen ari den bezala, bideo produkzio txikien unibertsoa sortuko da eta onenek ez dute inolako arazorik izango ekoizkina banatzeko. Audio-bideo edukiak rss bidez eskainiz eta bittorrent-ek banaketarako ematen digun ahalmena baliatuz edukiak bitartekaritzarik gabe hedatuko dira, berez ia-ia, interesgarriak baldin badira. Ubidea zabaltzen ari dira bitakorak, laster uholdea izango dira RSS jarioak, baina uharrak bezala, gainezka egiten duenean sare osoa hartuko dute.