Amildegi digital berria

By | 2005/05/19

Konektatuak eta ez konektatuak banatzen zituen lubaki, amildegi edo eten digitala (digital divide ingelesez) geografiaren eta ekonomiaren araberakoa zen orain arte: konektatuek ilustrazio digitala izango dute, trebakuntza eta lanerako aukera franko; besteek ez. Baina Seth Godin-ek beste fenomeno bat somatu berri du konektatu gehienak bizi garen lehen mundu aberats honen baitan: aukera pertsonal librea eginez bere burua teknologian eguneratzea eta azken joeren jakitun egotea erabiltzen dutenak alde batetik. Bestetik, gure artean, sarbidea ukan eta Internet noizean behin erabili arren, mundu digitalagatik interes handirik erakusten ez dutenak. Geografiak edo irabazi ahalmenak inolako eraginik izan gabe, eurek hala erabaki dutelako edo ez dutelako horren beharrik somatzen, atzean geratzen ari ei dira bigarren multzokoak.

Azken asteotan oihartzun handia izan du Godin-en testuak ingelesezko blogosferan eta euskaraz Joxe Aranzabalek aurkeztu digu gaia bere blogean. Joxek dioenez, “Teknofiloei digerati dietzen die Seth Godinek. Digerati hitz konposatua da —digital eta literati—, eta esan nahi du alfabetatua edo jantzia kontu digitaletan. Hor sartzen dira ordenagailu zientzilari ezagunak, teknika idazleak eta blogari ezagunak”. Beste askok ez dituzte sareak eskaintzen dituen aukera eta tresna interesgarrienak ezagutzen, ezagunenak eta inposatuak baino (Explorer, MSN Messenger eta Office). Aukerak eta informazioa lehenengo multzokoen esku dauden bitartean, bigarrenekoak, gutxieneko formakuntza ukan arren, atzean geratzen dira.

Adibideak ere ematen ditu Godinek koadro batean: digeratiak Firefox erabiltzen du, blogaria da, RSSak irakurtzen ditu, Slashdot irakurtzen du, Flickr erabiltzeaz aspertuta dago eta albisteak Google News-en irakurtzen ditu… Atzean geratutakoak, berriz, Explorer erabiltzen du, ez daki zer diren RSSak edo Flickr, albisteak telebistan irakurtzen ditu eta Google bilatzaile soila dela uste du. Batzuek elitismoa leporatu diote Godin-i (how cool we are), baina berak egoera deskribatu baizik ez du egin, Makiavelo moderno baten gisan.

Fenomeno berria azaltzeko Godinek dioenez, duela bost urte geek edo teknofilo sutsuek talde itxiagoa osatzen zuten, itzal gutxikoa. Joera berriak bereganatzen lehenengoak ziren, baina euren eztabaidak eta aurkikuntzak ez ziren aise hedatzen komunitate horietatik at. Egun, berriz, sarea indartsuagoa da eta askoz hedatuago dago eta blogei esker, ahots horiek presentzia eta indar berria hartu dute, kontutan hartu beharreko erreferentzia bilakatu dira, politikari eta kazetarientzat. Ondorioz, sarea komunikabide eta komunitatea denez, digeratiek ideiak heda ditzakete.

Gainera, konektatuen eta ez konektatuen arteko eten edo lubaki digitala ez bezala, amildegi berri hau gero eta handiagoa da, digerati-ek, tresna berri hauek gero eta gehiago erabiltzen dituztelako. Godin-en testua bera nola zabaldu den ikustea besterik ez dago digeratien egungo garrantziaz ohartzeko.

BBCren estrategia irekia Interneten

Bere edukiak internauten esku jartzeko estrategia berria jarri du abian BBC kateak, use our stuff to build your stuff lelopean (erabili gure edukiak zure edukiak sortzeko). Alde batetik, feed edo jarioak argitaratzen hasi da, inork albisteak RSSak irakurtzeko programen bidez irakur ditzan. Bestetik, APIa libre egin du, hau da: programatzaileen ekarpenak jasotzeko bere edukietarako sarbidea ematen duen programaren kodea publiko egin du. Flickr-ek eta Skype-k hori egin dute arrakastaz, internautek programa mordoa sortu baitute, euren zerbitzuak moldagarriak eta are ezagunagoak bihurtuz.

Munduko informazio sarerik handienetako batek bere edukiak inoren esku uzteaz gain, horiek moldatzeko programak egiten uztea sekulako urratsa da. Ben Hammersley kazetari adituaren hitzetan, “hau zerbait handiago baten froga da, erakusten ari baita Interneten nork bere edukia ezkutatzea suizidioa dela. Nork bere eskua zabaldu eta denok elkarrekin loratu edo bere baitan itxi eta bakarrik hil”. BBCren garatzaile sarea eta edukiaren moldaketa erabilgarri batzuk aurkituko ditugu backstage.bbc.co.uk helbidean.

Interneteko estrategia egokia du BBCk internauta askoren aburuz, horregatik azken Webby sarietan 10 izendapen jaso zituen. Estrategia horren beste erakusgarri bat dugu BBC Internet Media Player (IMP). Bere programazioa sarean eskuragarri jartzeko BBCk berak abian jarri duen P2P sarea dugu. Banaketa internauten makinetan ezarriz eMule edo BitTorrent sareen doaiak baliatu nahi ditu kateak, bertako edukiak edonon ikustea edo grabatzea galaraziko duen formatoa izango duten arren.

LABURRAK

Konexioa gas hoditik
Gas naturala banatzen duten hodien bidez banda zabala etxeetara helarazteko modu berria asmatu duela iragarri du Nethercomm izeneko enpresa batek. Azken miliaren arazo famatua konpontzeko ideia honi esker 10 Gigabit-eko abiadurak lor daitezkeela diote Nethercommekoek, oraindik teknologia hau garapen fasean dagoen arren. ADSLak telefono kablean beste frekuentzia altuago batzuk erabiliz egiten duen moduan, hodi barrutik igorriko diren irrati frekuentzia altuko uhinek konexioa gure herrian bertan izango den gune bateraino garraiatuko dute gasaren bidez, haren garraioan eraginik izan gabe.

Okupazioa eta copyleft-a
Okupazio kongresua egin zuten duela bi aste Bilboko Kukutza gaztetxean eta, horren haritik, webgune txukuna osatu zuten: WordPress-en eginiko bloga eta Okupa Irratia izenekoa eratu zituzten bilkuran esandakoen berri emateko. Gainera, duela aste batzuk sareratu zuten Gobelab, Getxoko hacklab-aren webgunea, WordPress sistema berarekin eginiko bloga. Bestalde, copyleft-aren inguruan informazioa emateko eta Artelekun ekaina hasieran egingo diren jardunaldiak aurkezteko www.kopyleft.net webgunea agertu da.

Taldeak euskaraz
Plazagunea enpresak abian jarritako taldeak.com zerbitzuan nork bere gustoko eztabaida zerrenda sor dezake, Yahoon egiten den bezala baina euskaraz, eta mezuen banaketa sistema gure hizkuntzan kudeatu. Zerrenako helbidera mezua bidali eta taldekide guztien artean banatuko da. Dagoeneko 192 talde sortu dira, lesbianismotik heavy-raino, denetariko gaien ingurukoak. Jon Mirande, xakea, arkitektura edo sagardoa hizpide dutenak ere aurki ditzakegu bertan.

3 thoughts on “Amildegi digital berria

  1. mandoeuli

    Digeratia izatea benetan beharrezkoa al da zoriontsu izateko? Ni neu behintzat euskaldigerati bihurtzeko ahalegin txikiren bat eginda nago ( Lunux ikastaroak eta halakoak, ederra txapia, komandoak ikasi, orduak sartu behar,ufff!!), baina, esandakoa,akats txiki bat ikusten diot euskaldigeratiziberblogarisupermodernoa izateari,hots, ordenagailu puta baten aurrean ordu piloa sartu behar dirala, basoan korrika edo baratzean tomateak eta piperrak landatzen egon beharrean; eta zer nahizue esatie ba?!! nik nahiago dut mila aldiz kalean, basoan edo mendian ematea nere aisialdia, pantaila puta baten aurrean orduak erretzen baino; telebistatik ordenagailura, hain ona al da aldaketa???etxakiñat ba!!.Hori bada euskalmodernoa izatea, ni enaiz euskalmodernoa, zereingotzaguba?? Gure euskararen “normalizaziorako” oso ona izango da zibermugida guzti hau, baina nik neuk eztiot mamirik ikusten….gainera ordenagailuak eta teknologia berriak kutsatzen dutena, eta osasun mental eta fisikoa nola izorratzen duten pentsatzen hasi ezkero….Seth Godin ziberlisto horrek ez dit inolako bekaitzik ematen..

    Reply
  2. Jabi

    Bere erabakiaren ondorioz bihurtzen da norbera “digerati”, Godin honek deskribatu duenez, eta berak ez du egoera (bere ikuspegitik) deskribatu baizik egin. Bestalde, azter dezagun zergatik alderatu behar den beti ordenagailu aurrean egotea mendian edo ortuan egotearekin? Telebista aurrean egotearekin (testuinguru berean maizago egin ohi den hautua) alderatuz gero askoz produktiboagotzat dut nire denborarekin egiten dudana ordenagailu aurrean nagoelarik. Zenbat euskaldun petok ematen du hainbeste ordu telepantaila aurrean?

    Bestalde, oreka edo buru-oreka kontua dela uste dut. Ni neu emanda nago beste garai batean ehunka ordu ortuan eta batzuetan atxurra popatik hartzera bidaltzea eta beste gauza batzuk egiteko gogoa nuen… Orain, berriz, batzuetan ordenagailuarekin gertatzen zait.

    Nik neuk ez daukat oraindik argi digerati izatea ona den, baina bai gauza asko egin daitezkeela ordengailuekin. Hala ere, komunikaziorako aukera horiek zenbat eta gehiago barneratu, egiteko dagoena are gehiago dela konturatzen naiz eta ezinegona areagotu egiten zait.

    Reply
  3. mandoeuli

    Ez nuke nahi teknologiaren kontrako puzker ganorabako hauek euskal blogari jator eta saiatuak txartzat hartzerik,bene-benetan diot, baina aparailu elektronikoen bitarteko zorioneko komunikazioa jadanik gehiegitxo “puztu” dela deritzot, eta bene-benetakoa , aurrez-aurre lagun hurkoari begietara begiratuz egiten den hori ostera,bada gainbehera ikaragarrian dagoela; jendeak kalean , lanean , igogailuan, EZ du berbarik egiten ( euskaraz are gutxiago, jakina; euskarak jai dauka Atxaga gure orakuluaren-lantzean behin ixilduko balitz…- eta Alvaro Amman txikitzailearen “Euskal Hiri” puta honetan, lagunok…) Beldulgarria da eraikitzen ari garen “informazioaren gizarte” hau, erdi-autista bihurtzen ari gara denok, eta kontu honetan zorioneko teknologia hauek zeregin handia dute, nagusia ez esatearren; zibergizarte hau kaka hutsa da. Nik neuk “lubaki digitalaren ” bestekaldean dauden ezjakinei diet inbidia( hau bai ziberhizkera lerdoa!!!), adibidez, zaharrei, autobusean igo eta edozeinekin hizketan egiteko gai direnak ( jende “orekatu” gehienak agure txotxotzat hartzen ditu, edo bakardadetik iheska dabizen gixajotzat….), edo hegoamerikatik etorritako etorkin berbalapiko lasai horiei, horrek bai bizi dirala oraindik “komunikazioaren aroan”, eta ez ordea gu, europear-supermoderno gixajo sasiautista halakuok!! Ba horixe, beste barik, ni saltsa guzti honen aurrean nahiko mesfidatia naiz, Euskalteleko teknokrata faszista diruzale horiek etxean den-denok ordenagailua edukitzea nahi izatea….uff!!! Hori bai,lar koherenteak sekule izan ez garenez, politto entretenitzen gara ziberlelokerixak esaten…

    Reply

Utzi erantzuna Jabi(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude