Lubaki digitala estali gabe

By | 2003/12/21

Iragan astean Genevan izan zen Informazioaren Gizarteari buruzko gailurrak argi utzi zuen herrialde garatuen eta azpigaratuen artean gero eta alde handiagoa dagoela alfabetatze digitalari dagokionez. Herrialde pobreetako ordezkarien esanetan gailurrak ez du emaitzarik izan, erabaki garrantzitsu guztiak 2005eko azaroan Tunisian izango den bilkuraren bigarren parterako utzi baitituzte. Garapen digitalerako diruen bideratzea, software librearen garapena, software patenteen aurkako planteamenduak eta Interneten kontrola NBEren eskuetara pasatzea ziren, besteak beste, herrialde pobreen agendako gaiak.

Eskala txikiagoan eta gure artean honelako gaiak hizpide hartuta egiten diren topaketa gehienak bezala, emaitza argirik ez baina adierazpen handientsuak izan ohi dira itxiera ekitaldian. NBEk deituta, mundu osoko 10.000 ordezkari, 176 herrialdetako 50 estatuburu, 80 ministro eta milaka komunikabide erakarri dituen gailurrak konpondu gabe utzi ditu munduak eremu digitalean dituen arazoak eta lubakia gero eta handiagoa dela argi geratu da, korporazio handien eta gobernuen esku dagoen gai honetan.

Alde batetik, NBEk gizarte zibila gonbidatu du gailurreko eztabaidetan esku har dezan, baina bertaratu ahal izan diren GKEek bigarren mailako gonbidatuak izan direla salatu dute, gobernuak eta korporazio handiak protagonista izan diren bitartean. Argentinako hainbat elkarte zibilek salatu dute hitz egiterik ez dutela izan eta argentinar gobernuaren ordezkaritza telekomunikazio enpresekin lotutako gizonek osatzen zutela.

Egitasmo sendoa eskatzen zuten herrialde pobreek, azpiegitura eta hezkuntza digitalez hornitzeko. Senegalek elkartasun digitaleko fondoa sortzea proposatu zuen, alfabetatze digitaleko proiektuak ordaintzeko, baina AEBek, Japoniak eta Europak ezetz esan dute, horretara bidera daitezkeen bestelako fondoak badirela argudiatuz. Kubak, Ghanak, Zinbawek eta beste herrialde batzuek lubaki digitalaren kontrako neurriak proposatu zituzten baina bakar bat ere ez zen onartu. Azkenik, asmoen deklarazio orokorra baizik ez zen adostu eta 2005rako utzi zuten egitasmo zehatz baten erredakzioa.

Ganorazko erabakiak atzeratzeko aitzaki ederra dute herrialde aberatsek, gailurrak bi zati dituelako, eta Tunisian 2005ean izango den bigarren zatirako utzi dituzte konpromisoak. Gizarte zibilaren salaketa eragin du bigarren zati hori Tunisian egitekoa izateak. Ziberdisidenteak eta kazetari kritiko ugari gartzelan dituen Ben Aliren erregimenak antolatuko du gailurra, turismoari begira herrialde lasai eta erakargarriaren irudia saltzen duen estatu polizialak.

AEBetako ICANN erakundeak kontrolatzen du mundu osoko domeinu izenen banaketa. Elkarte pribatu hori hertsiki lotuta dago Bushen gobernuari eta sarearen antolaketa teknikoa kontrolatzen du, DNS zenbakien eta domeinu izenen banaketa eta domeinu izen berrien sorkuntza bere esku dago. Interneten herrialdeei dagozkien domeinu izenak aktibatzea ere erabakitzen du ICANNek, azken finean, sarean herrialde zein den eta zein ez den. Horregatik NBEk sareko gobernuaren kontrola bereganatu nahi du, ICANNen eskuetatik kenduta. Hori proposatu du gailurrean baina argi geratu da AEBek ez dutela botere horri uko egiteko asmorik eta Europako gobernuek ere nahiago dute kontu horrek orain arte bezala jarraitzea.

Tunisiako gaiaz aparte, adierazpen eta prentsa askatasunaren gaiak ere izan du lekurik gailurrean. RSF erakundearen protestak entzun dira, antolakuntzak nahita gailurrera sartzea eragotzi dielako. RSFren asmoa sarea euren iritziak adierazteko erabili duten ziberdisidenteak gartzelaratzen dituzten gobernuak salatzea zen, Tunisia da euretako bat, baina Txina, Kuba eta beste batzuk ere badaude RSFren zerrendetan. Horiez gain, hainbat GKEk eta globalizazioaren kontrako talde batzuek gailur paraleloa antolatu dute WSIS? We seize! izenburupean. Irrati telematiko baten bidez eta webgune baten bidez zabaldu dute deia, aktibistak, artistak hackerrak eta software librearen aldekoak bilduz eta jardunaldi paraleloak eginez. Indymediak ere jaso du gailurraren eta ekintza paraleloen inguruko informazioa bere Suitzako webgunean.

Software librea eta patenteak mintzagai
Ahotsa apenas altxatzerik izan duten gizarte zibileko erakundeek Software librearen aldeko neurriak hartzea eskatu dute, baina gaia diplomaziaz baztertu dute gailurreko moderatzaileek. Gailurra hasi aurreko egunetan, agiri baten bidez salatu zuten gailurreko eztabaidetatik baztertuak izan direla. Halaber, “neutraltasun teknologikoaren gezurra” salatzeaz gain, komunitateek teknologiaren garapenean esku hartu behar dutela aldarrikatu zuten, software libreari aipamen zuzena eginez. Software patenteek dakarten ezagutzaren pribatizazioa arriskutsua dela salatu zuten. Farmazia industriak patenteen bidez botika batzuk herrialde pobreetan eskuraezin bihurtzen dituen bezala, softwarearen industria handiek garapena oztopatzen dutela salatu zuten gizarte zibileko ordezkariek. Gailurrean esku hartu ahal izan zuen Richard Stallman-ek Linux sistema herrialde pobreetan zabaltzearen beharra azpimarratu zuen, doakoa, eta librea baita. Lehen munduarekiko eta enpresa handiekiko dependentzia desagertzea ahalbidetzen duen eredua, dudarik gabe, software librea da, baina gailurrak ez zion gaiari arreta handirik eskaini, adierazpen ofizialetatik guztiz at geratu baitzen.

Gailurra
www.itu.int/wsis
WSIS? WE SEIZE!
www.geneva03.org
www.geneva03.net
Indymedian
switzerland.indymedia.org

LABURRAK

Ziberkazetaritza weblog-a
Internet eta informatika hizpide duten milaka albiste irakur ditzakegu Aula weblog izeneko blog kolektiboan. Leioako Komunikazio zientzien fakultatean kazetaritza irakasle Gorka Palaziok jarri du abian hau ciberperiodismo.net webgunearen barruan eta jada ikasleek eta internautek idatzitako milaka albiste biltzen ditu. Open Source edo software librea erabiliz egina da Ciberperiodismo.net, Linux sistemaren gainean edukiak kudeatzeko Zope sistema erabiliz.

Aula weblog
www.ciberperiodismo.net/gorka/aulaweblog/

Ibarretxe plana Googlen
Komunikazio kanpainia jarri du abian Interneten Eusko Jaurlaritzak, eta Google bihurtu da kanpainaren erdigunea. Google Adwords publizitatea kontratatu du Eusko Jaurlaritzak, Googleko bilaketetan norbaitek basque, alkartasuna, bakea, autodeterminazioa, Nafarroa, lehendakari eta beste hitz batzuk jarrita, emaitzetan lehendakariaren proposamena jasotzen duen webgunea nabarmendu dadin. Erdarazko domeinu bat baino gehiago hartu dituzte, propuestaibarretxe.com kasu, nuevoestatutodeeuskadi.net webgunera desbideratuz. Horretaz baliatu da jaurlaritza Google bombing modukoa egiteko. Izan ere, lehenengoa Googlen indexatua ageri da webgune normal baten moduan, bigarrena ordaindutako iragarkietan ageri den bitartean.

Ibarretxe
www.propuestaibarretxe.com
www.nuevoestatutodeeuskadi.net

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude