Flickr, gure argazki bilduma baino gehiago

By | 2005/03/24

Nork bere argazkiak sarera igo, ordenatu eta galerietan besteek ikusteko moduan jartzea ahalbidetzen duen zerbitzua da Flickr. Askoz gehiago ere egin daiteke Flickr-en: argazkiei pribatutasun maila ezberdinak ezarri, edonork, gure lagunek edo guk bakarrik ikus ditzagun; argazki biltegi pribatu moduan erabili; RSS moduan publikatu… Gureak eta beste inorenak ere, bertan gordeta egonik, gure bitakoran erakusteko erabil ditzakegu. Bere arrakastaren ondorioa heldu da egunotan, Yahook erosi baitu Flickr zerbitzua. Ikuskizun dago zer gertatuko den berarekin aurrerantzean baina bere milaka erabiltzaileak apur bat arduratuta daude…

Argazki galeriak oso aspaldikoak dira, webgune askotan aurkituko ditugu argazki sortak, orrialde batean neurri txikian agertzen dira makina bat argazki eta bakoitzean klikatuz gero handiago ikusiko ditugu. Hala ere, argazki galeria asko orrialde estatikoak dira eta eskuz eginikoak, HTML lengoaia erabiliz. Argazki bitakorak (hemengoa kasu) edo photoblog-ak ere modan dira aspaldion. Hauek aukera gehiago eskaintzen dute, argitalpen sistema erdiautomatizatua eskaintzen baitute baina argazkiak norlmalki banaka moldatu behar dira sarean ezarri aurretik. Phoneblog edo moblog-ak ere badira, telefono mugikorretik ateratako argazkiak bilduz.

Argazki multzoa era automatikoan egokitu, neurri ezberdinetan moldatu eta argazki galeria sortzen duen web zerbitzua aurkeztu zuten iaz. Flickr zerbitzu kanadiarrak, gainera, argazkiok ostatatzeko lekua ematen digu bere zerbitzarietan eta gu ez gara ia ezertaz arduratu behar, argazkiak egiteaz ez bada. Behin behineko beta bertsioan dago oraindik zerbitzua, baina oso ezaugarri interesgarriak gehitu dizkiote eta dagoeneko bonba bilakatu da, erabiltzaileek eurek egin dioten publizitateari esker soilik.

Blogista edo blogger-en kolektiboa izan da Flickr gehien erabili duena hasieran eta haren aldeko iritzia sarean hedatu duena. Izan ere, dagoeneko gure bitakoran argazkiak erakusteko ez da beharrezkoa berauek gure zerbitzarian gordeta edukitzea. Lasai asko gorde daitezke Flickr-en eta gure blogean erakutsi. Horretarako, gainera erraztasunak ematen dizkigu Flickr-ek, blogean jarri beharreko etiketak berak sortuz. Bitakorak egiteko programa ezagun gehienetarako prestatua dago Flickr eta, gainera telefono mugikorra edo posta elektronikoa erabiliz igo ditzakegu gure Flickr kontura, gauden lekuan gaudela. Edonon eskuratzeko moduko argazki bildumak sor ditzakegu eta argazkiak manipulatzeko beste makina bat aukera eskaintzen du Flickr-ek: guk edo bisitariek iruzkinak egin ditzakegu argazkien inguruan, zati bat aukeratu eta horri buruzko iruzkinak egin daitezke…

Argazki bakoitzaren pribatutasun maila guk erabakitzen dugu, baina dagoeneko Flickr-en dauden 5 milioi argazkietatik %80 publikoak dira. Lagun askok, gainera, Creative Commons banaketa libreko lizentziak ezartzen dizkiete euren Flickr-eko argazkiei. Hori, argazki bakoitzak beronen ezaugarriak definitzen dituen tag edo etiketak kontutan hartuz eta RSS bidezko harpidetzak erabiliz ekarri du munduko argazkitegi librerik handiena eta erabilgarriena.

Modan dauden joera bi erabiltzen ditu Flickr-ek, argazkiak gordetzeaz eta argazki galeriak automatikoki sortzeko zerbitzuaz gain: sare sozialak eta RSSak. Interneteko sare sozialak, inoiz aipatu ditugun Orkut eta Friendster zerbitzuak kasu, gure moduko jendea topatzeko zerbitzuak dira, lagunekin kontaktuan egoteko balio dute eta interes jakin batzuen inguruan jendea biltzeko. Baina Orkut-en iazko eztandaren ostean nabarmen geratu da moda hutsa baino askoz gehiago ez zegoela sare horien atzean.

Aldiz, ezaugarriak konbinatzea eta zerbitzu hibridoak, norberaren gustora moldagarriak direla arrakasta dutenak. Irekitasuna eta informazioaren moldagarritasuna ere oso inportanteak dira eta ezaugarri horiek ditu Flickr-ek. Irekia da bere APIa publikoa delako. Nolabait programaren funtzionamendua nolakoa den publiko egin du Flickr-ek, programatzaile askori Flickr-ekin erabiltzeko aplikazioak garatzeko aukera emanez. Horrela, Flickr Rainbow bezalako web zerbitzuak sortu dira, argazki mordoa mosaiko moduan erabiliz koloreen etiketak dituzten argazkiak bilduz ortzadarra sortzen duena.

Aste honetan Flickr-en blog ofizialean ezagutzera eman dutenez, Yahook erosi du Flickr zerbitzua. Yahooren aurrerapauso edo pieza mugimendu moduan uler daiteke Flickr erostea, Googlerekin, Microsoftekin eta beste lehiakideekin jokatzen ari den xake partidan, baina erabiltzaileak oraingo zerbitzuaren ezaugarriak aldatuko diren beldur dira. Lasaitzeko deia egin dute Flickr-ekoek, Yahoon izena ematea beharrezkoa izango ez del esanez. Dagoeneko Yahook erabiltzen duen Yahoo Photos hobetuko ei da honen ondorioz baina Flickr-ena ez da aldatuko. Aspaldion argazkiena blog-ekin eta beste hainbat baliabiderekin uztartuko duen Yahoo 360º izeneko zerbitzuaren probak egiten ari dira eta seguruenik erosketa honek izango du eraginik zerbitzuaren behin-betiko bertsioaren egituratzean.

LABURRAK

Lurrikaren berri izateko
Pubsub zerbitzuak lurrikaren berri RSS bidez ematen duen zerbitzua jarri du abian. Edozein feed irakurgailutan irakur daitezke berehala lurrikaren abisuak, RSS jarioa sismologia zentruekin konektaturik dagoelako. Abisua jaso nahi dugun herrialdea aukeratzen dugu eta automatikoki jasoko dugu lurrikaren berri. Telefono mugikorretan RSSak hedatzen direnean baliabide ona izango da itsasikara arriskua duten eskualdeetan. RSS formatuak izan dezakeen erabilera mordoaren beste adibide bat baino ez da hau, beste batzuk ere aurkituko ditugu hemen, hegaldien atzerapenen informazioa kasu.

Hautagaien blogak
Bi hautagaik AEBetatik datozen joerak bereganatu eta euren hauteskunde kanpainietarako webguneetan bitakorak zabaldu dituzte. Maria San Gilek zabaldu zuen berea iragan astean, Carlos Urquijok idazten duena eta EAJ-EAk atzo aurkeztu zuen ibarretxe.com, bere baitan webmasterrak idatzitako bitakora bi dituena: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Hauteskundeekin eta sarearekin lotutako kontu asko aurkituko ditugu egunotan eleccionesvascas.com bitakoran.

Postontzi handiagoak
Iaz hasi zen GMail zerbitzua Gigabyte bateko lekua eskaintzen bere postontzietan. Hala ere, izena emateko, dagoeneko erabiltzailea den norbaiten gonbidapena izatea ezinbestekoa izan da orain arte. Apirilaren 1etik aurrera, ordea, edonork eman ahal izango du izena GMail erabiltzeko. Iragarpen horrek Yahoo lehiakidearen erreakzioa ekarri du, apirila amaieratik aurrera bere postontzien ahalmena 250 Megabytetik Giga batera igoko duela iragarri baitu. Momentuz Microsoft-ek ez du arlo honetan inolako mugimendurik egin eta Hotmail kontu arrunten 2 Megabyteko ahalmen eskasa geratzen ari da agerian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude