2004ak sarean eman duena

By | 2004/12/30

Urtearen bukaera heltzean, 2004 honen bilana egiteko garaia da, aurten nabarmendu diren joera eta fenomenoak aztertzeko. Dudarik gabe, bitakoren urtea izan da hau euskaldunoi fenomenoa pixkat atzeratuta heldu zaigulako, baina sarean eta teknologia berrien arloan zeresana eman duten beste batzuk ere aipatuko ditugu: RSS irakurgailuak, Gmail, sare sozialak, truke sareak, spam-aren zein birusen bilakaera, software librearen hedapena…

Bitakora edo blog-en aurtengo hazkundea izugarria izan da. Edizio sistema automatizatuei lotutako bitakora pertsonalak, enpresenak eta hedabideenak agertu dira. Fenomenoak forma asko hartu ditu eta, bitakora pertsonalak ezezik, enpresenak eta hedabideenak ikusten hasi gara. Blogosfera aberatsa sortu da, informazioa prozesatzen duten ehunka erreferente eraginkor eta indibidualek osatua, hainbat gaitan hedabide tradizionalei erreferentzialtasuna kendu dieten berri emaleen eskutik. Bitakora pertsonal batzuek milaka bisitari dituzte dagoeneko, jendeak pertsona horiengan konfidantza duelako eta kontatuko edo aholkatuko dienaz fidatuko dira.

Urtebeteko atzerapenaz, baina euskarazko bitakoren urtea izan da 2004 hau, Faroa, Filoblogia, Etnomet, Prospektiba, Ingelesen Hilerria, Etiam, Gaztelumendi eta beste hainbat sortu direlako. Unibertsitateetan ere, tresna honek irakaskuntzarako dituen beste aplikazio batzuk agerian geratu dira. EHUko Gorka Palazio edo Deustuko Joseba Abaitua irakasleen ekimenei esker ikasleek, bakoitzak bere bitakora sor dezakete eta eskolako lanak egiteko era berria sortu da honela. Oraindik gutxi dira, hala ere, euskarazko bitakorak eta inoiz ez da helduko masa fenomenoa izatera, Interneten gabiltzan euskaldunok ez garelako masa eta horien artean euskarazko bitakoretan gabiltzanak oso talde teknofiloa baina txikia garelako.

Blogosferaren eraginez garatu dira, halaber, RSS feed edo jarioen erabilera egiten duten zerbitzuak eta programak. Bitakorak informazioari itxura eta aurkezpen ezberdinak hartzea ahalbidetzen dion XML formatoan argitaratzen dira. Horregatik albisteak, bitakoraren webgunean ezezik, Bloglines moduko zerbitzuen bidez irakur daitezke ere.

Posta elektronikoaren krisia eta gainbehera ere nabarmendu behar da urteko arazoen artean. Horren errudunak spam-a eta birusak izan dira, urte hasieran izugarri hedatu direnak. Azken hilabeteotan birusen hedapena moteldu bada ere, spam-ak gorantz jarraitzen du, jartzen zaizkion oztopoak gaindituz. Ondorioz, sareko baliabide nagusia izatetik hilzorian egoteraino igaro da e-posta, erabiltzaile askori mesede baino traba egiten baitio ehunka mezuren artean alea eta lastoa bereizten ibili beharrak, benetako mezu gutxi batzuk jasotzeko.

Zabor mezuen oldarra moteltzeko atera diren legeek ez dituzte spamerrak ikaratu, haien zerbitzariak blokatzeak kaltea ekarri du, errugabeak ere blokatuta geratu baitira. Erabiltzaileen esku geratu da neurriak jartzea, baina erabiltzaile askoren ezjakintasunagatik milaka helbide pertsonal heltzen dira egunero spamerren eskuetara.

Hala, alternatiba aurkitu dute batzuek RSS feed edo jarioen bidezko komunikazioan. Banaketa zerrendak krisian daude, e-postaz baino erosoagoa baita oharrak zein albisteak feed irakurgailuen bidez hedatzea eta jasotzea, birusik gabe gainera.

Anekdotikoagoak begitatzen zaizkit urteko beste fenomeno batzuk, Friendster edo Orkut gisako sare sozialena kasu. Googleren posta zerbitzu berriak oihartzuna izan du, bere Gigabyte bateko ahalmenagatik, pribatutasunaren inguruko polemikagatik eta zerbitzua eskuratzeko erabiltzaile baten gonbidapena ezinbestekoa izateagatik, horrek ematen dion esklusibitate itxurarekin. Gainontzean, postaren gainbeheraren testuinguruan atera da Gmail eta interesgarria da lehiakideak mugiarazi dituela ikustea, besteek berehala igo baitute euren postontzien ahalmena. Google burtsara ateratzeak ere zalaparta sortu zuen hasieran, baina egun nahiko ahaztuta dago, fenomeno mediatikoa izateari utzi dion neurrian.

Industriaren salaketen, epaien eta lege berrien gainetik, trukerako P2P sareek hazten jarraitu dute, konexioen abiaduraren eta ADSLen kopuruaren emendatzeak lagunduta. BitTorrent-en erabilera moteldu bada ere, gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu eMule eta haren aldaerak musika eta, azken aldion batez ere filmak jaisteko.

Software librearen presentziak hazten jarraitu du baina ez espero zen abiaduran eta hedaduran. Administrazio askok sofware librearen aldeko aldarrikapenak egin arren, praktikan oztopoak jarri zaizkio eta Windows moduko jabedun sistemak menperatzea eskatzen da oraindik lan publikoetan aritzeko, EAEko administrazioak Microsoft-en produktuak erosten jarraitzen du alternatiba libreak baztertuta eta Espainiako Gizarte Segurantzaren RED sistema erabiltzeko Windows edukitzea ezinbestekoa da.

Hala ere, Bill Gatesentzat ez da urte ona izan, software libreak merkatu zati handia kendu diolako hainbat arlotan. Horietariko bat nabigatzaileen lehia dugu, berak Explorer bi urtez eguneratu ez duen bitartean, Firefox programa atera berriak aurrea hartu dio ahalmenari, segurtasunari eta abiadurari dagokienez. Urte bukaeran teknologia arloko albiste nagusia bihurtu da dagoeneko milioi bat pasatxo erabiltzaile ditu Firefoxek.

Urteak emandako kontu gehiago aipa genitzake, baina hauekin geratuko gara momentuz, datorren astean 2005ak emango dituenen aurrerapen modukoa egiten ausartuko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude