Eduki legalak topa eta eskuratzeko

By | 2005/03/31

Gero eta lagun gehiagok bilatzen ditu Interneten eduki libreak. Horrelako bideoak, testuak, audio artxiboak eta irudiak legezko eran parteka daitezke arazorik gabe eta aurrerantzean errazagoa izango zaigu horiek aurkitzea eta besteen esku jartzea: Googleri kontraeraso gogorra egiten ari zaion Yahook, horiei dedikatutako bilatzaile berezia jarri du martxan; Flickr-ek argazki libreak topatzeko eta erabiltzeko aukera ematen du, inoiz horrelako materialekin egin den agiritegirik handiena osatuz; Ourmedia proiektuak edonori bere banaketa libreko bideoak bertan eskegitzeko zerbitzua ematen dio doan…

Nor bere sorkuntza lanaren (irudiak, testuak, bideoak, audio artxiboak) kopiatzeko baldintzak ezartzeko gai da, bera baita jabea. Eskubide guztiak gorderik daudela adierazten duen betiko Copyright-etik hasi eta erabateko banaketa eta eraldaketa librea baimentzen duen GNU Free Documentation License (GFDL) copyleft lizentziaraino, nor bere lanen banaketarako eskubideak ezartzeko gai da, tartean dauden some rights reserved erako lizentzien bidez. Azken hauen artean kokatzen dira arrakasta handiz hedatzen ari diren Creative Commons lizentzia moldagarriak. Banaketa libreko lizentziak dituzten materialak gero eta gehiago dira eta gero eta jende gehiago jakitun da Interneten jakintza eta sorkuntza lanak elkarbanatzeak dituen abantailez.

Creative Commons lizentziak Copyright-ak ezartzen dituen muga estuak gainditzeko sortu ziren, ez diote gure lanari erabateko askatasuna ematen, gurea izaten jarraituko du eta hala aitortu beharko dute erabiltzen dutenek, baina edonori guk sortutakoa erabiltzeko aukera ematen dio, erabilpen horretarako baldintzak ezarriz. CC hizkiekin identifikatzen da Creative Commons lizentziak dituen materiala, Copyright-aren C bakarraren ondoan. CC irabazi asmorik gabeko abokatu taldea da, lizentzia horiek erabil ditzagun sortu dituena. Lizentzia horien arabera materiala kopia daiteke, baina egileak bere sorkuntza lan digitalekin jendeak zer egiteko eskubidea edukiko duen ezartzen du, aukera ezberdinen artean. Esaterako, gure lizentzietan zehaztu dezakegu inork ezin izango duela gure lana berregin, beste bat egiteko gurearen zatiak erabiliz, edo erabateko baimena duela nahi duena egiteko, erabilera komertziala barne, jatorrizkoaren egiletza aitortzen duen bitartean… Neurrira eginiko lizentzia mordoa aurkituko dugu CCren webgunean.

Banaketa libreko gaiak aurkitzeko bilatzailea ezarri dute CCren webgunean, lan horiek guztiak legerik hautsi gabe erabil ditzagun. Horrelako lizentziak dituen materialen garrantzia eta kopurua gero eta handiagoa da, horregatik Yahook bilatzaile berezia zabaldu du CC lizentziak dituzten lanen artean bilaketak egiteko. Iragan astean aipatu genuen Flickr zerbitzuak ere horrelako lizentziekin markatutako argazkien artean bilaketa egiteko aukera ematen du, inoizko argazkien artxibo librerik handiena osatuz. Bestalde, Interneteko gordailu digitala egiteko asmoa duen archive.org proeiktuari lotutako ourmedia.org zerbitzuak internauten sorkuntza lanak ostatatzeko doako aukera ematen du, bideoklip handiak barne. Proiektuko partaideen artean CC eta Wikipedia ere badira, lanok banaketa librekoak izan daitezen bultzatu nahi baitute.

Bitxia eta interesgarria da Yahook azken hilabeteotan hartu duen norabidea, Google lehiakidearen aurkako kontraerasoan eta bere azken urratsak estrategia orokorrago baten baitan kokatzen direla dirudi. Flickr erosi du, egunotan bilatzaile hau atera dute eta, asteon, itxuraz zerbitzu horiek eta beste batzuk uztartuko dituen Yahoo 360 zerbitzu berriaren beta fasea atera dute dagoeneko.

ADSL 2+ azkarragoa dator

ADSL zerbitzua izan da azken urteotan banda zabala bulego eta etxe askotara hedatzea ahalbidetu duen teknologia miragarria. Kablea baino eraginkorragoa izan daitekeela frogatu du, lubakirik eta instalazio berezirik egin gabe, betiko telefono linearen kobrezko hari parea erabiliz. Azken bost urteotan izugarri emendatu da ADSL konexioen kopurua eta dagoeneko modem bidez egiten direnei aurrea hartu diete.

Hala ere, teknologia honek azken urteotan egin du aurrerapausorik eta laster somatuko dugu gure konexioetan. Egungo ADSL zerbitzuak baino abiadura handiagoak hartzen dituen komunikazio protokoloak onartu berri dituzte, ADSL 2 eta ADSL 2+ izenekoak. Aurreko komunikazio protokoloaren hobekuntzak dira, ez teknologia berriak, horregatik batzuetan ez dute eskatuko aparailu berririk erabiltzea, egungoei protokolo berria ezartzea baino. Abiadura segunduko 20 Megabit-eraino igotzea ahalbidetzen du ADSL 2+ protokoloak, egungoak 8 Megabit-eko muga duen bitartean.

ADSL konexioen abiaduran gorabehera asko izaten dira, telefono zentralarekiko distantziak ezartzen baitu muga. Hiri barneetan muga horietatik hurbilago ibiltzen dira konexioak, baina herrietan eta nekazal eremuetan distantziak handiagoak izan ohi direnez, ez dira 512 Kbps-etik gorakoak izaten eta zentralitatik 5 kilometro baino gehiagora ezin da ADSLrik ezarri. Protokolo berriek muga horiek %10 luzatuko dituzte, konexioa leku urrunagoetara helaraziz.

Baina indarrean dauden konexio arruntak egungo muga teorikoen azpitik dabiltza, estatuek ezartzen dituztelako eta enpresa gehienek derrigorrez tokian tokiko konexioak kontrolatzen dituzten lehengo monopolioen sarea erabili behar dutelako. Hegoaldean, esaterako Jazztelek duen Megabit bateko ADSL eskaintzak soilik balio du enpresak berak zentrala duen inguruetarako. Konexioa Telefonicak ematen duen guneetan, gune gehienetan, haren zentraletik igaro behar da seinalea eta haren zerbitzua erabiltzera derrigortuta daude beste telekomunikazio enpresak. Gauza bera gertazen da Frantzian: free.fr enpresak dagoeneko 20 Megabiterainoko abiadura eskaintzen du hilean 30 euroren truke, telebista digitala eta telefono deiak barne duen ADSL 2+ zerbitzua. Iparraldean, hala ere, hegoaldean dagoen arazo bera dute, momentuz hiri handien erdiguneetan zabalduta baitago soilik eta Baionako hiri barnean ere oraindik ez dute ezarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude