Gaur, arratsaldeko 16:05etan Mexikoko parlamentuak bere jarduna eten du eta presidenteak albistea eman du: Aita Santua hil dela iragarri du eta minutu bateko isilunea egin dute bertan. Hau idazteko unean, hala ere, hilzorian baina bizirik dago oraindik Carol Woitila jauna, Espainiako El Mundok, Ruini kardenalaren hitzak jasota El Papa ya ve y toca al Señor dioen arren. Horrelako titularrekin normala da nahasteak gertatzea. Bestalde, badakizue gaur zer ospatzen den, ezta?
Beste batzuek ere atera dute hozkailutik harako albistea (barka nekrofiloa ematen badu, baina horrela egin ohi dute kazetariek, albistea erdi idatzita utzi), behar baino lehen atera ere. Zerikusia izango ote du gaurko broma astunak egiteko ohiturak? Akaso bai, baina eraginkorragoa litzateke benetan hilzorian ez balego. Bestalde, zertarako hainbeste ardura? Kiniela guztien arabera ondorengoa Opusekoa eta ultrakontserbadorea izango da, honen modukoa.
Arduratzen nauena gure euskara maite, orbange eta santujalea da, beste hizkuntzetan Papa, Pope eta antzekoak erabiltzen diren bitartean, guk “Aita Santua” esan behar dugu, ateoak izanda ere santutasuna eta aitatasuna aitortu behar diogu Erromako gotzaiari. Beste erligio testuinguru batzuetan umorez aztertu dute Da Holy Fadda delako honen gaixotasunarena.