Ordenagailua edo bestelako tramankulu bereziak erabiliz seinalea digitalizatu eta Interneten bidez bidalita komunikatzeko teknologiari IP ahotsa esaten zaio. Oraintsu arte ez da erabiltzaile arrunten artean hedatu, garapen fasean egonik, komunikazio kaxkarra lortzen zelako. Hala ere, berriki agertutako Skype programak kalitate oneko komunikazioa lortu du eta doakoa da. Gainera, berehalako mezularitza programek dituzten ezaugarri batzuk ere baditu: testu bidezko berriketa, solaskideari artxiboak bidaltzeko aukera, uneoro kontaktuak online dauden jakitekoa… Telefono normaletara ere deitzeko aukera damaigu, oso tarifa merkeekin.
Gero eta euskal internauta gehiagok erabiltzen dute Skype programa. Teknofilo eta blogariak izan dira lehenengoak, baina egunetik egunera gero eta gehiago dira programa erabiltzen dutenak, munduan 24 milioi lagun inguru. Horien artean euskaldunak aurkitzea ez da zaila, nahikoa da erabiltzaileen bilaketa formularioan izenik jarri gabe Basque hizkuntza aukeratzea eta euren profilean euskara aukeratuta daukatenak erakutsiko dizkigu programak.
Lagunekin ezezik bezero eta lankideekin ere komunikatzeko primerako tresna izan daiteke Skype. Codesyntax enpresako Eneko Astigarragak Skype erabiliz baieztatu digunez: “Bezero batzuekin komunikatzeko erabiltzen dugu eta primeran dabil. Gure inguruko dendetan agortu dira mikrofonodun kaskoak”. Goienako kazetari batzuek ere erabiltzen dute euren arteko komunikazioetarako. Izan ere, enpresa barruko komunikazioetarako primerako tresna da, delegazioen artean batik bat. Langile bakoitzak bere ordenagailuan Skype ezarrita badauka, Bilboko Urliak Gasteizko Sandiari deitzen dio eta txirrina zuzenean hasten zaio jotzen hari bere makinan. Telefono fakturan diru dexente aurreratu daiteke, komunikazioa erabat doakoa izanik eta, gainera, lankide jakin horrengana doa zuzenean deia, bitartekaririk behar izan gabe. Demagun, gainera, horiek biak hitz egiten ari direla eta nahi dutela Iru�eko Berendia ere solasaldian sartu, haren iritzia jakiteko. Bakoitza dagoen tokitik, bost lagun sar daitezke mahainguru telematiko batean arazorik gabe.
Ordenagailutik telefono arruntetara deitzeko aukera ere ematen du Skypek, Skypeout zerbitzua. Oso tarifa merkeekin egin daitezke deiak kalitate onarekin. Esaterako, AEBetako, Europako edo Australiako telefono batera deitzea 1,7 zentimo kostako zaigu minutuko. Ordenagailutik ordenagailura ere bikain entzuten da, distantziak gorabehera, Lesakarekin eta Melbournerekin eginiko solasaldiek frogatu digutenez. Duela bi aste irratia.com irratsaioan Milwaukeen ikasle dabilen Jon Larrañaga blogista euskaldunarekin Skype bidezko lehenengo elkarrizketa entzun ahal izan zen arazorik gabe.
Egia esan, orain arte, IP bidezko telefono zerbitzuek ez dute lortu masiboak bihurtzea, baina Skypek baliabideen konbinaketa eta publizitate estrategia egokia lortu dituela dirudi oraingoan. Gainera, adituek aurtengoan baietz diote, banda zabalaren ugalketari esker 2005 IP ahotsaren urtea bihur daitekeela. Konexio ona izateak ahotsa garbi eta azkar garraiatzea ahalbidetzen du eta etxebizitza askotan ADSL edo kable zerbitzua dute dagoeneko.
Interesgarriak dira gai honen inguruan Herme Garciak bere bitakoran plazaratzen dituen albisteak eta iritziak, baina ez da ahaztu behar bera IP ahotsa eskaintzen duen enpresa bateko kidea dela. Peoplecall duela urte batzuk agertu zen, indar handiz, baina askoz baliabide gutxiago eskaintzen du bere zerbitzuak, ordainduzkoa da eta, orduan bederen, ez zituen lortzen kalitate eta abiadura onargarriak. Berak dioenez, Skypek ez du aparteko meriturik egin beste Google edo eBay bat bilakatzeko: “P2P trukea Napster-ek asmatu zuen, berehalako mezularitza ICQk eta IP telefonoa Net2Phone-k”. Egia da, baina hiruron ezaugarriak ondo uztartzea eta tramankuluak ondo funtzionatzea da gakoa. Skyperen ezaugarri berri eta interesgarriena, hiru zerbitzuok biltzeaz gain, ahotsa garden eta azkar garraiatzea da, enkriptaturik gainera. Doan eskura daiteke skype.com webgunean eta sistema anitzetan erabil daiteke: Windows, Linux zein Mac OS X.
Dagoeneko sortu dira honen inguruko albistegi eta blog independienteak, skypejournal.com esaterako, gai honek zeresana emango duelako. Ikusiko dugu zein den telekomunikazio enpresen erantzuna, euren negozio eredua zalantzan jarriko baitu honek. Skypeko sortzaile Niklas Zennstr�m-ek Kazaa sortu zuen lehenago eta, berak dioenez, telekoek disketxeen argudio berak ezin izango dituzte erabili haren kontra egiteko: “Kazaarekin egile eskubideak eta jabego intelektuala bortxatzen genituela esaten zuten. Skyperekin, berriz, ez da hori gertatzen. Edonor libre da berba egiteko eta ez dago elkarrizketa baten gaineko jabegorik”.
P.D. Mikel Larreategik Skyperi buruz idatzi zuen atzo bere blogean. Beste aipamen batzuk aurkituko ditugu Faroan, Julen Gabiriaren bitakoran eta Sustatun.
LABURRAK
Orreagatik Bilbora
Iragan astean Orreagan abiatutako Korrika 14 igandean helduko da Bilbora. Azken kilometroen jarraipena egingo du zuzenean Bilbo Hiria irratiak, seinalea Internetetik ere igorriz. Korrikaren webgunean, berriz, lasterketaren inguruko informazio guztia jaso daiteke, ibilbidea, albisteak, kultura agenda, ziberkorrika… Korrikaren kanta eta bideoa ere eskura daitezke bertan. Patxi Gaztelumendi kazetaria ere bitakora egiten ari da Korrikatik, egunean eguneko kronika propio horretarako sortutako bitakora batean idatziz.
Blogak Goienan
Joxe Aranzabalen Faroa bere domeinura mugitu zutenez gero beste blog batzuk zabaldu dira Goiena.net aldizkariak blogak ostatatzeko jarri duen zerbitzuan. Mikel Irizarrek bere Piperrautsa zabaldu du, Leire Kortabarriak Arrosak Latan, Edu Mendibilek Mathiasen kopilotua, Goio Aranak Superbai eta Antonio Zabalak Zinema izenekoa. Momentuz, bertako blogista gehienak kazetariak dira edo Goienako kolaboratzaileak.
Patenteak onartuta
Software patenteen gaineko araudia onartu zuten iragan astean Europar Batasuneko industria eta energia ministroek, eztabaidarik gabe eta parlamentuak eskatutakoari muzin eginez. Erabiltzaileen elkarte askok erabakia legez kontrakotzat hartu dute, arau honek egun indarrean dagoen softwaren erdia pirata bihur lezakeela salatzeaz gain. Atsekabeturik hartu du albistea software librearen inguruko komunitateak, softwarearen hedapenari, hobekuntzari eta erabilpenari mugak jartzeak dakarren atzerapenaz jakitun, patenteak onar ez daitezen ikaragarrizko lana egin baitute linuxzaleek.