Enkanteak Interneten egiten dituen enpresa aitzindaria dugu eBay, 1995an sortua, puntucom enpresen eztandatik bizirik irtendako bakanetarikoa. Are gehiago, eBay irabaziak dituztenen artean dago eta aurten Wired aldizkariak atera ohi duen Interneteko 40 enpresen sailkapenean 5. lekuan ageri da. Bere zerbitzuak sekula erabili ez ditugunoi zaila egiten zaigu arrakasta hori ulertzea, baina horrela dela berresten dute zenbakiek.
Abian jarri zenetik 2.250 milioi artikulu saldu izan dira webgune honen bidez. Aurtengo lehenengo hiruhilekoan 325 milioi gauza eskaini ziren bertan, gehienak enkantean eskaintzen dira, egun artikuluen %28 salneurri finkoan saltzen diren arren. Egunero 700 milioi bisita inguru izan ohi ditu eBayren webguneak eta 21 milioi artikulu inguru izaten dira salgai, arloka sailkatuak. Zazpi hizkuntzatan dagoen webgune honetako produktuak mundu osoan saltzen dira eta enkantean Auckland-eko batekin lehia daiteke Amoroko erosle bat Patagoniako beste internauta batek eskaintzen duen benetako kamikaze jantzi batengatik.
Ekaineko zenbakian Wired aldizkari ospetsuak 40 Companies driving the global economy sailkapena argitaratu zuen, urtero egiten duen enpresa digital interesgarri eta boteretsuen sailkapena. Bertan eBay 5. lekuan ageri zen: “fenomeno kultural bilakatutako enkante gunea baino, eBay ekonomia bat da berez. Aurten 30.000 milioi dolarreko balioa duten gauzak salduko dira haren bidez. Honek eBay munduko 81. ekonomia bihurtuko du, Kuwait edo El Salvador-en aurretik. Atal jakin bat, autoak saltzen dituen eBay Motors, enpresan diru gehien mugiarazten duena da, 7.500 milioi dolar iaz. Aurtengo lehenengo hiruhilekoan 628 milioi euro fakturatu ditu, iazko tarte berean baino %59 gehiago. Orotara, mundu osoan 105 milioi erabiltzaile erregistratuta dituen zerbitzu honetan 2.500 milioi euroko irabazi gordinak izatea espero dute aurten, iaz aurreikusia zegoena baino dexente gehiago.
Mundu osoan hedatua dago eBay eta tokian tokiko bertsioak ditu, tartean Frantziakoa eta Espainiakoa. Normalean tokian tokiko herrialdea adierazten duen domeinuarekin aurkituko dugu, Frantziako ebay.fr kasu, baina Espainiako kasuan ezin izan du ebay.es erabili, dagoeneko domeinu hori hartua baitzuen kremailerak egiten dituen Igorreko enpresa txiki batek.
Hala ere, bada eBayren dizdira iluntzen duen itzalik. Iruzurrena oso arazo garrantzitsua da eta oso sarri gertatzen da, eBayk ez baitu bezeroak babesteko ganorazko neurririk hartzen. Berriki, Randall Stross-ek New York Times-en idatzitako artikuluan argudiatzen zuen eBayk asko daukala ikasteko 1900. urtean katalogo bidez saltzen zuen Sears enpresatik. Bezeroaren atsegina zen Sears-en helburua eta horregatik hartzen zuen bere gain itzulketaren kostua, erositakoa gustatu ezik. Aldiz, bere burua bitartekari huts moduan aurkezten duen eBayk ez du ardurarik hartuko arazorik egonez gero. Aurrerakuntza ederra! Askotan entzuten da saltzaileak erosleari hitzartutakoa bidali ez diola eta, batez ere beste herrialde batean egonez gero, oso nekeza da salaketa eta abokatu kontuetan sartzea. Beraz, bi bider pentsatu beharko dugu gauza bat erosi aurretik, batez ere balio gutxikoa ez bada.
Patenteen aurka
Iragan ekainaren 5ean Bilboko erdiguneko zenbait lekutan ohar bitxiak agertu ziren, kaleko semaforoak eta bidegurutzeak patentatuz, telefono kabinak eta kalean erabili ohi diren zenbait tresna sinbolikoki patentatuz aktibista ezezagun batzuek gure bizitzan ohikoak diren zenbait gauza patentatzearen absurdoa utzi nahi zuten agerian, softwarea patentatzeak beronen garapenerako dakarren galga salatzeko. Euren burua enpresari gazte moduan azalduz eta “Europako Kontseiluak onartu berri duen lege proiektuaz jakitun”, euren enpresa proiektua abian jarri dute sinbolikoki gauza horiek patentatuz. Euren adierazpenen arabera, gazte horiek “ez dute abokatuengana jotzeko aukera baztertzen, herritarrei erregistratu berri dituzten patente horien erabileragatik ordainarazteko”.
Ekintzaren ostean Indymedia EHn jarri zuten agirian azaldu zituzten euren ekintzaren arrazoiak eta euren Europatentes webgunerako lotura jarri zuten. Bertan, Microsoft-en webgunearen parodia egiten duen bertsio itxuraldatua aurkituko dugu. Gogorarazi beharra dago berriki Microsoftek klik bikoitza patentatu duela eta hori ez da txantxa bat. Oraclek ere, blog edo bitakorak patentatu dituela dio eta horrelako jarreren beste hainbat adibide daude Europatentes webgunean. SGAE ere badago euren arerioen artean, besteak beste, tabernetako jabeei musika ipintzeagatik ordainarazi nahi izateagatik. Patentes actuales atalean dagoeneko taldekideek patentatu dituzten gauzak ageri dira, baina gogoratu behar dugu erabili nahi izanez gero ordaindu beharko diegula.
Softwarearen gaineko patenteen aurkako mugimendua hazten ari da munduan eta horren erakusle da fightthepatent.com, patenteak direla eta bere proiektua beste enpresa baten salaketak geldiarazi zuen enpresari baten protesta webgunea.
LABURRAK
Albisteak euskaraz
Teknologiari buruzko online albistegia aurkitu dugu sarean. Zoperen gainean egindago Tknika webgunean euskarazko albisteak biltzen dituzte. Eusko Jaurlaritzak sustatutako Lanbide Heziketaren berriztapenerako zentroa dugu Tknika, lanbide heziketan gauzatzeko xedez, azken joeren eta aurkikuntzen atzetik dabilena. Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) garapena, berrikuntza kudeaketan, prestakuntzaren kudeaketa edo teleikasketen aplikazioa dira Errenterian dagoen ikerketa gune honen jarduera nagusiak. Albistegian Interneten sortutako berriak agertzen dira, batez ere hezkuntza, zientzia eta teknologia hizpide dutenak.
Soft librea eskuratzeko
Windowserako dagoen software librea bildu eta saretik eskura daitekeen CD batean jartzen du aldiro Valentziako Bartolome Sintes irakasleak CDlibre webgunean. Unibertsitateko zerbitzarietan jartzen ditu CD horien .iso artxiboak eta Internautek horiek jaitsi behar dituzte euren ordenagailuetara, ostean CDra pasatzeko. Horretarako ezinbestekoa da CD grabagailua eta banda zabaleko konexioa edukitzea, artxibook 600 Megabyte ingurukoak direlako. Diskoen edukia hilabetero berrizten du Sintesek, OpenOffice.org, XnView, Mozilla, Thunderbird, Firefox, Apache, Gaim eta beste programa askoren azken bertsioak gehituz.
Euskal filoblogia
Euskararen eta hizkuntzalaritzaren inguruko blog berria sortu da, Filoblogia izenburukoa. EHUko Ricardo Gomez euskal filologia irakasleak ezarri du sarean Blogspot doako zerbitzua erabiliz. Bitakora hau, ikasleentzat eta adituentzat ezezik, filologia adituak ez direnentzat ere erakargarria izan daitekeela uste du egileak.