Lehengo egunean Luistxok, berak irakurritako albiste baten harira salatu zuenez, albiste hartan hizkuntzak ahaztea ikasketa-erritmo onaren seinale moduan aipatzea “betiko eskola etnozidaren” goraipamena egitea dela. Guztiz ados, bere pentsakera etnozentristak salatzen ditu asko hemen, erdaldunak batez ere, baina baita euskaldun konplexudunen bat ere, tarteka. Hala ere, beste kontu batek ere piztu zuen nire arreta, DJola edo Diola hizkuntza dialektotzat hartzea. Albisteak honela zioen:
El buen ritmo que Mame había logrado alcanzar en el colegio desde su llegada en 2º de Primaria, que le había hecho olvidar casi el francés, el yola (dialecto senegalés) y el poco wolof (lengua oficial que habla el 80% de la población) que sabía…
Kontua da Diola hizkuntza dela, ez dialektoa. Julen Gabiriak ere horri erreparatu dio eta bere bitakoran, Luistxoren aipamena irakurrita, handiak duen txikiaren, ezdeusaren irudiaz gogoeta egin du Galeanoren testu bat ekarrita. Haren arabera ezdeusak, besteak beste, zera dira:
Ez dira, izan arren.
Ez dute hizkuntzarik, dialektoak baizik.
Ez dute erlijiorik, superstizioak baizik.
Ez dute arterik, artisautza baizik.
Ez dute kulturarik, folklorea baizik.(…)
Euskarari ere dialektoa esatearena Espainian guri buruz ezjakinen artean errepikatzen eta transmititzen diren topiko faltsuen multzoko ohikoenetakoa da. Izan ere, aipamen horrek neuri gertatutako pasadizua gogorarazi dit, duela bi urte, Tunisia aldean oporretan ginela. Bidaia antolatu batean ibili ginen, harat-honat, turista-artalde estiloan lekuak bisitatzen. Halako batean berebereak (amazighak) bizi ziren herri batera heldu ginen. Maghreb alde guztian bezala, amazigh kulturak atzera egin du azken mendeetan etengabe, arabizazioaren indarrak zapalduta.
Marokon eta Aljerian oraindik biztanlegoaren zati handiak amazigh kultura eta hizkuntza gordetzen du, baina Tunisian barnealdeko herrixka batzuetan baizik ez da mantentzen. Bertan ere azken urteotan arabizazioak indar handia hartu baitu telebistarekin eta derrigorrezko arabierazko eskolarekin.
Herrixka hartako dendari batek non demontrekoak ginen galdetu zigun, berak menperatzen zituen hizkuntza ofizialen zerrenda luzeak gurekin balio ez zuela ikusi ostean. Nik euskaldunak ginela, “Europako berebereak” azaldu nion frantsesez, eurena bezala gurea ere hizkuntza pre- horietakoa zela, kultura expansiboa etorri aurrekoa. Berak azaldu zigun euren kultura, barnealdeko herri horietan ere beherantz zihoala, gazte gehienak arabieraz mintzatzen zirela, hizkuntza horretan alfabetatuak, telebista ikusten zutela… Zahar analfabetoek soilik erabiltzen zuten tamazigh hizkuntza, ez zuela inolako laguntza publikorik, berau desagertzea zela Tunis hiriburuko gobernu arabezaleen helburua…
…Eta ORDUANTXE sartu behar izan zuen muturra madrildar andreak gure elkarrizketan, geuri zera esanez:
“Dile que lo que hablais vosotros es un dialecto, no un idioma”
Hortxe zapuztu zen txangoa, ezjakintasunaren ahots ozena taularatu zenean, non, noiz eta bere ezjakintasunaren erridikulua ezin agerianago gera zitekeen unean. Beste topiko faltsu eta kontraesan batzuk atera ziren bere kakatua aho mesetariotik: euskara batua asmakizun hutsa zela, baserriko euskara ezin zela idatzi, euskalkion artean komunikazioa ezinezkoa zela… Berak ere bereak entzun behar izan zituen, baina kontua da Frankista Goebbelszaleen ahoek mila aldiz errepikatutako eta milioika espainiar belarrik entzundako gezurra sinistuta errepikatzen ari zen ezjakina (hori bai, dialektodunoi, txikioi min emateko xedea ezin izkutaturik).
Leku askotan errepikatzen diren eskemak dira: Hizkuntza bat dialektoa da inperialista eta ezjakinei hala izatea komeni zaienean. Dialekto bat hizkuntza da hala izatea komeni zaienean (Valentziera). En fin, hizkuntzak hizkuntzalaritzak ikertzen dituela ez zekien moduan, seguru nago Galeano ere ez zuela irakurriko, bere hizkuntza handi eta expansiboan idatzita egon arren.
Hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik (ez nahitaez politika edo soziologiarenetik), “dialekto” eta “hizkuntza” terminoek ez dute halako konnotazio on edo txarrik; edo ez lukete izan behar bederen.
Buruhauste handiak eman dizkie hizkuntzalariei bi termino horiek zehazki definitzeak. Gauza argi bat esan daiteke, halere: “hizkuntza” termino absolutua da, “dialekto” erlatiboa delarik; beti ere zerbaiten dialekto izaten da.
Gauzak horrela, zaila da esatea euskara dialekto bat denik. Zeinen dialektoa? Askoz zehatzagoa da esatea gaztelania dialektoa dela, latinaren dialektoa delako, ezbairik gabe.
Dena dela, eta kontuak pixka bat nahastearren, gogora ekarri nahi nuke Max Weinreich-en harako hura: “Une langue, c’est un dialecte avec une flotte et une armée”. Hala balitz, nago ez ote nukeen nahiago dialekto baten hiztun izan ;-).
Oso ona artikulua, Jabi. Oso ondo islatzen du betiko kontua: gakoa da ea nork daukan bestea definitzeko monopolioa (gu zibilizatuak eta besteak barbaroak / berbereak…); eta definizio hegemonikoa indarrez ezarri ostean, bistan denez, aise hedatzen diren aurrejuzkuak, ezin ulertuak (edo ez ulertu nahiak)… Barre mordoa egin dut “kakatua aho mesetario”-arena irakurrita.