Filmak doan eskuratzeko biderik azkarrena da egun BitTorrent programa librea eta dagoeneko Hollywood-eko film gehienak estreinaldia baino lehen eskura daitezke bertan. Egungo Zinearen eta bihar-etziko telebistaren bidea zein izango den zehazten ari da, ikusi nahi duenarentzat bederen. Erezu zaharkituari eutsi nahi dion industriak ezin du zaparrada gelditu eta ez du oraindik beste negozio eredurik proposatu.
Musikaren industriak mehatxatuta ikusi genuen Napster librearen amaiera eta geroago Audiogalaxy sarearena. Napsterrek puntu ahula zuen, zerbitzari zentral batzuek koordinatzen baitzuten trafikoa. Audiogalaxyren ahulezia artxiboen bilaketak webgune baten bidez egitea zen. Baina BitTorrent-en eredua zentsuragaitza da itxuraz, ez baitauka zerbitzari zentralik. Programa, berriz, guztiz legala den bestelako fitxategien trukerako sortua da. Zentrorik gabeko sare horiek gero eta zentsuragaitzagoak dira, hobekuntzak norabide horretan baitoaz.
Duela bi hilabete argitaratutako ikerketa baten arabera, sareko trafiko osoaren %35 BitTorrent truke sareen artekoa da. Arrakasta horren gakoa programaren funtzionatzeko eran dago. Kazaa edo Morpheus sareetan artxiboak osorik eskuratzen dira baina hemen, eMulen bezala, filma zatitu egiten da hasieran. Ondoren, zatiok beste erabiltzaile batzuen ordenagailuetan sakabanatzen dira, horrela bakoitzak badu elkarbanatzeko zatiren bat. Orduan hasten da hedapen masiboa, iturri bakarra barik hainbat daudenean. Minutu edo ordu batzuren buruan iturriak milaka izan daitezke eta horregatik deskargak izugarri azkartzen dira. Deskargatzen ari garenean beste bat ari da gure makinatik hartzen. Beraz, film jakin bat zenbat eta lagun gehiago hartzen egon, azkarrago eskuratuko dugu film osoa, zati guztiak bilduta.
Beraz, eMuleren antzekoa da baina azkarrago doa ez daukalako itxaron ilararik. Hala ere, eMule edozein motatako artxiboak elkarri emateko erabiltzen den bitartean, BitTorrent film atera berriak trukatzeko erabiltzen da gehienbat, modan dauden une horietan jende askok baititu zatiok eta errazagoa da milaka erabiltzaile horietako baten makinatik artxibo zatiren bat eskuratzea. Gainera, eMulek aldi berean hainbat artxibo eskuratzen ditu, banda zabalera horien artean banatuz eta bakoitzaren deskarga egunak edo asteak atzeratuz. BitTorrent-ek berriz eskatutako artxiboak banaka eskuratzen ditu, nahiz eta zatiok makina ezberdinetatik hartu, bakoitzaren deskarga azkartuz. ADSL arrunt bat edukita, ordu gutxiren buruan izango dugu gure makinan 700 Megabyte okupatzen dituen DivX filma.
Kode irekiko programa da BitTorrent, eMule bezala, beste internauten ekarpen eta hobekuntzei irekia eta ez komertziala. Bere sortzaile Bram Cohen-ek esker oneko erabiltzaileek borondatez ematen dioten dirua baino ez baitu jasotzen eta programa doan eskura daiteke bittorrent.com webgunean. Kode irekikoa izanik, badira beste batzuek eginiko bertsioak edo bestelako itxura grafikoa dutenak, baina funtsean programa bera dira.
Filmak eskuratu eta digitalizatzen duen geek koadrilla horren baitako lehia dago, zeinek lehenago film berria eskuratu, digitalizatu eta truke sareetan ezarri. DVD formatoan ateratako guztia dago sare horietan baina, nork baino nork 700 Megabyteko DivX artxiboa kalitate hobearekin jarri ez bada, hor ez dago lehia nagusia. Aretoetan estreinatu eta berehala sarean dira filmak, DVD formatoan atera baino lehen. Gehienak zine aretoetan bertan ikusleren batek grabatuak dira baina halamoduzkoak dira: zaratak eta eztulak entzuten dira, kamara mugitzen da eta soinua oso eskasa da. Baina badira irudia zein soinua primerakoa duten screener batzuk. Ongi grabatuak dira, kamara on batekin eta tripodeak erabiliz, soinua zuzenean proiektagailutik hartua dute eta bistan da proiekzio pribatu batean grabatuak direla. Susmagarriak, noski, zine aretoetako langileak dira.
Baina dagoeneko estreinaldia baino lehen agertu ohi dira film asko. Nola demontre lortzen dituzte pirata horiek filmak estreinatu baino lehen? Industriaren baitako satorrak. Zinemagintzan sartuta dauden gileak edo zinema kritikariak dira susmagarriak, industriak eta FBIk lehenengo harrapatu nahi dituztenak.
Wired aldizkariaren urtarrileko zenbakiak erreportaia bitxi xamarra dakar honen gainean. Gakoa banaketaren lehenengo urratsean dagoela dio bertan ikerketa lana egin duen Jeff Howek. Cyberpunk nobeletako erresistenteenak baino sare ilun eta itxiago baten deskribapena egiten du Howek, sentsazionalista eman zezakeen deskribapenean, baina kontutan hartu behar da film garrantzitsu bakoitzarekin ehunka milioi dolar daudela jokoan. Talde itxi horietan banatzen da lehendabizi filma eta geroago pasatzen da BitTorrent edo eMule sareetara, Howek dioenez.
Zentsuratu nahian errepresioaren bidetik jo nahi duen Hollywoodek jai dauka, P2P sareak emendatuko baitira datozen urteotan. Are, telebistak ere igarriko du laster truke sareen eragina. Dagoeneko telebista saio asko BitTorrent-en daude, bitxiak zirelako edo zati jakin batzuk dira. Baina laster sarea horien bidezko telebista programen aukera izugarria izango da, gero eta jende gehiagok banda zabalera handiagoa eta merkeagoa baitu etxean. Mahainguru zenbaitetan industriakoekin eztabaidatu ostean, Bram Cohen-ek argi dakusa: “edukien mundukoek ez dute ideiarik”. Baina negozio eredu berria aurkitzeko garunak estutu beharko dituzte, zaharrarenak egin baitu.
Adibidez, Cybersky zerbitzuak P2P streaming erabiliz telebista eskaintzen digu. Beste eredu bat izango da sarean eskuragarri aurkituko ditugun milioika artxiboen artean onenak aukeratuko digun zerbitzua, Amazonek liburuekin egiten duen moduan filmak eta telebista saioak gaiaren eta gure gustuen arabera eskainiz, edukietarako aholkulari gisa. Hori da gutxi gora behera egun eMuleko filmen loturak eskaintzen dituzten webgune horiek egiten dutena baina publizitatea gabe eta bahe lanagatik ordainduta. Beste bat filmen deskargak industriak berak eskaintzea, material onaren berme gisa, baina internautentzat onargarriak izango diren oso prezio baxuetan.
BitTorrent
bittorrent.com
Cybersky
www.tvoon.de/ctv
Pingback: LuistxoBlog