Etorkizuneko gizarte teknologiko posibleak

By | 2005/01/13

Aurreko asteotan 2004ak emandakoa eta 2005ean zeresana emango duten joera batzuk aipatu ditugu. Iragarpen teknologikoek, ordea, askoz urrunagora begira egin daitezke eta, somaketari zein bilakaeraren proiekzio zientifikoari imaginazioa gehituz, etorkizun posibleak proposatu daitezke. Prospektiba iragarpenaren eta proposamenaren arteko nahasketa da, bihar-etziko gizartean aukerarik onenak gailentzea helburu duena. Balizko gizarte horretarako proposamen gehienak arrunt interesgarriak dira.

Gurean Eneko Astigarraga dugu teknologia gizartearen arloaren gaineko prospektiba egiten duten bakanetakoa, euskaraz gainera. Deustuko unibertsitateak Donostian duen Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean prospektiba irakasten du berak. Baina zer da prospektiba? Astigarragak berak bere bitakoran euskaratu du OECD erakundeak ematen duen definizioa: “epe luzera zientzia, teknologia, ekonomia eta gizartearen etorkizuna aurreikusteko saiakera sistematikoen multzoa da, helburutzat onura ekonomiko eta sozial handienak eragingo dituzten teknologiak identifikatzea duena”. Haren bilakaera ikusita, garapen teknologikoak nora eramango gaituen aurreratzea da prospektiba, baina era berean beronen norabidean eraginez, norabide egokirantz bideratzen saiatuz.

Batzuetan, gehienetan, prospektiba nork bere nahiarekin nahastuz egiten da, Gipuzkoa 15 urte barru nolakoa izango den eta izan beharko lukeen aurreratu nahi duen g2020.net webgunean kasu. Gaian zeresanik duen eragile ororen arteko hausnarketatik etor daiteke iragarpenik zehatzena. Horregatik bitakorek egiten duten datuen liseriketa kolektiboak ganorazko iragarpena egiten laguntzen du. Gureari besteen somaketak gehituta, basoa hobeto ikuskatzeko aukera izango dugu, nork bere inguruko zuhaitzen berri eman beharrean. Azken finean, Eneko Astigarragak Ibarretxe lehendakariak azken aldian asko errepikatzen duen esaldia aipatuz dioenez, “etorkizuna gure eskuetan dago”. Kennedyren ahotan jartzen du kontzeptu hori newyork2050.org webguneak, ground zero-n zer egin behar zen erabakitzeko ekimen arrakastatsutik abiatuta, hausnarketa kolektiboaren bidez hiriaren etorkizuna zirriborratzeko ahalegina denak.

Prospektiba ez da zientzia bat sensu estricto, baina iragarpenak egiteko somaketa eta metodo zientifikoa erabiltzen ahalegintzen da, ahal den neurrian, bere iragarpenak oinarritzeko, azti lan hutsa egin barik. Baina joera txarrak sumatzen badira horiek aipatu behar dira, noski. Esaterako, 2014. urtean komunikabideen panorama zein izango den aurreratzen duen EPIC 2014 proiektua ikus dezakegu, banaketa libreko Flash film baten bidez 1984 eta 2014 bitarteko bilakaera kontatzen duen alegi modukoa. Egundaino gertatutakoaren kontaketan, noski, benetan sarean eta informazioan eman diren urrats batzuk aitatzen dira, 2004 “dena hasi zen urtea” bezala nabarmenduz. Bitakorak eta Sony-k asmatutako lehendabiziko paper elektronikoa dira garrantzitsuenak. Ordutik aurrera kiromantzia: Googlek Amazon erosiko du, Googlezon sortuz, Microsoft-ek Friendster erosiko du… Hainbat mugimenduren ondoren Googlezonek EPIC sortuko du, Evolving Personalized Information Construct, informazioa gure profil zehaz baten arabera aukeratu eta zerbitzatuko diguna. Norbera ere freelance kazetaria da EPICentzat eta bitakora, kamaradun telefono-ordenagailu mugikorrarekin hartutako bideoak eta idatzitako artikuluak idatzi ditzake. Astigarragak euskaratu du istorio osoa eta bere bitakoran irakur daiteke.

Imaginazioa eta errealitatearen oinarria konbinatzen duten neurrian, Orwell, Bradbury eta Huxley idazleak ere prospektibaren aitzindaritzat har daitezke, etorkizuneko gizartea imaginatzen zutelako. Noski, teknologiari gehiago erreparatzen dioten ondorengo William Gibson eta beste ziberpunk idazleek ere prospektiba egiten dute. Azken finean oreka kontua da, ziberpunk idazleek imaginazioak emandakotik gehiago sar dezakete eta sumaketan oinarritutako bilakaera bigarren mailan utzi. Hala ere, inork ezin zezakeen 50ko hamarkadan ziurtatu Orwellek 1984rako proposatzen zuen egoeran egongo ez ginenik, egun, urte batzuk barru EPIC sortuko ez denik ezin ziurta dezakegun moduan. Imaginazioa zientzialarien ezinbesteko motorra izan da beti eta hura gabe ezin izango genuen asmakizun asko erdietsi. Esaterako, Jules Verneren nobeletan oinarritu dira gerora gauzatu diren hainbat ekimen, ilargirako bidaiak kasu.

Baina zientziari eta egungo errealitateari garrantzi gehiago emanez, badira prospektiba egiten duten beste ekimen batzuk, kasurako, The Pew Internet & American Life Project, datozen 10 urteotarako joeren iragarpena egin duena edo Futuribles aldizkari frantziarra. Administrazioentzat ere funtsezkoa da etorkizuna aurrikustea. Horregatik Frantziako senatuan prospektiba taldea sortu da, Gipuzkoan g2020.net sortu du aldundiak eta newyork2050.org webguneak etorkizunean metropolia nolakoa izango den aurreratzen saiatzen da. Zergatik? Etorkizuna, Kennedyk zioenez, “ez dagoelako gure kontroletik kanpo, gure eskuen lanaren emaitza delako”.

LABURRAK

Mac txikia eta merkea
Inoizko Macintosh ordenagailurik txikiena eta merkeena aurkeztu berri du Applek, Mac mini izenekoa. Kutxa txiki batean trinkotuta G4 prozesagailua, Gigabyte bateko RAM memoria, txartel grafikoa, CD irakurgailua eta, atzeko aldean, pantailak, sarea, telefonoa eta gailuak konektatzeko ohiko konexioak ditu. Modelorik oinarrizkoenak 489 euroko salneurria du, BEZ barne, eta eramangarria da, poltsa txiki batean sartu baitaiteke.

Mac Mini
www.apple.com

Linux banaketa gipuzkoarra
Cybereuskadi buletinak argitaratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere Linux instalazio edo banaketa propioa sortu nahi du eta horretarako lehiaketa deitu du, euskarazko instalazioa bilduko duen CDa sortzeko. Beste administrazio publikoentzat ere aukera ona litzateke bere banaketa sortzea, Extremadurako gobernuak hasitako bideari jarraituz. Eusko Jaurlaritzak ere, software librearen aldeko aldarrikapenak gorabehera jabedun softwarea sustatzen eta ordaintzen jarraitzen du baina, Cybereuskadiren arabera, Debianen oinarritutako banaketa ari da garatzen.

Albistea
www.cybereuskadi.com

Opari ezegokia Stallmanentzat
Abenduaren 15ean Euskalduna jauregian hitzaldia eman zuen GNU mugimenduaren sortzaile eta software librearen aldeko guru Richard Stallman ospetsuak, Enpresa Digitala ekimenak gonbidatuta. Antolatzaileek bertoko produktu sorta eman zioten baina oparietako bat ez zen aukerarik egokiena izan. Bere bitakoran dioenez, Kepa Junkeraren diskoa zabaltzerakoan ohartu zen Linux-en aurkako babesa zuela, soilik jabedun sistemak erabiliz zabal zitekeela. Zabaldu gabe itzuli zien diskoa Eusko Jaurlaritzakoei, zera esanez: “Etsaiaren aurpegia ikus dezakezue hemen. Mesedez, bueltatu diskoa dendara eta berreskuratu ordaindutako dirua, honetatik onura ez daitezen eta, arren, ez erosi disko ustel gehiagorik”.

Stallmanen bitakora
agia.fsf.org/rms-blog

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude