MacGyver eta euskaldunak

By | 2005/01/11

irudi bat

Bere garaian ez nuen ikusi, aipatu zidaten arren. McGyver “vasco” batzuen kontra borrokatzen zen kapitulua eskaini zuten behinola. Bertan euskaldunak guztiz desitxuratuta ageri ei ziren. Orain, eMandoari esker dokumentu paregabe hori eskuratzeko aukera izan dut, Euskal Herriari buruzko gauzen bila ari nintzela aurkitu bainuen. Ikusi dut jada eta benetan barregarria (eta negargarria) da. Zuek ere ikus dezakezue, HEMENDIK eskuratuta. 63 Megako bideoa da, DivX formatokoa. Beraz, pazientzia eta banda zabalera pixkat eskatzen du.

Sasoi batean bere abenturak ikusi ahal izan genituen Espainiako telebistan. Mertzenarioa zen, edozein atakatik irteten zekien tipo azkarra. Milioika tiro bota eta sekula inor balaz jotzen ez zuen Equipo A haren antzeko abentura inozoak izaten zituen McGiver honek, baina bere berezitasuna gai xume batzurekin sekulako asmakizun ikusgarriak eta xelebreak egitea zen. Quimicefa oparituko zioten gaztetan-edo, ez dakit, baina esaten zutenez txikle bat eta soka bat emanda bonba atomikoa egiteko gai zen tipoa.

Euskaldunoi buruz atzerriko zinean eta serieetan era guztietako itxuraz agertu izan gara euskaldunok, ezjakintasunaren ondorioz. Estereotipo bat hartu, gainera desitxuratu eta elementu arrotz (eta gure ikuspegitik erridikulo) batzuk gehituta aurkeztu gaituzte. McGiverrek dioenez bascoak (erakunderik ez dute aipatzen) pirineoetan bizi dira, “aspaldi frantsesen eta espainolen kontra borrokan bizi dira eta, noizean behin AEBetako hiritar bat bahitzen dute. Horrelakoetan telefono deia jasotzen dut”.

Barregarriena bertan ageri diren euskaldunon aurpegiak, mendialdeko eremu liberatuko entrenamendu kanpalekuan, banano artean (bai) itxura maya edo azteka duen baskoak entrenatzen ikusteak ez du preziorik, kanutoarekin edo kanutorik gabe barrez lehertzeko modukoa.

Baina euskaldunok aurkezteko era bitxi honek badu aurrekari antologikoa: Thunder In The Sun edo El desfiladero de la muerte (gaztelaniaz) goiburuko western bat, 1959koa. Bertan euskaldunak karromatoetan zebiltzan karabanan mendebalderantz, izen euskaldunak zituzten, jantziak berriz andaluziarrak, itxura eta musika bezala eta ohitura benetan bitxiak: sua gordetzen zuten Euskal Herritik ekarria amatatu gabe. Benetan beherako antropologikoa, gazpacho kulturala, ez dakit nola definitu… Uste dut nazioartean gure izenez herri bezala ezin agertzearen ondorioa dela gutaz dauden datu gutxi horiek desitxuratuta agertzea. Edozein modutan, barre edo negar egiteko aukera ematen digu eta aukera hori geuk bakarrik daukagu, giri batek besterik gabe sinetsi ere egingo du eta.

Bide batez, nire hosting berriaren banda zabalera probatu nahi dut, itxuraz oso ona baita Dreamhost-en zerbitzua. Hori bai, inoiz bertan ostatatzea kontratatzen baduzue, jarraitu lotura hau eta ez ahaztu Jabi izeneko batek esan zizuela, horrela hurrengoan gutxiago kobratuko didate eta.

P.D. Geroztik aurkitu dut Sareko ARGIAN Thunder In The Sun filmaren aipamen hau.

13 thoughts on “MacGyver eta euskaldunak

  1. Luistxo

    Ona! Bajatu dogu Codesyntax-era. Pinudi artean platanoak nola hazi ote zituzten…

    Reply
  2. Xabi

    Euskaldunak beti herri ezezaguna izan gara munduan, nahiz eta guk pentsatu munduan ezagunagoak garela, espainiako telebistan beti agertzen garelako. Baina beste herrialdeetan herri moduan ez gaude eta kitto. Horregatik ateratzen garenean itsura arraroekin ateratzen gaituzte.

    Reply
  3. Xabier

    Ez ahaztu ezta ere, “Curvas peligrosas” (Antena 3’n ematen zuten orain dela urte asko) telesailean ETAkide batzuek Madrilen dagoen estatubatuar goi kargu bat bahitzen saiatzen direnean.

    Hotel batetan hiltzaileak bere kolaboratzaile bati “… o quizá te debería hablar en euskera” esan arte ez nintzen ohartu euskaldunez ari zirela!

    Reply
  4. Xabier

    McGyver: “Sospecho que para esta gente no hay mucha diferencia entre un geólogo y un físico”. Hauek bai ezberdintasunik ez somatu euskaldunen eta Nikaraguako gerrillarien artean!

    Reply
  5. Ibai

    Hauek bai dakitela nolakoak garen euskaldunok! Txapela castillanoek bezala burua bertan ongi sartuta, noizean behin estatubatuarrak bahitzen (inoiz gertatu al da horrelakorik, edo?)… Euskal Herriko ibaiek amerikarren antz izugarria dute, gainera.

    Dutxan agertzen den gizon hori zer da, Kubatarra? A, ez! euskaldunok itxura hori dugu!

    Western filmetako indioak bezala ikusten gaituzte, atzetik korrika, eta irrintziak botaz…

    Gutxienez, euskarazko hitzak sartu dituzte: “kontuz, kontuz”, “Josu”, “Benga, azkar, arin-arin”,…

    Reply
  6. Jabi

    Bai, euskarazko hitzak entzuten dira. Ez nago seguru baina esango nuke bikoizketan sartu dizkietela, Espainian, ezta? Bestela, euskaldunen bat ibili balitz tartean aholkuren bat emango zien atrezzoari dagokionez (bananak, aktoreen itxura eta beste), ezta?

    Reply
  7. Xabier

    Euskerazko hitzak edo… erdaldunek dioten moduan “Está cara esta cacatúa” moduko esaldiak asmatu, euskaldun itxura emateko. Gero handik eta hemendik laupabost euskarazko hitz sartu eta kitto.

    Josu? Maixu? ala Ozú? 😉

    Reply
  8. Lotura honetan klik egin

    Pantaila irudiak atera ditu Xabier PagolaEuroberri.tk-koak eta erantzun honekin doan loturan ikusi ditzakezu. Han argi ikusten den moduan, portzierto, heroiaren izena MacGyver da a itsatsiarekin, eta ez McGyver.

    Reply
  9. Jabi

    Zuzendu dut izena eta zuzendu dut baita ere zuk emandako url-a, hasierako partea falta baizitzaion.

    Reply
  10. Mikel

    Lehengo egunean Felix Linares-en programan, “la noche de..”, hemen jarritako MacGyver-en videoa jarri zuten. Gainera, bidali zuenari pelikula pack bat erregalatu zioten. Ez dakit justua ote den.. agian zuri eman beharko lizuteke, ezta?

    Reply
  11. edurne

    Wenno ingeleseko lan bat egiten ari naiz ta ezin sinesturik nabil. Interneten begiratu ta ez da gure ohituren berri ematen! Baina zer gara gu beste herri batzuentzat ezezagunak edo. Hau harrigarria da!!

    Reply
  12. Pingback: sarean.com » MacGyverrez beste, euskaldunak Hollywood-eko zineman

  13. xabi

    euskal herritik kanpo gaizki ikusiak, ezer ez baginen bezala tratatuak eta gure eskubideak aldarrikatzeko eskubiderik ez dutenak. Gauza bat esan nahi dot ez naiz etsiko nire helburuak lortu arte.borroka bihurtuz egunero euskal arimaren arnas. independentziaren atzetik gelditu gabe korrika.

    “zuhaitza sustraietik, lorea hazitik eta ni euskalduna EUSKAL HERRITIK”
    GORA euskaraz mintzatzen eta sentitzen diren guztiei.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.