Ohmynews, korearrak erreportari

By | 2004/12/09

Hego Koreako egunkari digitala da Ohmynews eta, duela lau urte abian jarri zutenetik, herrialdeko hedabideen panorama erabat aldatu du. Egunero zazpi milioi bisitari izan ohi du, ohiko egunkari askok baino gehiago. Bertako gizarte teknologikoan masa fenomenoa bilakatu da ohmynews.com eta gobernua aldarazteko beste eragin politikoa ere izan du. Herrialdeko komunikabide eskuindarren gehiengo erabatekoari kontrastea jartzen dio. Bere sekretua? Bertako kazetariak herritar arruntak dira.

Oh Yeon-ho kazetari gazteak sarri jasan behar izan zuen lankideen destaina 80ko urteen hasieran, ezkerreko astekari batentzat lanean ari zela. Prentsaurreko ofizialetatik baztertzen zuen gobernuak eta gartzelatik ere igaro behar izan zuen, gobernuaren aurka idazteagatik. Izan ere, tradizioz, merkatuaren jaun eta jabe diren herrialdeko komunikabide nagusiek oligarkia itxia osatu dute eta eskuindarrak dira oso. Agintariekin harreman ona izan dute beti eta oso zaila da bertan mezu kritikorik ikustea.

Eskema tradizional horretan oso zaila dute ahots alternatiboek mezua zabaltzeko, baina sareari esker fenomeno bitxia garatu da azken lau urteotan “herritar oro erreportaria da” lelopean. Oh Yeon Hok egoera hori aldatzeko aukera ikusi zuen sarean, eta egungo joera arrakastatsuekin bat egiten duen eredu partehartzailea asmatu zuen, irakurleak idazle izango zituena.

Puntucom enpresen krisia baino lehentxeago abiatu zen Ohmynews, 700 herritar-erreportarirekin eta, apurka-apurka, merkatuaren zati handia bereganatu du. Egun 35.000 herritarrek idazten dute egunkariko edukien %80 eta 40 kazetari edizio lanaz arduratzen dira, testuaz idazteaz gain, herritarrek bidalitako testuak aztertuz eta sailkatuz.

Jende arruntak idatzitako testuak izan ohi dira eta, hortaz, ezin dute baherik gabe edozer argitaratu. Herritar-erreportari horiei ordainsariak emateko dagoen metodoarekin lotuta dago testuen sailkapen prozesua. Hasteko, euren benetako izenez sinatu behar dute eta idatzitakoaren ardura guztia eurena da. Etika kodearen arauak onartuta, herritar-erreportari moduan hasten dira lanean, testuak bidaliz. Edozein gairi buruz idazten dute, nazioarteko politikatik musikaraino, aisialdia, literatura erreseinak, iritzi artikuluak edo elkarrizketak barne. Editoreek jasotako testuen zehaztasuna eta kalitatea neurtzen dute eta horren arabera sailkatzen dituzte, webgunean nabarmenduz edo beherago jarriz. Sailkapen horren arabera ere ezartzen dute 2 eta 20 dolar bitarteko ordainsaria. Gainera, irakurleek ere dirua ematen dute, testua gustatuz gero, mikroordainketa sistema bitxi baten bidez. Baina dirua irabaztea ez da izaten erreportari horien helburua, gauzak kontatzea baino.

Hedabideen merkatu itxitik ihesi, kontraste bila sarera jotzen duen milioika gaztek egin zuten iaz gobernu aldaketaren miraria. Bertan gazteen gustoko hautagai erreformista zen Roh Moo Hyun 2002ko abenduan, baina komunikabide nagusiek galduko zuela iragarri zuten. Horrek olatu teknologikoa altxarazi zuen sarean, SMS mezuen eta milioika mezu elektronikoren bidez hauteskundeei buelta eman ziena. Orduz gero, Ohmynews-eko herritar-kazetariak onartuak eta gonbidatuak dira prentsaurreko ofizialetan. Roh Moo Hyunen gobernu berriak jakin badaki Ohmynews-i esker dagoela bertan eta bere kontra daukan eredu zaharreko oligarkiari ahal beste botere kentzeko komunikabideen kontzentrazioaren aurkako legeak prestatu ditu.

Hego Koreako sarean ere informazioaren atomizazioa eta saturazio informatiboa dago, ehunka informaziogune digital daude eta milaka bitakora pertsonal. Orduan, zein da Ohmynews-en arrakastaren gakoa? Herriaren izaera bereziaren ezaugarri batzuek izan dute zerikusirik. Hasteko, Hego Korean 49 milioi lagun bizi dira, haietako asko gazteak eta heziak dira eta banda zabala askoz ere hedatua dago aspaldion. Iragarpenen arabera, 34 milioi internauta izango dira 2005ean. Horrez gain, bertakoa oso gizarte trinkotua da eta gai batek herrialde osoa hari begira jar dezake bi egunez. Horregatik esperientzia esportagarria den zalantzazkoa da. Izan ere, duela gutxi abian jarri zen Japonian honen antzeko proiektua, Janjan izenekoa, baina hark ez du Ohmynews-ek adinako arrakastarik ukan.

Tokian tokiko ezberdintasunak gorabehera, eredu parte-hartzaileak dira bidea. Hemengo egunkariak irakurleek idazle moduan izan dezaketeen garrantziaz konturatzen hasi dira, iritziak eta gertaeren ikuspuntu bereziak emanez informazioa aberasteko modu erraz eta merkea izan baitaiteke irakurleen eskuhartzea Hori behar den moduan antolatzea da gakoa eta ez da erraza asmatzea. Mendebaldeko batzuek bitakora edo blog itxurako atalak zabaltzen ari dira, egunotan Le Mondek egin duen moduan. Korean, berriz, urrunago heldu dira edukiak herritarren esku utziz. Mendebaldeko hedabide askotan zenbait edukiren truke harpidetza ordaintzea da joera. Han, aldiz, zerbitzua erabili osteko propina arrakasta izaten ari da hedabidearentzat.

LABURRAK

Pantaila babesle polemikoa
Lycos Europe atariak zabor publizitatearen aurkako kanpainia berezia jarri zuen abian abenduaren 1ean, pantaila babesle berezi baten bidez. Babeslea gure ordenagailuan instalatuz gero, erabiltzen ari ez garen denboran spam bidaltzaile ezagunak diren zerbitzarietara eskaera faltsuak egiten zituen programak, hango trafikoa oztopatuz. Kanpainia hasi eta berehala bertan behera geratu da, ordea, honelako ekimen erasokorrak oso legalak ez direlako edo agian kontraerasoen beldurragatik. Kanpainaren makelovenotspam.com domeinuan ezin da jada programa eskuratu.

Stallman Bilbon
GNU mugimenduaren sortzaile Richard Stallman guru ezaguna berriro Bilbon izango dugu abenduaren 15ean, Euskalduna jauregian. Software librearen etika eta praktika izango du hizpide Stallmanek, Euskadi Informazio Gizartean planari lotutako Enpresa Digitala ekimenak antolatutako jardunaldiaren baitan. Jardunaldi horretan informazio eta komunikazio teknologia berrien erabilera onagatik gailendu diren enpresei Enpresa Digitala sariak banatuko zaizkie. Hitzaldia 18:30etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da.

Bitakora berriak euskaraz
Urteko hitza izendatu dute blog eta, hemen ere, gero eta bitakora euskaldun gehiago ari dira sortzen, azkenik gurean errotzen ari den joera baita weblog pertsonalena. Azken egunotan euskarazko bitakora bi sortu dira. Komikiak eta informatika hizpide dituen e-gor blog izenekoan Igor Leturia arrasatearrak bere bi zaletasun nagusien berri ematen digu. Patxi gaztelumendi kazetariak ere berea sortu berri du eta Durangoko azokaren gainean egunez eguneko kronika koloretsuak idatzi ditu azken egunotan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude