Muduan badira gai zehatz baten gaineko hainbat film jaialdi alternatibo, komertzialak ez diren gai batzuen ingurukoak. Horietariko askok egun webguneak dituzte eta informazio asko ematen digute ekoizpen politiko eta sozial horiei buruz. Baina egungo sarean, banda zabalari eta eMule bezalako truke programei esker, filmen gaineko informazioa ezezik filmak eurak ere eskura ditzakegu. Film komertzialez gain, telebistan eta zinemetan ikusten ez diren dokumentalak edo film politikoak aurki daitezke eMulen.
Kanadako Albertan egin berri duten Global Visions film jaialdian, The colour of currency lelopean ekonomia globalizatuak langileongan duen eragina aztertu dute aukeratutako film sortaren bidez. Dokumental alternatiboak dira 23 urte bete dituen jaialdi honen genero bakarra. Baina errealitate gordina agertzeaz gain, konponbideak proposatzeko helburua ere badu Global Visions honek. Aurten, Breaking Cycles izenburupean, bidegabekeria sozialak amaitzeko eta gizateriari esperantza eskaintzeko egiten ari diren ahaleginak iskaltu nahi izan dituzte antolatzaileek. Jaialdiari buruz gehiago jakiteko, Edmontonera joan barik globalvisionsfestival.com webgunea bisita dezakegu.
Zinemagile berri eta independienteen filmmaking.net webgunean irakurri ahal izan dugunez, badira webgunea duten hainbat film jaialdi. Gai baten ingurukoak dira batzuk, alternatiboak edo film laburretakoak besteak. Independiente moduan aurkezten dira batzuk, Robert Redford-ek bultzatutako Sundance ospetsua kasu. Bere sundance.org ofizialean eta sundanceguide.net webgunean ere beharrezko jakingarri guztiak aurkituko ditugu. Hori 2005eko urtarrilean izango da, baina jaialdiak online bertsioa du ere eta bertan, urtarrilaren 20tik aurrera, lehiaketara aurkeztuko diren film berak erakutsiko dituzte telematikoki sarearen bidez.
Baina badira arinago etorriko diren beste jaialdi eta topaketa asko ere eta batzuk filmmaking.net-en webgunean aurkituko ditugu. Esaterako, bihar hasiko den Cornwall Film Festival jaialdia (cornwall-film-festival.co.uk), denetariko filmak bilduko dituena: luzeak, laburrak, animaziozkoak, dokumentalak, aurrekontu baxukoak… Gai zehatzagoen bila bagabiltza, berriz, underground zinea aurkituko dugu Brooklyn Underground Film Festival (BUFF) izenekoan, brooklynunderground.org webgunean bisitatu dezakegu. Gai zehatz baten ingurukoa ere dugu Chicagoko palestinar film jaialdia eta, beti pil-pilean dagoen gaia izanik, normala da bertako film gehienen gaia, zeharka bada ere, palestinarrak bizi diren egoera latza izatea.
eMulen eskuragarri
Sarean filmei buruz irakurtzeaz gain, azken aldion banda zabalari eta truke sareei esker bestela ikusi ezin izango genituzkeen filmak eskura daitezke orain. Adibidez, oraintsu aipatu dugun Palestinako gatazka hizpide duen Jenin-Jenin filma. Mohamed Bakri zuzendari palestinarrak 2002an eginiko 53 minutuko dokumental honek Jenin herriak jasandako erasoaren lekukotasuna ematen digu. Antzeko gaia du Gaza Strip dokumentalak, James Longley zuzendariak Gazako leku anitzetan grabatutakoa.
Amodiozko filmak ere badira, egoera zail horretan bada ere maitasunak muga guztiak gainditzen baititu. Horren adibide dugu Elia Suleiman zuzendari palestinarraren Yadon ilaheyya (Divine Intervention). Duela bi urte eginiko film honetan israeldar soldaduen kontrolak gainditzen duen maitasuna aurkezten digu, maitale bi, bata Ramalakoa eta bestea Jerusalemgoa, elkar ikusteko moldatzen dira izkutuko topaketen bidez. Antzeko gaia du Rana’s wedding, Hany Abu-Assad zuzendari palestinarrak Jerusalemen eta Ramallan filmatutako lanak. Hauek guztiak eMulen aurkituko ditugu eta, gainera, divx4arab.com webgunean arabierazko beste film askoren informazioa zein loturak daude, bakoitzaren eLink-a edo eMulen deskargatzeko loturarekin batera. Bertan eskura dezakegu 2001eko Inch’allah Dimanche, Pariseko algeriar etorkin baten gorabeherak kontatzen dituena edo 2002ko Osama, Afganistango gizarte sexistaren erretratu gordina.
Palestinar film jaialdia
www.palestinefilmfest.com
tinyurl.com/68srl
The Gaza Strip
www.littleredbutton.com/gaza
www.arabfilm.com
www.arabfiles.org
LABURRAK
Mezularitza euskaraz
MSN Messenger ez da bakarra ezta onena ere, jende gehienak ezagutzen ez dituen beste bat-bateko mezularitza programa asko daude, Yahoo Messenger-ez gain. Azken aldion plataforma anitzekin bateragarriak diren programak daude, Jabber eta bere euskarazko bertsioa den Jalgi-Talki kasu. Baina Microsoft-en sareetara konektatzeko oraintsu atera da aMSN programa, euskarazko bertsioa duena eta Windows, Linux edo Mac OS sistemetako ordenagailuekin erabil daitekeena.
Wikipediak 2.368 artikulu euskaraz
Dagoeneko 2.368 artikulu ditu Wikipedia entziklopedia librearen euskarazko bertsioak. Internauten ekarpenez osatutako entziklopedia da Wikipedia eta hizkuntza bakoitzak ekarpen horien araberako artikulu kopurua du. Euskararena ez da oso kopuru handia informaziogune eleanitz honetan dauden hizkuntza nagusiekin alderatuz gero, ingelesez 390.970 sarrera daudelako. Besteak beste, asturieraz 1.302 sarrera daude eta katalanez 9.649. Frantsesez 61.203 eta gaztelaniaz 34.257 artikuluren azalpenak aurkituko ditugu.
Zentsura Googlen
Hainbat komunikabidek salatu dutenez, Google bilatzailearen irudi bilaketa zerbitzuak ez ditu Abu-Ghraib gartzelan torturatutako preso irakiarrei ateratako argazkiak erakusten. Beste bilatzaileetan, aldiz, arazorik gabe ikusiko ditugu argazki horiek. Horregatik irudi horien bilaketa iragazien bidez zentsuratzea leporatu diete sareko bilatzailerik onentzat hartzen dutenari. Googleko arduradunek, berriz, zentsura dagoenik gezurtatu dute eta datu basearen eguneraketaren atzerapen tekniko bati leporatu diote irudiak ez agertzea.
Lan ona egiten ari zara, neri behintzat oso ongi etortzen zait. Eskerrik asko eta segi aurrera.
Xalba