Non daude webgune islamistak?

By | 2004/11/04

Ohiko komunikabideetan, telebistan batez ere, askotan entzuten dugu talde islamistek, Irakeko erresistentziak edo Al Qaedak aldarrikapenak eta bideoak Interneten ezartzen dituztela. Baina non zehazki, webguneetan, eztabaidaguneetan, truke sareetan? Zergatik gehienetan ez digute helbiderik ematen? Saiatuko gara islamisten sareko presentziaren errealitatea ezagutzen.

Ikuspegi hori Interneten trataera sentsazionalistarekin lotuta dago, sarritan sarea kontu ilunekin lotuta aurkezten baitigute. Egia da webgune islamista batzuk badirela, baina askotan errepikatu ohi diren gauza batzuk ez dira informazio zehatzak, Al Zarkawik webgunea duenik edo bideoak webgune batean eskegitzen dituztenik, esaterako.

Onartu beharra dago gurea ez den kultura bateko webguneak direla, mendebaldeko etnozentrismoari arrotzak zaizkion hizkuntza eta idazkera dutela eta, hortaz, zailagoa egiten zaigula webgune horiek aurkitzea edo euren jarrera zein den jakitea, ondoan itzultzailerik eduki ezean. Nahasmena areagotzeko, telebistan gehienetan ez dira hitz zehatzak erabiltzen Interneteko kontuak aipatzean. Zehaztasuna ez dute beharrezko ikusten, ez dutelako sarea ulertzen. Internautontzat, berriz, ez da gauza bera halako taldeak bere web orrian (sic) hilketa bere gain hartu duela entzutea edo foro islamista batean ezezagun batek aldarrikapen testua eskegi duela, arras gauza ezberdinak dira-eta.

Baina bilatuz gero ikusiko dugu horrelako webguneak badirela eta, paradoxikoki, informazio gehiena Internet haganah izeneko webgune israeldarrean aurkituko dugu. Hauek webgune islamisten aurkibide ona egin dute, berauek salatzeko eta ixteko xedez, baina bila dabilenarentzat laguntza ona ematen dute, euren salaketa orriak Googlen aurkitzea erraza baita eta propaganda laguntza ona ematen baitiete. Izan ere, webgune horiek aurkitzeko zailtasunetako bat dugu askotan horiei buruzko informazioetan loturarik ez agertzea. Hainbatetan testua idatzi duen kazetariak ez ditu webgune horiek bisitatu edo bilatu, agentziak esandakoa eta hainbat aldiz entzundakoa errepikatu baizik ez du egiten. Beste batzuetan, kazetariak informazio hori Interneten ikusi du eta ez du helbidea eman nahi islamistei propagandarik ez egiteko.

Ulergarria da azken hau, azken finean webgune baten arrakasta bisitetan neurtzen baita. Googleren emaitzetan ongi kokatuta agertzea eta beste webguneetan bertarako lotura asko egotea dira bisita horiek lortzeko bitartekoak. Hori ondo ulertu zuen Espainiako gobernuak, CNN eta BBC kateei euren Interneteko informazioetatik Batasunaren webgunerako loturak kentzea eskatu zienean. Ulergarria izango da, baina kazetarien kasuan ez da onargarria, ahalik eta datu gehien eskaintzea baita euren zeregina. Horregatik CNNk eta BBCk euren loturak mantendu zituzten Aznarren gobernuari jaramonik egin gabe.

Beste kontu bat dugu islamistena, zaila baita amerikarren eta britainiarren webguneetan horrelako lorratzik aurkitzea. Hala ere, Internet haganah-eko sionistek ez dute arazorik webgune islamistarik erradikalenak aipatzeko. Euren helburua salaketa da eta, horien zerbitzarien gaineko datu teknikoak emanez, hackerrei helburuak erakustea eta ostatatze zerbitzuei zein gobernuei webgune horiek itxi ditzaten presioa egitea. Beste kontu bat da zeharkako propaganda hori euren helburuetarako ona ala txarra den.

Hala, horiei esker ezagutu ditugu talde islamista mota ezberdinak eta bakoitzaren barruan dauden webguneen deskripzio zehatza. Egunero aldatzen dira bertako datuak, presioaren eraginez etengabe lekuz aldatzen ari baitira. Jihadismo Kalifistaren barruan, esaterako, et.4t.com webgunea dugu, Txinako gobernuak Xinjiang deritzon probintzia Ekialdeko Turkistan dela aldarrikatzen duen talde independentista musulmana.

Baina talderik inportanteenak eta egun ezagunenak salafistak edo neo-wahabiak dira, asko Ben Ladenen aldekoak. Euren artean hainbat komunikabidek Abu Musab Al-Zarqawirekin lotzen duten Tahid wal Jihad taldearen abualbukhary.org webgunea dugu edo alm2sda.net, berriki berpiztutako Ben Ladenen argazkiak erakusten dituena. Beste multzo garrantzitsu bat Hizb’Allah alderdi xiitaren ingurukoa da, manartv.org telebista katea barne.

Beste asko, ordea, ez dira argiro gerra santuaren alde agertzen, baina batzuek kazetarien zehaztasun faltaren eragina pairatzen dute. Adibidez, ansarnet.ws eztabaidaguneak bere hasierako orrialdean oharra ezarri du, bertan agertutako mezuak ez direla eurek idatziak. Hainbat komunikabidek argitaratutakoaren arabera, bertan publikatutakoa talde terroristen informazioak dira eta eurek hori gezurtatzearekin batera, arabiar monarkia eta diktadurei egozten diete manipulazio horien ardura.

Talde palestinar ezagunak ere ageri dira webgune israeldarrean terrorista bezala, Al Aqsako Martirien Brigadak edo Hamas kasu, edo txetxeniarren kavkazcenter.com ezaguna. Batzuek zein besteek arazo handiak izaten dituzte sarean mantentzeko, zerbitzarien gaineko errepresioa handia baita.

LABURRAK

Irakeko bideoak eMulen
Webguneetan baino, aspaldion buru mozketen bideoak eMule bezalako truke sareetan aurki daitezke, AEBetako kateek zentsuratutako beste hainbat irudiren moduan. Pentsatzekoa da horiek sarean ipintzeko ere babes neurriren bat hartuko dutela bideook filmatu dituztenek, bestela IP helbideen bidez erraza bailitzateke iturria kokatzea. Snuff mota berri hori salatzeko gezurrezko bideoa egin zuen Benjamin Vanderford gazte estatubatuarrak, jende asko horrelako bideoen bila ari zela baliatuta.

AEBetako bideo politikoak
Iragan astean Michael Mooreren Fahrenheit 9/11 eskuragarri jarri zuen Marc Perkel-ek bere webgunean, Moorek jendeak bere filma trukatzea axola ez zitzaiola adierazi ostean. Kerryren aldeko azken ahalegin moduan ezarri zuen bideoa, ahalik eta gehien zabal zedin. Sarean, ordea, badira demokraten zein errepublikarren aldeko bideo politiko dexente. Besteak beste, A Remarkable Promise eskura dezakegu, Kerryk Vietnamen egindakoa goraipatzen duen bideoa, edo They Served, Kerryk artifizialki bere merituak puztu zituela esanez errepublikarrek ateratakoa.

Eminem-ek ere bere bideoa
AEBetako hauteskundeetarako sei egun falta zirenean Eminem kantariak Bush-en kontrako Mosh izeneko bideoklipa atera du sarean, Guerrilla News Network kontrainformazio webgunearen laguntzaz egin du bideoa eta euren webgunean ikus daiteke osorik, banda zabalerako zein modem arrunterako bertsioetan. Botoa ematearen aldeko aldarria da, marrazki bizidunez eginikoa eta letra oso kritikoa da Bush-ek AEBetan zein atzerrian egindako guztiarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.