Bitakorak enpresan, eskema berriak

By | 2004/11/18

Hedabide tradizionalek mezua gizarteratzeko eskaintzen dieten bitartekaritzaz gain, elkarteek, enpresek eta gizartera begira dauden erakunde guztiek Internet ezinbestekoa dute mezuak beste inork ikutu gabe jendeari helarazteko. Sareak eskaintzen dituen baliabideen artean gero eta argiago dago, besteak baztertu gabe, mezua hedatzeko biderik zuzenena, bitartekaririk gabekoa, bitakorak edo blog-ak direla.

Argi dago: mezua zenbat eta bide gehiagotatik zabaldu, orduan eta aukera gehiago izango du jendearengana heltzeko. Baina blog-ak eraginkorrak dira erabilterrazak direlako eta informazioa moldagarria bihurtu dutelako. Luis Fernandezek, iragan astean Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan aurkeztutako komunikazioan, internautek informazioa jasotzeko eran izaten ari den bilakaera azaldu zuen lehenengo, bitakoren garrantzia uler genezan.

Sareko informazio saturazio itzelaren erdian internauta bere nabigazio ohiturak finkatuz doa: iturriak ordenatzera jotzen du lehendabizi, era batera edo bestera bere nabigatzailean gogoko helbideak sailkatuz, informazio interesgarriak bilaketa bidez edo txiripaz aurkitzeari gero eta aukera gutxiago emanez. Alabaina, nabigazio ohitura horiek ez dira nahikoa, gure gogoko helbide guztiak ez baititugu egunero bisitatzen, eta azken aldion sortu da informazioa webguneetara banaka jo barik eskuratzeko aukera, XML feed edo informazio jarioen bildumen bidez. Gure gogoko informazio iturriak diren blog-etako azken albisteen titularrak automatikoki biltzen dituzten programak edo Bloglines bezalako web zerbitzuak daude, press-clipping moduko lan hori automatikoki egingo digutenak.

Editatzeko errazak izaten dira atzean edizio sistema automatizatua duten bitakora horiek eta horrek berehalakoa bihurtzen du argitalpena. Gainera, informazio hori moldagarria dela diogu, XML feed-en bidez informazioa ez baitago aurkezpen modu jakin bati edo maketazio bati loturik: XML jarioan argitaratutako informazio bera PDA gailuetan, telefono mugikorretan, beste inoren webgunean eta hainbat formatotan ager daiteke automatikoki.

Elkarte batek emandako informazioa hedabide tradizionaletatik hartzen dugunean bi iragazkitatik igarotzen da informazioa eta eraldatuta helduko zaigu, horietako bakoitzari komeni zaion zentzuan. Elkarte batek bere prentsa bulegoaren bidez ematen dio forma informazio horri, bere interesen arabera, gero hedabideak ere, kazetaritza moldean ordenatzean, bere irizpideen arabera forma eta zentzua emango dio informazioari.

Aldiz, zuzenean Interneten argitaratuta bigarren iragazkia desagertzen da. Bitartekaririk gabeko hedapena da, hedabideetako kazetarien bitartekaritzarik gabekoa den neurrian, baina bitartekaritza guztia ez da ezabatzen, noski, argitaratu aurretik informazioa erakundearen prentsa bulegotik igarotzen baita sarri. Horregatik argi utzi nahi dut nire ustez hobe dela kazetarik gabeko kazetaritza esatea ezen ez bitartekaririk gabekoa. Kazetaririk gabekoa ere ez da izango, prentsa bulegoetan kazetariak ere aritzen diren heinean. Interneten ondorioz, beraz, gero eta lan gehiago izango dute komunikazio bulegoetan eta gutxiago hedabide-bitartekarietan.

Enpresa batzuek ere ikusi dute argitalpen modu horren balioa eta blog-en erabilera emendatuko da datozen hilabeteotan arlo horretan. Berriki Gasteizen, Araba Enpresa Digitala ekimenaren baitan Weblog-ak enpresan gaiaren inguruan jardun zuten. Bertan hizlari egon zen Jose Luis Orihuela kazetaritza irakasleak bere ecuaderno.com bitakoran gai honi buruzko hainbat datu eta lotura interesgarri bildu ditu.

Batez ere edizio sistema automatizatuen erraztasuna, berehalakotasuna eta informazioa moldagarria izatea estimatzen dituzte, alderdi teknikoak beraz, lehenago ere beste modu korapilotsuagoen bidez informazioa argitaratzeko aukera ere bazegoen-eta. Baina bitartekaritza (edo haren sumaketa bederen) are gehiago laburtzen duen argitalpen modua dago, enpresari lotutako weblog pertsonalen bidezkoa. Prentsa bulegoen eta ofizialtasunaren gainetik, enpresa edo elkarteko kideek zuzenean euren albisteak, pasadizuak eta iritziak plazaratzen dituzte bertan. Enpresetako agintarien bitakora pertsonal ezagunak daude, baina Microsoft, Sun, Google eta horrelako enpresetako langile xumeek ere enpresako jardunari lotutako bitakorak izaten dituzte batzuetan, baina bertan idazten direnak euren kontroletik erabat kanpo edukitzea ez dute gehiegi maite enpresek eta komunikabideek. Enpresako sekretuak zabaltzea edo kontu zikinak aireratzea dira horien arriskurik handienak baina, orokorrean, weblog-ek sortzen duten arreta eta informazio trafikoa ez dute inoiz lortuko webgune korporatibo hutsek.

Kazeta batzuek ere bitakorak erabiltzen dituzte euren kazetari batzuei hitza emateko eta eztabaidak pizteko. Argentinako Clarin eta Espainiako El Mundo aipa daitezke arlo horretan, baina dudarik gabe aurrerantzean egunkari gehiago ikusiko ditugu euren edizioetan weblog estiloaren elementuak egokitzen.

LABURRAK

MP3ak Googlen
Googlek ez digu MP3 edo beste edozein audio motatako artxiborik bilatuko. Agian egile eskubideak ez urratzearren edo arazorik ez izateko ez ditu audio artxibo horiek erakusten. Hala ere, bada horrelako artxibo asko aurkitzeko bidea emango digun trikimailua, mp3 izeneko karpetak edo azpidirektorioak bilatzea. Horretarako egin behar duguna allintitle: index of mp3 bilatzea da.

MP3 karpetak
tinyurl.com/6qurd

Sototik e-zinea
Musika experimentala eta elektronikoa hizpide duen Sototik izeneko e-zinea topatu dugu sarean. Zintzilik irratian egiten den irratsaio baten osagarri da e-zine txukun hau eta bertoko hainbat artistari eginiko elkarrizketak irakurri eta entzun ahal izango ditugu bertan: Tzesne, Makala, Act, Xabi Erkizia… Gainera, berriak, loturak eta MP3 artxiboak aurkituko ditugu Oier Iruretagoienak egiten duen fanzine elektroniko honetan.

Faluyako irudiak
Aste honetan irudi gogorrak eskaini dizkigu Faluyan AEBetako soldaduekin txertatutako NBC kateko kazetari batek. Soldadu batek odol hotzean preso, zaurituta eta armarik gabe zegoen irakiar bat hiltzen ageri zen irudiotan. Hala ere, AEBetan ez dituzte irudi guztiak erakutsi, hilketaren unea zentsuratu baitute. Hala ere, eMulen filmaketa osoa dago eskuragarri. Iragan larunbatean irudiok hartu zituena NBCko Kevin Sites dugu, hain zuzen, egun Iraken dauden blogger kazetaririk famatuena. Bere bitakoran kontatu ohi du egunez egun eta bere hitzekin Iraken ikusitakoa, baina testu hau idazteko unean oraindik ez zegoen larunbatekoaren gaineko kronikarik bertan. Zentsura ote?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude