MacGyverrez beste, euskaldunak Hollywood-eko zineman

By | 2006/07/03

Euskaldunak Hollywood-eko zineanDuela urte bi, eMulen aurkitutako MacGyverren serieko atal baten zatia webgune honetara igo eta hemen komentatu nuen euskaldunak zelako modu bitxian atera gaituzten zinean. Western zahar bat ere aipatzen nuen, orain dela urte mordoa ikusi bainuen telebistan Thunder in the Sun filma: euskaldunak Far West-era bidean, indioen kontra borrokan, harriak jaurtitzeko xisterak erabiltzen, irrintzien bidez komunikatzen, flamenco dantzari eta frantsez izenekin… Benetako nahaste borrastea. Handik aste batzutara, MacGyverren bideoa agertu zen Felix Linaresen ETB2ko programan. Ez nuen saioa ikusi, baina konturatu orduko nire hostingaren mugak gainditzeko zorian izan nintzen, Lagun mordoa ari baitzen, interneten bilatuta, bideoa hemendik deskargatzen. Orduan ez zegoen youtuberik eta zaila zen bideoak webgunean erakustea.

Baina geroago Linaresek erreportaia osoagoa egin zuen, arrakastak bultzatuta. Oso ona izan zen hura eta Holywoodek filmetan euskaldunak nola islatu dituen agertzen zuen. Orain Youtuben eskegi dute eta ikusi behar duzue, benetan. Film hura eta McGyverrena ageri dira, baina baita beste adibide barregari asko ere: gezurrezko Bilbo batean moto lasterketa bat, Gernikako bonbardaketa erridikulu bat eta onena: Titanic-en gaineko film batean euskaldunak ustez euskara zen berbeta ulergaitzean. A zelako barreak, andreak tukutu esaten duenean!

One thought on “MacGyverrez beste, euskaldunak Hollywood-eko zineman

  1. Ganora gutxi

    Titanicen gaineko filma ondo aztertu beharra dago. “La noche de” programakoek barruraino sartu zuten hanka, gauzak behar den bezala ez aztertzearren. Film horren ingelesezko bertsioan, jatorrizkoan, alegia, euskarazko elkarrizketa zentzuzko euskaran egina da. Arazoa gaztelaniazko bertsiotik dator. Euskarazko elkarrizketa hura bikoiztu, eta, euskaraz ez zekitenez, tukutu eta beste mila tentelkeria esan zituzten. Berriz diot ingeles bertsioan ez dagoela horrelako ganorabakokeriarik.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude