Gizartea aldatzeko irudimena

By | 2004/06/13

Sarea aldarrikapen politikoak egiteko baliagarria da, publizitate komertziala ezezik kanpainia politikoak egiteko edo norbaiten kontra ekiteko erabiltzen dira webguneak. Baina sarean irudimena izatea oso garrantzitsua da: batzuek inportanteena mezua dela esaten dute, baina mezua bidea bera dela diote beste batzuek. Egia esan mezua, arrazoi osoa edukita ere, nekez jasoko du hartzaileak, modu ulergarri eta erakargarrian aurkezten ez bada. Mezuari irudipena erabiliz forma erakargarriak, bitxiak eta harrigarriak ematen berezitutako webmaster eta diseinatzaileak daude eta horietako batzuk nabarmenduko ditugu gaurkoan.

Oso ospetsuak dira RTmark-en kanpainiak, publizitatea, artea eta aktibismoa nahasten duen kolektibo horrek ekintza telematiko ikusgarriak egin baititu. Korporazioek sortutako produktuen itxuraldaketak eginez. Webguneak aldatu dituzte, askotan, gwbush.com parodikoa kasu, baina ez dira webguneetara mugatzen. Gure arerioaren webgunea itxuraldatzea eta parodia webgunea sortzea oso ohikoa da, haren mezuan ikusten ditugun kontraesanak agerian utziz, ironia edo umorea erabiliz. RTmark-en proiektuen zerrendan ikus dezakegunez, Barbie ekintzailea panpina sortzea edo sabotaia ekintza irudimentsuak egitea proposatzen dute korporazioen aurka. Eurena da gatt.org webgunea, baina euren ekintzarik ikusgarrienetako bat webgune hori ofiziala dela sinetsita Salzburgon hitzaldi batera gonbidatu zituztenean gertatu zen, hizlari faltsua bidali baitzuten sekulako iskanbila sortuz.

Dena dela, ekintzetara igaro gabe ere, internautak badauka interaktibitatea eta irudimena erabiliz gogoetara edo status-a zalantzan jartzera bideratuko duen webgunerik. Washington Post-en webgunean Spheres of Influence izeneko flash aurkezpen ikusgarria dago, Bush babesten duen jende mordoaren informazioak eta euren arteko loturak azaltzen dituena. Arloka sailkatuta dago eta mapa handi baten forma du, leiho txikian mugitzen dugun koadroaren gunea lehio handian zoom moduan ikus dezakegu eta bertan agertzen den pertsona bakoitzaren gainean klik eginez gero, haren informazioa emango digu beste leiho batean.

Boteredun pertsonaien arteko loturen gai bera hartuta, Stanford-eko unibertsitatean Political Friendster jokoa sortu dute, modan dauden sare sozialetan inspiratuta. Friendster-en bezala, pertsona batek dituen lagunak eta haien lagunak ikus ditzakegu bertan. Sartu garenen unean, behekaldeko leihotxo batean jokora gehitutako azken pertsonaia ikus daitezke, gure kasuan Pedro J. izeneko bat. Bere izenean klik eginez gero, haren konexioak ikusiko ditugu: Jose Aznar, Al Jazeera eta Alan Greenspan. Haietako bakoitzean klik eginez gero, bakoitzaren loturak agertuko zaizkigu eta loturaz lotura nabigatuz sekulako ibilbide luzea egin dezakegu Friendster politiko honetan. Bisitariak botoa eman dezake lotura jakin baten gainean, lotura hori mantentzearen edo kentzearen alde. Beraz, konexioak internautek erabakitzen dituzte. They rule webguneak ere loturak erakusten ditu, baina AEBetako enpresa handien artekoak: enpresen atzean dauden pertsonak, haien arteko loturak eta bakoitzaren eragin eremua erakutsiko dizkigu theyrule.net ikusgarriak, Flash formatoan.

Ikusi ez dugun egoera edo toki baten ideia egin dezagun ere balio dute Flash formatoko aurkezpen interaktiboek. Esaterako, Anatomy of a Refugee Camp izenekoak gerretan antolatzen diren errefuxiatuen kanpamendu horietako baten antolaketa erakusten digu. Plano orokorra eta gune ezberdinen zerrenda dauzkagu goikaldean eta, pantaila osoa hartuz, kanpamendua xehetasun guztiekin. Kanpamenduko Ez da oso interaktiboa, erakusteko egina baitago, baina bideojokoen estetika eta alde batetik bestera mugitzeko modua kopiatzen ditu, The Sims jokoaren antza dute marrazkiek. Beste errefuxiatu kanpamendu baten bisita birtuala ikus dezakegu Mugarik Gabeko Medikuen Kanadako webgunean, kasu honetan HTML xaloagoan diseinatua baina azalpen gehiagorekin.

Jokoak ere erabil daitezke ekintza politikorako. Esaterako, Antiwar Game Flash jokoan AEBetako presidentea gara eta aurrekontuak banatu behar ditugu beharrizan sozialen, kanporako laguntza edo gastu militarren artean. Komunikabideak eta boteredunak ere ageri dira eta gastu militarrak gehiegi murrizten baditugu, seguruenik, jokoa galduko dugu. Lehentasunen eta botere faktikoen arteko harremanak ulertzeko era bat da.

Bestelako joko batzuen bidez ere egin daiteke aktibismoa. Esaterako, newsgaming.com webgunean mezudun jokoak sortzen dituen kolektiboa aurkituko dugu, jokoak laket hutsa baino gehiago izan daitezkeela uste baitute. Lehendabizikoa September 12th izan zen, AEBek egiten duten terrorismoaren aurkako gerraren ondorioak erakusten zituen jokoa. Bertan, terroristak akatzeko misilak jaurti ditzakegu hiri batera, tartean dabiltzan zibilak hiltzeko arrisku handiaz. Hildako zibilen ondokoak ere terrorista bihurtuko dira eta jokoak ez du amaierarik, edo agian bai, denak terrorista bilakatutakoan. Azkena, berriz, Madrid dugu, martxoak 11ko sarraskiaren ondorengo Espainian girotua.

LABURRAK

Telebista telefonotik
ADSL bidezko telebista zerbitzua iragartzen hasi da Telefonica. Imagenio goiburupean eskaintzen hasi den zerbitzuari esker telebista telefono hariaren bidez helduko zaigula dio enpresak. Hori dela eta, baliteke aurki ADSL bidezko konexioen abiadura emendatzea, zerbitzu horrek ezinbestez ohikoena den 256 Mbps-ko abiadura handitzea eskatzen baitu. HIlean 48 euro kostatuko da zerbitzua eta 22 telebista kanal, 15 irrati kanal digital, ordaindutako bideo zerbitzua zein Interneterako konexioa emango ditu. Zerbitzu honen probak hasi dira egiten baina gurean saltzen noiz hasiko diren oraindik ez du zehaztu Telefonicak.

Liburutegi digitala
Euskal liburutegi digitala sortu dute sarean Eusko Jaurlaritzak eta Sancho el Sabio Fundazioak. Bertan, oraingoz, fundazio horren 3.000 lan ikuska daitezke, idazkien irudien bidez. Guztira 800.000 irudi daude webgunean, XV. mendea eta 1934 artekoak. Bilaketak egiteko tresna dakar webguneak, egilearen, izenburuaren edo argitarapen dataren araberakoa, lan bakoitzaren orrialdeak irudi bidez ikuskatzeko aukera dago. Laster fundazioak eskaneatuta dituen beste lanak ere sartuko dituztela iragarri dute, guztira 4,5 milioi irudi. Mozilla nabigatzailea erabiliz gero hasierako orrialdeko mezuak ez zaizkigu zabalduko.

Lazarragaren transkripzioa
Juan Perez Lazarragakoaren eskuizkribua aipatu genuen martxoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura departamenduaren webgunean irakur zitekeela iragarriz. Bada, berriki transkripzioa ezarri zuten sarean, armiarma.com webgunean. Dagoeneko transkripzioari zuzenketa batzuk ere gehitu dituzte, internauten ekarpenei esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude