Posta elektronikoaren amaiera (eta II)

By | 2004/05/23

Iragan astean aurreratu genuenez, kinka larrian dago egun posta elektronikoa. Spam edo eskatu bako zabor-publizitateak nahikoa buruhauste ematen ari zenean heldu da birusen azken hilabeteotako oldarra, makina asko kutsatzeaz gain, erabiltzaile askoren postontziak ehunka mezuz betetzen ari dena. Sekulako lanak ematen ari dira Bagle eta Netsky birusak, egunero benetako mezuak aukeratu eta beste guztiak ezabatu behar baititugu. Zaparradak etengabe jarraitzen du eta ez du ematen atertuko duenik. Ahal den neurrian alternatibak bilatu bitartean arduradunak ere aipatu behar dira eta, bitartean, segurtasun neurriak zorroztu beharko ditugu, birusak gero eta makurragoak baitira.

Urtea hasi zenetik Netsky birusa bere aldaera guztiekin ari da gure ordenagailuetara etengabe heltzen. Bere ezaugarriak irakurriz gero ondorioztatu dezakegunez erraza da, makina gutxi batzuk kutsatuta ere, egun daukagun izurritearen zergatia ulertzea. Makina piztu orduko hasten da lanean birusa, gure makinako edozein artxibotan a bilduak aurkituz eta helbide horietara bere burua mozorrotuta bidaliz. Oso atzean geratu dira mota honetako birusen aitzindari Melissaren ezaugarriak. Hark bere burua Outlook-eko lagunen zerrendatik hartutako 50 helbidetara bidaltzen zuen bere burua, kutsatutako makina bidaltzaile moduan jarrita. Netskyk ez dauka 50eko muga hori. Gainera, bere bidalketak mozorratzen ditu, Outlook-ena barik bere bidalketa motor propioa sortuta. Jasotzaileok ez dakigu kutsatuta dagoen makina zein den, horregatik zaila da bere jabeari birusa duela jakinaraztea. Baglek, hori egiteaz gain, antibirusak eta bestelako prozesuak ezgaitzen ditu makina kutsatutakoan, garbiketa eragozteko xedez.

Bitarte honetan birusak erasokorragoak bilakatu dira eta maltzurragoak ere badira, Ingeniaritza soziala esaten zaizkien taktikak erabiltzen dituzte euren burua erakargarriago egiteko, azken finean birusa dakarren artxiboa zabal dezagun edo zuloa baliatuko duen ustezko loturan klik egin dezagun. Izenburu erakargarriak, guretzat fidatzekoak diren lagunek ustez bidalitako artxiboak, gure posta zerbitzuak itxuraz bidalitakoa den errakuntza mezua…

Iazko Sobig.E birusaren aldaera batek zituen ezaugarriak ikusita, seguruenik spammer batek sortua zela ondorioztatu zuten Messagelabs posta zerbitzariko adituek. Dagoeneko, kutsatutako makina asko spam-a bidaltzeko erabiltzen ari dira jabeak ohartu gabe. Birusak iraungitze data izateak -(uztailaren 14ean bere burua hedatzeari uzteko programatuta zegoen) spammerren egiletzaren teoria indartu zuen, izurrite kontrolagaitza sortzeko baino, erabilera jakin baterako sortu baitzuten.

Arduradunak
Egoera honetan badira arduradunak eta lehenengo lekuan erabiltzaile arduragabeak aitatu behar dira. Melissa eta haren osteko birusen ondoren jendea dagoeneko hezituta zegoela eta ez zuela atxekitako artxiboetan klik egingo pentsatzea errakuntza itzela izan da, bistan denez. Experientziarik gabeko erabiltzaile berriak ezezik, hura ahaztuta zeukatenak ere badira, bigarrenez edo hirugarrenez birusak ardurarik gabe aktibatu dituztenak. Egungo birusen ezaugarriak ikusita, segurtasun neurriengatik arduratzen ez den erabiltzaile bakar batek beste milaka erabiltzaileri kalte egingo diela ohartu behar gara. Arduragabeen sailkapen honetan, denbora honetan oraindik kutsatuta daudela ohartu ez direnak daude goiengo postuetan. Garbitu gabeko makina horiek mezu jario molestagarriaren iturburu izaten jarraituko dute, sareko putzu beltzak bilakatuta.

Software enpresak, batez ere jaun eta jabe den Microsoftek dagoeneko gaindituta eduki beharko lukete arazoa, erabiltzaile arrunt baten ikuspuntutik, baina ez da horrela gertazen. Egungo birus askok Exploit iFrame trikimailua erabiliz Outlook zein Outlook Express programen segurtasun zuloez baliatzen dira gure makinan sartzeko. Gainera, Windows sistemaren beraren akatsak daude: aldiro-aldiro, Microsoft-ek segurtasun zulo berria estaltzeko txatal berri baten beharraz ohartarazten ditu erabiltzaileak. Baina txatala agertu aurretik kutsa daiteke makina eta txatalak jarri gabe geratuko diren makinak kutsatuz gero kaltea denontzako izango da, gero eta mezu gehiago etorriko zaizkigulako. Antibirus egileei ere leporatzen diete batzuek egungo egoeraren erantzukizuna. Birusa aurkitzen den unetik enpresek euren programak eguneratu arte igarotzen diren ordu edo egunetan, frogatuta dagoenez, milioika makina kutsa daitezke.

Ez da, momentuz, arazoaren erabateko konponbidea ekarriko duen alternatibarik aurkeztu. Bada egungo doako posta elektronikoaren SMTP protokoloa ordezkatzearen alde azaldu denik. Esaterako, Microsoft ordainduzko MMS teknologia bat ari da garatzen, SMTParen alternatiba seguru moduan saltzeko. Erabiltzaile askok estandar irekien aurkako erasotzat jotzen dute eta gehienek galdera sinplea egiten dute: zergatik ordainduko dugu, SMTPari esker doan daukagun zerbaiten truke? Bada, erosotasunagatik eta segurtasunagatik. Azken finean SMS mezuengatik ere ordaintzen dugu eta iragarkirik gabeko filmak ikusteagatik ere askok telebista zerbitzu digitalak ordaintzen dituzte. Badira, hala ere, Microsoft-enaz gain bestelako alternatibak, bidaltzailea gizakia dela ziurtatzeko erabil daitezkeen Turing-en testak kasu. Baina e-postaren erabilera jakin batzuek badute alternatiba sendorik. Banaketa zerrendak edo buletinak e-postaz banatu barik RSS bidez argitara daitezke eta erabiltzaileak ez du birusen arriskurik izango, feed horren harpidetza nabigatzailearen edo programa baten bidez irakurrita.

Bitartean, milaka aldiz errepikatutako aholkuak jarraitzeko eskatu behar zaie erabiltzaileei. Lehenengo neurria software segurua erabiltzea da. Linux edo Mac OS sistemak seguruagoak dira, baina Windows sistemari eutsiz gero, gutxienekoa sistema eta programak eguneratuta edukitzea da. Ahal dela, nabigatzeko eta postarako Mozilla erabili, edo web bidezko posta zerbitzuren bat. Noski, aurretik espreski eskatu ez baditugu hobe izango da mezuei erantsita datozen artxiboak ez zabaltzea, ezta gure lagun batek bidalia badirudi ere.

LABURRAK

Ezetz esateko aukera
Zentsura sarera ere heltzen da batzuetan, baina oraindik zentsuratu gabeko guneetan nork bere iritzia emateko aukera du. Esaterako, Madrilgo ACP-Indymediaren webgunean egunotan Espainiako printzearen ezkontzaren inguruko informazioak ari dira ematen, gertaera horrek Madrildarrentzat ekarri duen askatasunen urraketak salatuz. Herritarren mugimenduen murrizketa, gastu publiko handiak, eta kontra daudenen jazarpena ageri dira informazio horietan. Gurean ere abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduak, instituzioen “bai” ofizialaz gain, ezetz esateko aukera ere badela aldarrikatzen du sarearen bidez.

Euskal lokuzioak sarean
Euskal lokuzioak biltzeko xedez Intza proiektua izeneko webgunea ezarri dute armiarma.com zerbitzarian. Damaso Intza frantziskotar nafarraren omenez bataiatutako webgune honetan euskarazko 6.195 lokuzio aurki daitezke, zuzenean edo frantsesezko zein gaztelaniazko ordainen bidez aurki daitezkeenak. Proiektuaren abiapuntua eta oinarria Koldo Izagirreren Euskal Lokuzioak bilduma izan da, bertan ageri zirenak zuzendu, txukundu eta beste batzuk gehitu ostean. Helburua euskaldunontzako doako tresna eskaintzea da, hizkera bizi eta adierazkorra lortzeko.

Online lehiaketak
Nontzeberri euskarazko aldizkari digitalak Flash formatoko animazioen Nontzeflash I. Animazio Lehiaketako irabazleak zeintzuk izan diren eman du ezagutzera. Espainiako Ignacio de Diego Pagolak lehenengo saria eskuratu du “La novia de Reanimator” animazioagatik. Kanadako, Errusiako eta Peruko lehiakideek eskuratu dituzte beste hiru sariak. Bestalde, Santurtziko udal euskaltegiak deitutako “Sarean kontari” III. Ipuin Lehiaketa Karlos Zabalak irabazi du. Beste hiru ipuin ere sarituak izan dira euskal euskaltegirik telematikoenaren lehiaketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude