Sareko uste ustelak

By | 2003/12/28

Azken urteotan gure bizitza aldaraziko zituzten hainbat gauza iragarri dizkigute Interneten inguruan. Batzuk benetan garrantzitsuak suertatu dira baina beste batzuk huts egindako iragarpenak dira. Moda iragankor horietako batzuek egun nahiko ergelak dirudite, baina bere garaian entzute handia izan zuten. Hona hemen sareko tontokerien zerrendatxo bat, berriki Kuro5hin weblogean agertutako Top Ten Internet Fads izeneko sailkapenaren moldaketa partikularra.

WAP telefonoak beste aurrerapen eskas bat izan dira. Mugikorraren bidez Interneten nabigatuko genuela esan ziguten, baina oso garestiak dira WAP zerbitzuak, pantaila nano batean lau albiste labur ikusteko. Nork nahi du sarean nabigatu telefono mugikor horiekin, testua baizik ikusiko ez dugula jakinda? Eta hemen, auskalo noiz etorriko den UMTS iraultzailearen zain geunden bitartean heldu zitzaigun Japonian iMode arrakastatsuaren fenomeno sozialaren oihartzuna. Jada aurreratuagoa dago telefonoena, koloretan ere ikusten dira orain gauzak baina oraindik nahiko urrun gaude ordenagailu baten ahalmenetatik eta kostuetatik.

Akronimo digitalak (B2C, B2B, B2G, G2C, P2P…) eta gurean jada izena duten gauzak deskribatzeko ingelesezko hitzak. Soziologoen arabera, taldekoak garela adierazteko modu bat dugu lengoaia bereziaren erabilera, dakitenek bakarrik erabiltzen dituzten hitzak une egokian botatzea.

Edozer sarean saltzea posiblea izango zela esan ziguten. Badira gauza aproposak sarearen bidez saltzeko, diskoak eta liburuak kasu, bidaltzeko errazak direlako eta aukera handia dagoelako. Amazonek erakutsi du sarean dirua irabazi daitekeela, kudeaketa eta estrategia egokiak izanez gero. Baina badira sarean saldu ezin diren gauzak, gure txakurrarentzako janaria, arrain freskoak edo eraikuntza materialak kasu.

PointCast zerbitzua 1997an iragarri zutenean, kontzeptu iraultzailea iragarri zuten. Pantaila babeslea zen, ordenagailua erabiltzen ez genuenean konektatu eta gure pantailan albisteak erakusteko. Honekin push kontzeptua saldu zuten, nork informazioa bilatu beharrean (pull), informazioa guregana berez etortzea. PointCast-ek ez zuen arrakastarik izan, nahiz eta kontzeptu bezala push guztiz oker ez egon. Izan ere, e-posta definizio horretan sartzen da, informazioa guregana dator harpidetza bidezko berripaper elektronikoen kasuan.

Interneteko ekonomiaren miraria ere ustela suertatu zen. Artifizialki hainbeste puztu ostean eztanda egin zuen puxikak 2000. urtean, telematikoa eta birtuala gauza bera ez direla frogatuz eta sareko ekonomiak, edozein ekonomiak bezala ezin duela oinarririk gabeko holograma hutsa izan erakutsiz. Irabaziak epe luzera agindu arren, haien segurantzirk gabe, barra-barra sartutako diruak atzera egin zuen, burtsaren alegiazko merkatuaren laguntzaz gehiegi hazia zela konturatu ostean. Famatuak izan ziren, pelotazoak iraun zuen bitartean, Terra atariarena bezalako espekulazio kasuak burtsan. Enpresei dagokienez, Interneteko atari edo bilatzaile xume bat sortzea eta gero telekomunikazio enpresa bati saltzea zen maukarik handiena. Horixe izan zen Pep Valles, Ole bilatzailearen sortzailearen kasua, edo Hispavistaren sortzaile Elosegi anaiena, hurrenez hurren Terra edo Libertysurf enpresak izan ziren erosleak. Elosegitarrena negozio biribila izan zen, enpresaren truke 36 milioi euro jaso eta urte bi beranduago berreskuratu ahal izan baitzuten Hispavistaren kontrola.

Pertsona digitalekin solastuko ginela agindu ziguten, benetako elkarrizketak izango genituela. Webgune batzuetan sartutakoan konturatuko gara norbait hizketan ari zaigula. Leihoaren bazter batean animazioa ikusiko dugu, normalki neska erakargarri bat, hizketan ari den bitartean ezpainak ere mugitzen dituena. Batzuetan galderak egin diezazkiokegu eta berak erantzun sintetizatuak emango dizkigu, bezeroen arretarako zerbitzuetan erabiltzen dira animazio horiek, baina normalean ezer gutxi konponduko digute aurrez prestatutako erantzun horiek. Garai batean sekulako dirutzak gastatu zituzten horrelako asmakizunen ezpainen mugimenduaren sinkronizazioa hobetzeko baina jendeak, benetako elkarrizketa nahi badu, nahiago izaten du telefonoz benetako batekin aritzea edo benetako bulego batera joan. Honelako moda tontoen artean Microsoft Bob kokatzen du Frozen North-ek, Kuro5hin-en idatzitako artikuluan. Microsoft Bob hau, ordenagailuaren erabilera errazteko asmoa zuen pertsonaia zen, gerora Word programaren klip gorrotatuak izan zuen erabiltzailea tontotzat tratatzeko joeran aitzindari.

Geroago agertu zen Ananova, albisteak ahotsez ematen zizkigun Flash-ekin eginiko horrelako aurkezle birtual batek, baina erakargarritasun handirik ez zuen asmakizunak. Horren kontrako bertsioa, haragizkoa, eskaini zuen nakednews.com albistegi xelebreak, albisteak eman bitartean arropak eranzten dituzten emakume edo gizon aurkezleak. Benetazko albisteak dira, agentziazkoak, eta seguruenik audientzia fidelagoa dute alegiazko aurkezleek baino.

IP bidezko ahotsa ere betiereko promesen artean koka daiteke, denok telefono deiak sarearen bidez egingo ditugun eguna ez baita oraindik etorri. Soinuak heltzen badira atzerapenez izaten da eta mozketa ugarirekin. Elkarrizketa gehienak metaelkarrizketak dira, “Bai, bai, entzuten didazu?” gisakoak. Garapenari denbora pixkat gehiago eman beharko diogu, baina bitartean, Microsoft-ek Netmeeting programa egiteari utzi diola jakin dugu, messenger ezberdinetan soinuaren aukera gutxi erabiltzen den bitartean.

Desagertu den beste joera bat Interneten nabigazteko bezero tontoak izan dira, nabigatzeko baizik balio ez duten pantailak, barruan ordenagailua dute baina erabiltzaileak ezin du gauza handirik egin. Hori bai, erabilterrazak eta xaloak omen ziren bezero tontoa nor ote zen zalantza eragiten zuten iMac-en itxurako makina koloretsu haiek. Gogoratzen dut banku batek saltzen zituela garai batean, baina ez dut ezagutzen horietariko bat daukan inor.

Kuro5hin
http://www.kuro5hin.org

Flashblog eta flashmob

Bitakora batean bat-batean lagun asko sartu, bertan makina bat iruzkin idaztea eta alde egitea, aldez aurretik euren artean adostutako flashblog ekintzak dira sarean sortu den azken joera. Sarearen bidez hitzordua jarrita, internauta asko leku berean fisikoki agertzea den Flashmob joeraren aldaera dugu flashblog-a. Flashmob ekintzek ez dute arrakasta handirik izan, New Yorken eginikoak ez badira. Katalunian, sarearen bidez jarri zuten hitzordua lehendabiziko flashmob-a egiteko.Urriaren 4an, Colom plazan geratu ziren, 18:03etan doi doi estatuari buelta batzuk eman eta “Que vienen los indios” oihukatzeko. Bakarrik 10 lagunek hartu zuten esku ekitaldian eta bik soilik egin zuten oihu, lotsaren lotsaz. Kataluniako porrota ikusita, pentsatzekoa da zer gertatuko litzatekeen gurean honelako deialdiak eginez gero. Bada fenomeno honen inguruan teorizatu eta libururik idatzi duenik eta bada berau erabat gutxiesten duenik ere.

www.flashmob.com
www.smartmobs.com
www.antimob.com

One thought on “Sareko uste ustelak

  1. ander

    Iepa,

    Bakarrik gauza bat. Nere ustez IP bidezko ahotsa ez doa zuk diozun bezain oker, eta atzerrian dagoen jendearekin kontaktua mantentzeko bide merkea denez, jende ugarik erabiltzen du.

    Horri webcam bidezko komunikazioa eransten badiogu, komunikatzeko bide polit bat daukagu.

    Bai, badira gauza batzuk hobetzeke, baina momentuan dagoenarekin errez komunika gaitezke.

    Nik dexente ibili naiz horiekin eta nahiko ongi dabiltza (adsl gabe). Froga ezazu adibidez yahoo messengerarekin.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.