Netscaperen nabigatzailearen bertsio berriak egiteari utziko diola iragarri du AOL egungo jabeak. Erabaki horrek Microsoft ia bakarrik utzi du nabigatzaileen lehian, baina bada alternatibarik: doan, euskaraz eta eraginkorra den Mozilla.
Internauta batzuek gogoratuko dute Netscape Navigator nabigatzaile nagusi zen garaia. Geroztik Internet Explorer agertu zen eta, azken urteotan, nagusituz joan da Microsoftek eginiko nabigatzailea, Windows sistemarekin batera etortzeak eman dion abantailari esker.
Lehenengo web nabigatzailea izandako Mosaic-en ondorengoa izan zen Netscaperen Navigator. Agertu zenean sekulako aurrerapena izan zen, testuei irudiak gehitu baizizkien. Egun ezagutzen dugun web nabigazioaren oinarria diren taulak eta beste elementu batzuk estrainekoz agertu ziren Navigator-i esker.
Baina Microsoftek Explorer atera zuen Netscaperi aurrea hartzeko asmoz. Arlo guztietan egin duen moduan (e-posta, streaming-a, berriketa…) bere programa atera behar zuen Bill Gatesen enpresak, jada bere Windows sistema eragilea erabiltzen zuen gehiengoak nabigatzeko ere Microsoft produktua erabil zezan.
Hasieran kaxkarragoa zen nabigatzaileak laster hartu zion aurrea Netscaperi. Monopolio salaketak ekiditeko, Microsoftek Netscaperena ere sartu zuen Windows sortan, baina bigarren maila batean. Baina, batez ere, HTML estandarretatik kanpo zeuden baliabideak sartuta lortu zuen Microsoftek nagusitasuna. Hasieran, diseinatzaileak webguneen bertsio bikoitzak egitera behartu zituen: bat HTML estandarrerako, bestea Explorer-erako bakarrik balio zuena. Baina azken aldi honetan hain nagusi da Explorer nabigatzaileen arloan ezen egungo webgune asko ikuskatzeko derrigorrezkoa da Windowserako Explorer erabiltzea.
Geroago, Netscapek Communicator argitaratu zuen, nabigatzaileaz gain posta elektronikoa kudeatzeko programa, berri taldeak irakurtzekoa eta web orrialdeak editatzekoa zituen sorta laukoitza. Baina atzean geldituz joan da denborarekin.
Explorer-ekiko lehiak estututa, sekulako mugimendu estrategikoa egin zuen Netscapek 1998ko apirilean, Navigator-en oinarria den Mozilla kodea publiko eta libre eginez. Kodigoa askatze horren ondorioz Mozillak bere bideari ekin zion software librearen eremuan. Orduz gero, Mozilla dexente garatu da hainbat lagunen ekarpenari esker. Netscapek, aldiz, apenas izan du garapenik laugarren bertsiotik aurrera. AOL hornitzaileak Netscape erosi zuen 1999an eta geroago Time Warner enpresarekin bat egin ostean nabigatzailea baztertuz joan da. Aurrerantzean talde horretako komunikabide guztiak bilduko dituen ataria bihurtu nahi dute netscape.com webgunea.
Internauta gehienen aburuz, Netscaperen kodea gehiago garatu edo lehenago askatu izan balute, ez zituen hainbeste erabiltzaile galduko eta egun ez litzateke hilda egongo. Estandarrak errespetatzen ez dituen Explorer bere praktika monopolistikoekin baino, World Wide Web Consortium-ek ezarritako kodeak beteko dituzten nabigatzaileak nahiago dituzten internautak ez dira ados jartzen Netscaperen desagerpena ona edo txarra izango den. Batzuek diote Explorer bakarrik uztea txarra izango dela, Mozilla, Opera, Appleren Safari eta Omniweb nabigatzaileak indarrik gabe geratuko direla eta web diseinatzaileek orain baino gutxiago errespetatuko dituztela HTML estandarrak.
Beste batzuen iritziz, ona da Netscaperen desagertzea eta Mozillari bidea ematea, honek bere aldeko hainbat faktore baititu: alde batetik, nabigatzaile ona da, jaso dituen azken sariek berretsi dutenez PC World eta Linux Journal aldizkariek 2003ko nabigatzailerik onenari saria eman diote Mozillari. Aldiz, Explorer-ek eta haren posta kudeatzaile Outlook Express-ek segurtasun eskasa dute, haien bidez etengabe sartzen eta hedatzen diren birusek behin eta berriro frogatzen dutenez. Netscaperen errautsetatik Mozilla Fundazioa sortu da, AOLk eta beste enpresa batzuek babestua. Netscaperen markak, domeinuak eta teknologia berak hartuko ditu fundazioak, baita enpresako hainbat langile ohi ere, Mozillaren garapena koordinatzeko.
Gogoratu behar dugu Mozilla, nabigatzaile ona izateaz gain euskaraz ere badagoela, birusen aurkako babes sendoak dituela, bere baitan posta programa, IRC berriketa programa eta webguneen ediziorako programa ere badituela eta saretik doan eskura daitekeela… Zer gehiago behar dugu probatzen ausartzeko? Windows, Linux zein Mac OS plataformetarako eskura daiteke 1.4 bertsioa mozilla.org helbidean. Euskaratzeko eta gure hizkuntzan informazio gehiago aurkitzeko librezale.org helbidera jo dezakegu.
www.netscape.com
www.w3.org
www.mozilla.org
www.librezale.org
www.mozillazine.org