Iragan astean heldu zen albiste ona: artxibatu dute EGUNKARIAren auzi ekonomikoa eta, horrenbestez, amaitu da 11 urteko gaubeila, hamaika amesgaizto eragindakoa. Hortaz, ostiralean pozik hurbildu nintzen Andoainera, auzipetuek antolatutako eskertza ekitaldira. Bertan, EGUNKARIAn ezagututako aspaldiko lagunekin topo egin eta, gero, kuku egin nuen erredakzioan, beste batzuk ere agurtzeko.
Biharamunean, agian bisitak oroimena berpiztu zidalako-edo, aspaldi zabaldu gabeko karpeta zahar batean paperak arakatzen amaitu nuen. Nire bekario-esperientziako oroigarri pertsonalak ziren: apunte batzuk, nire lehenengo albisteak eta erreportajeak… Horiekin batera, EGUNKARIAren ale oso bat, 2003ko otsailaren 20koa. Gero gogoratu nuen blog hau itxierak bultzatuta abiatu nuela eta pentsatu nuen: “Tira, aldi oso bat bukatu da, EGUNKARIAren aldeko garaia”, hala biz…
Epaiketa hasi zenean blog honetan erdaraz idatzitako testu bakarrean kontatu nuen zer nolako eskola izan zen niretzat EGUNKARIA, 1995 urrun hartan. Kazetari gazteak ziren, gehienak 30 urte bete gabeak, denak zuzenak eta jatorrak, hartu, artatu, erakutsi, irakatsi, zuzendu, eraman eta ostatu eman zidatenak. Lagun talde horrekiko eskertza infinitoa baizik ez dut, asko ikasi bainuen bertan. Proiektuari emanak ziren denak, gorputz eta arima, eta ez dut esango zenbat kobratzen zuten, ez diru asko zelako, egungo gutxieneko soldatara heltzen ez zelako baizik. Argi zegoen orduan Jaurlaritzaren diru publikoak baino, proiektua aurrera ateratzeko gogoak jartzen zuela indar handiena lantegi hartan.
Lanaldi luzeak eta soldata laburrak izan dira euskal prentsaren eguneroko ogia beti, ohituta dago sektorea, eta hemen ez dago enpresa-gizon aberatsik edo black txartelik. Diru gehiago beti ondo etorriko da, langileen soldatak duintzeko, proiektu berriei ekin ahal izateko, abian daudenei eusteko… Orain, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak esleitzeko irizpideak aldatu ditu, irismenaren kontzeptu eztabaidagarria gehituta. Ondorioz, BERRIAk iaz baino 210.000 euro gutxiago jasoko ditu aurten, eta horrek gehienbat langileen soldatetan eragingo du, jada estuasunean dabiltzanak are gehiago estutuz.
Gehiegizkoa iruditzen zait murrizketa hori EGUNKARIAren auzi ekonomikoarekin parekatzea, aurrekoarri larritasuna kentzen dion hitz-joko errazegia. Hala ere, ez zait gehiegi iruditzen gure egunkari nazionalak milioi eta erdi euro jasotzea, askoz gehiago jaso beharko lituzke beharbada. Lurralde osorako eta hainbat alderditatik ikusita ardatza dugun BERRIAk bermatuta behar ditu mantentzeko eta hazteko behar dituen diru-iturri publikoak. Hala ere, errape beretik edan behar dutela eta, nazionalak eta tokikoak elkarren aurka jartzea ez da oso jokabide eraikitzailea Lakuaren partetik. Jaurlaritzari diru gehiago eskatzeko sinadura-bilketari ekin diote BERRIAkoek, eta nik sinatu dut, bai, tokiko hedabideen alde sinatuko dudan bezalaxe.
Pingback: Bilbo Hiria irratia | IBAIZABAL: EGUNKARIAri eskertza eta “auzi ekonomiko” berria