Demokrazia? Kalifa berria jarri eta kitto!

By | 2011/02/01

Turismoa oso beldurtia da, gatazka edo ezegonkortasuna somatu orduko alde egiten du herrialde batetik. Ikusi dugu egunotan oso turistikoak diren Tunisian eta Egipton. Turista ere nekez nahasten da politikan, batez ere kultura eta hizkuntza aldetik arrotzak zaizkion herrialdeetan badabil. Esaterako, urtero Tunisia bisitatzen duten zazpi milioi atzerritarretatik zenbat bueltatu dira etxera azken urteotan bertako erregimen ustel eta polizialengatik asaldatuta?

Bertako lagun baten eskutik Tunisiako diktaduraren berri izan genuen duela urte batzuk. Mohamed txiripaz ezagutu genuen, geuk ziberkafe batengatik galdetuta. Turismoarekin zerikusirik ez zuen gazteak bere familia aurkeztu zigun bigarren egunean. Ez zen familia txirokoa bera, eta anaia abokatua zuen. Askatasun politikorik ez zegoela argi eta garbi azaldu zigun, presidentea “betirako” zela. Ez, ez zuen berak izaera aktibistarik, maldizio biblikoa balitz onartzen zuen, burumakur, besterik gabe.

Bere aurpegikera vulkanikoa taberna (alkoholdun edariak zerbitzatzen dizkiete atzerritarrei), jatetxe, eskola eta bazter guztietan zeukan Spock jaun modukoa, Ben Ali agintari pro-okzidentala zen. Turismo giden arabera, Maghrebeko herririk okzidentalena zen Tunisia, bla, bla. Baina ez ziren mendebaldeko konstituzionalismoen bermeei buruz, ezta citoyen kontzeptuari buruz ere. Mendebaldearen-aldeko-baina-etxekoekin-diktadura oso gobernu mota ohikoa da mundu arabiarrean. Mendebaldeak horiekiko harremanetan apaldu egin du bere askatasun aldarria, egonkortasunaren aitzakian. Akaso harrituko gaitu Ben Ali Internazional sozialistan zegoela jakiteak. Munduko sozialdemokratek euretakotzat izan dute hainbat urtez herritarren lepotik luxuan bizi izan den autokrata. Orain bota egin dute elkarte horretatik, nolako diktadorea zen jakin dutenean. Noski, Europak Ben Ali edo Mubarak bezalako gizon indartsuak babesten ditu… boterean diren artean.

Poliziari beldurra gizartean sartuta dago gizarte horietan, eurekiko liskarren bat izanez gero jipoitua izango zaren segurantzia baitago. Gafsa hirian lapur gazte baten atxiloketa ikusi genuen. nola ateratzen zuten komisaldegirantz atxilotutako mutil gazteari. Mohamedek “astindu ederra emango zioten” naturaltasunez esan zigun. Tunisiako lagunak turista koitaduoi azaldu zigun: “Une honetan, kafe honetan estatuaren segurtasuneko hiru bat morroi egongo dira. Nik ez dakit zeintzuk diren, baina zarataka hasiz gero berehala etorriko litzaizkiguke”.

Egipton ere ikusi dugu azal turistikoaren azpian baztertuen multzo erraldoia dagoela -harritu nau 83 milioi lagun direla jakiteak- eta ustelkeriaz gain, oinarri poliziala duen erregimena dela. Tunisian Sarea adierazpide bakarra zutela aipatu nuen behin, hor ere zentsura handia egon da urteotan, baina sarerako sarbide nahiko librea zuten gazteek Twitter eta Facebook bidez animatu dira kalera ateratzera. Mubarakek berehala moztu ditu sarea eta telefonoa Egipton, badaezpada ere.

Hosni Mubarak botatzen badute, laster diktadore ohia izango da; botereari eusten badio presidentea izaten jarraituko du. Errepublika izateak dakarren ezegonkortasuna da mendebaldeko agintariei gustatzen ez zaiena. Hori monarkian bermatuago dago, beldurra eta gurtza nahasten baitira. Adibide hurbila dugu Marokon eta, apaingarri demokratikorik gabe, arabiar penintsulan. Bai, berriki Patxi Lopez egondako Qatar eta Dubain ere monarkia absolutuak dira, baina ez pentsa Patxilo eurei errieta egitera joan denik, edo demokrazia zer den irakastera. Ez, gai txatxu hori albo batera utzi daiteke emir batekin negozioez hitz egitean. Putakumeak dira, baina, Unai Break dioenez, gure putakumeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.