Sarea adierazpide libre bakarra denean

By | 2005/06/12

Munduko herrialde askotan ez dago inolako adierazpen askatasunik eta horietako askotan Internet bihurtu da zenbait informazio jasotzeko eta igortzeko bide bakarra. Herrialde musulmanetan nabarmenagoa da erregimen autoritarioek egiten duten prentsaren kontrola eta Internet arrisku moduan ikusten dute gobernu askok, euren kontroletik at dagoen neurrian. Bitakoren fenomenoak ere izan du islarik horrelako herrialdeetan eta askori orain arte ez zegoen aukera eman die gertatzen dena bertatik kontatzeko. Horrek errepresioa ekarri du eta dagoeneko dozenaka blogari gartzelaratuak izan dira euren bitakoretan idazteagatik. Committee to Protect Bloggers batzordea sortu da horrelako kasuak salatzeko eta euren lanak izan du emaitzarik.

Iranen apaiz blogarien fenomeno bitxia sortu da azken urteotan. Mohammad Ali Abtahi apaiz xiita ezaguna da eta itzal handiko blogaria, presidentearen aholkularia ere izan da eta lan handia egin du blogari presoen alde, baina boteretik baztertua izan da azkenaldion eta justizia atzerakoiak diren erlijio epaitegien esku dagoela salatzen du bere bitakoran.

Mojtaba Saminejad 25 urteko ikasle blogaria da eta 2004ko azaroan atxilotu zuen, bere bitakoran beste hiru blogariren atxiloketa salatzeagatik. Urtarrilean askatu zuten eta orduan beste blog bat idazten hasi zen, baina bertan ematen zituen iritziak ez ziren gobernuaren gustokoak eta berriro atxilotu zuen. Ekainaren 2an bi urteko gartzela zigorra ezarri berri diote, “gidari gorena iraintzeagatik”. Mojtabaren kasuak eta aurreko batzuek Committee to Protect Bloggers sorrarazi dute eta eurek eginiko kanpainiei esker lortu dute Iraneko hainbat blogger askatzea.

CPBren gaztelaniazko bertsioa den cpbes.blogspot.com helbidean herialde horietako kasuak azaltzen dira gehienbat. Esaterako, Bahrain herrialdean gobernuak era guztietako webguneak egiten dituztenak erregistro berezi batean izena emanda egon behar dute. Bertako Ali Abdulemam blogaria gartzelan dago, bere bitakoran erregea iraintzea leporatuta. Beste herrialde batzuetan, idazteko ezezik nabigatzeko kontrol estua dago, Saudi Arabian kasu.

Herrialde turistiko baketsu eta egonkorraren irudia eman nahi du Tunisiak kanpotarrentzat, baina lasaitasun hori bertokoekin oso bortitz jokatzen duen sistema polizial baten gainean eraiki du Ben Aliren gobernuak. Tunisiako oposizio politikoa kontrolpean, gartzelan edo erbestean dago. Internet oso zabalduta dago, hiri nagusietan DSL konexioa dute eta ziberkafe ugari dago. Bertan tunezine.com webgunea egiten hasi zen Zouhair Yahyaoui, tunisiako oposizio uzkurrari ahotsa eman nahian, baina poliziak atxilotu eta gartzelaratu zuen. Tortura basatiak eta gartzelako tratu txarrak salatzen jarraitu zuen barrutik, kanpoan haren aldeko nazioarteko kanpainia abian jarri zuten bitartean. Askatu ostean hil zen, aurtengo martxoaren 13an, 36 urte zituela bihotzekoak jota.

Hala ere, Dabbour Mounir-ek bere webgunearen bidez jarraitzen du erbestetik askatasun falta salatzen. Batez ere Zarzis-eko Internauten kasua nabarmentzen du bertan. Zarzis herriko ziberkafe batean atxilotu zituzten zazpi internauta estatuaren kontrako terrorismoa prestatzea leporatuta eta oraindik ez dituzte askatu, nazioarteko hainbat erakundek horren atzean zentsura politikoa dagoela salatu duten arren.

Marokon ez dago blog kritiko askorik, baina zentsura Internetera ere hedatzen da erregea, Sahararen marokiartasuna edo korana aipatuz gero. Ali Lmrabet-en kasuak izan du isla kanpoko blogetan. Saharauiak bahituak barik errefuxiatuak zirela esateagatik datozen hamar urteotan kazetaritza lanik egitea debekatu diote. Saharauiak egunotako intifadaren irudiak eta albisteak kanpora ateratzeko sarea erabiltzen ari dira, ciberintifada deitu diotena antolatuz, ahal duten neurrian, marokoko poliziak telekomunikazio guztiak zelatatzen baititu. Iragan astean saharaui bat atxilotu zuten Bojador herriko ziberkafe batean.

Ziberpunk nobeletakoa errealitatea da herrialde batzuetan, sistema orojakilearen aurka bitarteko teknologikoen bidez borrokatzen baitira blogariak bertan. Horregatik, blogarien babeserako batzordearen bitakoran blogarientzako erabilgarriak diren helbideak aipatzen dituzte, lorratzik utzi gabe bitakora guztiz izengabea lortu nahi dutenentzat. Baina baliabide tekniko eta proxy zerbitzari batzuen helbideak emateaz gain, pribatutasuna mantentzeko eta klandestinitatean idazteko aholkuak ere ematen dituzte.

LABURRAK

Blogari hila Everesten
Rob Milne zientzialari ezaguna zen adimen artifizialaren arloan, baina mendizale porrokatua ere bazen, mendi altuetan ibilitakoa. Azken egunotan Everesten zebilen, expedizio batekin teknologia berri bat probatzen eta bere ibileren berri bitakora batean ematen zuen. Iragan asteburuan, gailurretik 400 metro baino gutxiagora zela, bihotzekoak eman eta hil zen. Maiatzaren 27an idatzi zuen bere azken testua blogean, onik eta eguraldiaren iragarpen ona lagun, gailurrerantz jotzeko prest zegoela adieraziz. Orain internauten doluminak jasotzen ari da bloga bertako iruzkinen bidez.

Applek Intel erabiliko du
Orain arte IBMk eginiko prozesagailuak erabili izan ditu Applek bere Macintosh G4 eta G5 ordenagailuetan, baina astelehenean enpresaren buru Steve Jobs-ek iragarri zuenez, aurrerantzean “askoz egokiagoak” diren Intel markakoak erabiliko ditu. Macintosh-en arkitekturara egokituko diren modelo bereziak izango dira eta 2006an kaleratuko dira lehenengo ordenagailuak, baina lehenago sistema bera ere egokitu beharko dute Intel erabiltzeko. Windowsekiko bateragarritasuna ekarriko duen zalantzak daude baina, adituek diotenez, aldaketak hori lortzen lagunduko du.

Bideoblog pertsonala
Borja izeneko blogari batek Que Vida Mas Triste izeneko bideobloga ezarri du sarean. Berak bertan azaltzen duenez, blogariek eguneroko pasadizuak “testu mordoiloen bidez” kontatzen dituztela ikusita, “igandero eta biharamunarekin” irudi batzuk grabatu eta bere bitakoran jartzea otu zitzaion berari. Windows Media formatoko artxiboetan ezartzen ditu oso bideo pertsonalak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.