Sagarren denbora, sagarrondoena

By | 2010/10/06

Librevilletik abiatu zen hegazkina, Sao Tomera bidean. Aparailu txikia zen, zaharra, ezaugarririk gabea. Dozena bat bidaiari, beltzak gehienak. Gizon zuri ilegorri bati erreparatu nion, sartu zelarik eskuan neukan Espainiako pasaporteari begira geratu zelako, zerbait esatera zihoala iruditu zitzaidan, baina ahoa zabaldu gabe gure atzean jesarri zen. Gure artean euskaraz ari ginen, kilikatuta, batetik hegazkinaren itxura eskasagatik; bestetik, azkenik Alfon ezagutu behar genuelako.

Gure gaztaroko paisaia politiko bortitzaren parte zen Alfon Etxegarai, bere izena Plentziako horma askori ez eze, gure inguru eta sasoiko istorio tragiko bati itsatsia ikusten genuelako. Istorioak Lemoiz zuen izena eta haren ondorioak, tximeletaren hegadak bezala, denboran eta espazioan luzatu dira gaurdaino. Ezagunak genituen bere inguruko gertaerak, denak lazgarriak: David, ihesia, klandestinitatea, armak, GAL, tortura, deportazioa… Alfonek 14 urte zeramatzan irlan ezagutu genuenean, 1998ko urrian.

Gerora Kristianek azaldu zigunez, hegazkineko gizon ilegorri hura Espainiako enbaxadorea zen Gabonen eta, ondorioz, Sao Tomen ere. Destinu berria emana ziotenez, presidenteari agur esatera zetorren. Kristiane ikusi zuenean beregana hurreratu eta, alde egin aurretik, arazoa laster konpontzea opa zion. Su-etena aldarrikatu berritan, gurean gauza asko ari ziren aldatzen Lizarra-Garaziko akordioaren ostean. Gerezi denbora hurbil somatzen zen, hain itxaropentsu zegoen jendea… Osteko desilusio eta atsekabeak ezagunak ditugu denok, baina seguru nago denboraren eta distantziaren higadura handiagoa dela deserrian.

Kristiane
Domintxineko baserrian geunden, atari ondoan. Halako batean, etxeko hormaren ondoko loreen artean zerbait ikusi nuen. Elektrizitate mangera bat zela pentsatu nuen une batez, berehala ohartu nintzen sugegorri mandoa zela, azal beltz-beltzekoa. “Makil batekin uxatuko dut”,  esan nuen. “Uztak bakean, sugeek xantza ona ekartzen dute”, esan zuen Kristianek.

Ezagutu nuenetik pentsatu dut pixkat sorgina dela, guk ez dakigun hainbat gauza dakizkiela izadiaren eta mundu magikoaren inguruan. Irri egiten du malizia ikutu horrekin beti, ez dakit magia edo psikologia intuitibo modukoa den, baina beti harrituta uzten nau, gauzak aztertzean, diagnostiko zorrotzak eginez, baxenafar hizkera xamurrean emanez. Sorgindu egiten duen izaera du. Historikoa, “prehistorikoa” berak esanda, kezkatua eta -bere egutegi erdibituak uzten dion neurrian- gizartean engaiatua. Politikan aspaldi Enbataren inguruan abiatua, gartzelaratua, errefuxiatuen aldeko lanean eta beste hainbat saltsa publikotan ibilia. Azkenaldion antzerkian murgildua ibili da, Ander Lipus eta konpainiarekin, Larzabalen Ibañeta lanaren egokitzapenean ikusi dugu oraintsu.

Alfonso
Ezezagunagoa izan du publikoak orain arte. Bere bahiketaren eta deportazioaren aferak aspaldi egunkarietako orrialde gutxi batzuk bete zituen, baina denborak laster hemerotekara bidali zituen titularrak eta urruntasunak sorterriarekiko kontaktua eragotzi. Nobela baten elementoak ditu bere bizitzak: klandestinitatearen pasadizuak, deportazioa, irla galdua… Bere Regresar a Sara liburuan agertzen duenez, Alfonsok berezko idazkera du, oso barojianoa, bizitzan egokitu zaion pertsonaia bezalakoxea. Formaz xaloa, baina oso lirikoa iruditzen zait eta biziki gustokoa dut bere idazteko era.

Plentziatik 1978an alde egin zuen, arrapaladan, tiroketa batean David laguna galdu ostean. Frantziako gobernuak Ekuadorrera deportatu zuen 1985ean eta bertan zela espainiar polizien eskuetan tortura saio latza iragan eta gero, Sao Tome irla txiki eta ezezagunera bidali. Bero ekuatorialeko labean izan dugu lagun izoztua azken 26 urteotan. Ironikoa dirudi baina udarik edo negurik ez dago ekuatorearen marra zapaltzen duen irla horretan. Urterik ez, beraz, egunen hurrenkera etengabea baino.

Pertsonaia barojatarrengatik erakarpen berezia sentitu dut eta Alfonso zinez barojianoa da. Bizitzea egokitu zitzaion garaiaren ondorioa da bere biografia. Liburuan kontatu zuenez, gudaria izatea erabaki zuen eta Aitita gudariaren istorioa asmatu. Ondoren ametsa egiazkoa suertatu zen: CNTko kide eta Gorlizko Uresarantzako erdikoetxe baserrian jaioa, Remigio Atxirika Ibarbengoetxea Nabarra ontzian hil baitzuten Matxitxakoko gatazkan.

Deportazioa
Benetako errepublika bananeroa da São Tomé eta Príncipe, Woody Allen-en Bananas filmekoaren antzeko karikatura zinezkoa. Hara bidali zuen Etxegarai Felipe Gonzalezek, hango gobernuari dirua ordainduta. Ez Espainian, ezta Sao Tomen ere, inongo zuzenbide estatutan sartzen ez den egoera dugu deportazioa, baina bada, izan. Eta linbo horretako aterabidea zuzenbidea izan arren, saotometar naziotasuna eskuratzeko baldintza guztiak bete arren, behin eta berriro ukatzen dio hango gobernuak, Espainiatik diru apur bat gehiago kobratzea espero duelako. Egoera horretan etxekotua da Alfon eta bere afera, loop burokratiko kafkiano batean galdua, paperbako instituzionalizatua. Aspaldi iraungitako gidabaimen zaharra, hori da berak daukan agiri bakarra.

Irlak beti erabili izan dira gartzela eta deportazio gune moduan. Sao Tomen bertan eduki zuten Mario Soares deportaturik, klabelinen iraultza aurretik. Bertan dago preso 24 urtez Alfonso, 35×45 Kilometroko kontzentrazio esparruan. Hegazkin bat astean behin, Internet gutxi, munduko telefono deirik garestienak (Ipar Korea eta Somaliarekin batera)… Kristiane du sorterriarekiko lotura nagusia.

Filma
Bikote honen istorioak dokumentala egiteko osagarriak zituela konturatu ziren Txaber Larreategi eta Josu Martinez: gatazka, urruntasuna, politika tartean, baina batez ere maitasun istorioa da Alfonso eta Kristianerena. Jatorri eta testuinguru politikoa du, bai, istorioak. Bizitzea egokitu zaigun garaiaren ondorio gara, eta zoriak zulora, gartzelara edo deportaziora eraman gaitzake. Baina horren atzean eta horren gainetik gizakiak gara, gure emozio eta defektuekin, ilusio eta frustrazioekin. Sagarren denbora Filmean horixe ikus daiteke, biografia gorabeheratsuen gainetik bikote proiektu bat nola eraiki den erakutsi digute, kamaren aurrean biluztu dira, giro militanteetan-eta ikusten ohituta ez gauden alde humanoa azalduz. Egileek ederto ehundu dute kontakizuna eta emaitza bikaina da, ikusle guztiak inarrosi dituen filma.

Euskal Herria
Istorio honen abiapuntua eta helburua Euskal Herria dugu, nazio proiektu baten inguruko militantziak etxetik aterarazi eta elkartu zituen xiberotarra eta bizkaitarra. Hona bueltatzea da helburua, baina Kristiane konturatu denez, egotekotan Euskal Herriaren bilakaerari lotua egongo da Alfontsoren buelta.

Nire iritziz, gure herriarentzako estrategia baliagarri baten falta izan du euskal independentismoak azken hamarkadotan. Gauzak horrela, ilusio batzuk sortu izan dira urte hauetan, baina ondorengo desilusioak eta frustrazioak handiak izan dira ezker abertzalea deritzon masa sozial horretan. Indar metaketa beharrezkotzat aipatu arren, indarrak makaldu bitartean negoziatuko dute errepikatu izan da mekanikoki, estrategiaren eta bilakaeraren azterketa zintzorik egin gabe. Urte gehiegi joan dira horretan eta denbora horrek itxaropenerako ahalmena higatu du bertako eta urrunekoengan…

Gure artean aspaldiko ajeak: botere harremanak, borroka hanpatua, aita santuen (eta zaldi eroen) infalibilitatea, usteak eta uste ustelduak, politikarien saio frustratuak eta herritarren atsekabeak, militarismoa, disziplina eta panplina, autoritas baino potestas (eta zokora si protestas). Horregatik gustatu zait aspaldion Alfonsoren zein Kristianen ikuspegi kritikoa, kezkatzen dituelako gure herriaren orainak eta etorkizunak, eta ez direlako zenbait aparatokidek entzun nahi zutena esatera mugatu, entzun nahi ez zutena esaten ausartu dira sarri.

Sagarren denbora, orain
Baserritar zahar eta jakintsu batek aspaldi irakatsi zidan sagarrondoak nola inausi behar diren neguan, uda ostean sagarrak ugari eman ditzaten. Alde handia dago zaindu gabeko eta zaindutako sagarrondoen artean. Esaterako, gorantz indar handiz ateratzen diren kimu berde gazteak antzuak dira ez dute sagarrik ematen, zuhaitzari beste adarretan sagarrak emateko indarra kendu baizik. Sagarrondoari forma eman behar zaio eta urte bat edo biko adartxo horizontalak lortu, horiek emango baitute lorea.

Sagarren denboran gaude egunotan, eta gure aferaz ari naiz orain, ez sagarrak biltzeko garaia delako, fruituak bilduko baditugu sagarrak (arbolak) lehenagotik landu eta prestatu behar direlako baizik. Zuhaitza eta fruitua, biak dira sagar gure herrian, eta uste dut akaso Sagarren denboran gehiago ari dela Kristiane zuhaitzaz, fruituaz baino. Gerezi denboren aldarriek frustrazioak ekarri dizkigute azkenaldion: “laster dena konponduta egongo da” eta gero desilusioa, frustrazioa.

Egia da denborak eta distantziak beren lana egiten dutela, urrun, urrun geratzen da laguna: titular batzuk prentsan eta gero denbora, eta denbora… Eta ahanzturaren putzuan, hemendik gero eta urrunago, gero eta ttikiago. Horregatik, Kristianeren lanaz gain, Sagarren denbora bezalako bizigarriak garrantzitsuak dira Alfonsorentzat: mezuak gurutzatzen dira, gurutzatzen dira gutunak, liburuak, ozeanoa zeharkatzen gogoak, Astondo puntatik Ilheu das Cabras-era. Aranbaltzako sagar bizkaitarra nekez loratuko da sargori ekuatorialean, moztu zuten arren sustraiak hemen dituelako. Domintxineko soloetan bai, sagar ugari emango ditu, baina horretarako ekarrarazi beharko dugu, apurka-apurka, kimak apurtu gabe… Zerura begira egonda ez dugu sagarrik bilduko, sagarra prestatu behar da, baina pazientziaz, mimoz, kimu antzurik sor ez dadin bideratuz. Dena da posible.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.