Eroski merkeena (telefonia mugikorrean)

By | 2009/10/18

Tira, zerbaitetan irabazi behar zuen hemengo enpresa batek eta, une honetan, Hego Euskal Herrian telefonia mugikorreko kontraturik interesgarriena Eroski Movil-ek dauka bere Contigo tarifarekin: deiaren ezarpena doan eta minutuko 10 zentimo, edozein ordutan Espainiako edozein telefonotara. Esan daiteke bertakoa ere dugun Euskaltelen antitesia dela Eroski, ia publizitaterik egin gabe, tarifarik merkeena eskaintzen baitu Elorrioko operatzaile birtualak.

Duela hiru urte hasi ziren agertzen Espainian lehenengo OMV edo operatzaile birtualak, apurka-apurka, operatzaile nagusien (Movistar, Vodafone eta Orange) sareak erabiliz tarifa interesgarriagoak eskainiz. Lotsor hasi ziren OMVak eta inertziak tradizionalen alde jokatu zuen hasieran, baina 2009an inoiz baino erabiltzaile gehiago pasatu dira low cost hauetara. Krisiak gastuak murriztera eraman gaitu arlo guztietan eta, honetan behintzat, bada alde ederra batzuen eta besteen fakturetan.

Tradizionalen alde seriotasuna, denda fisikoak, terminalak doan ematea eta horrelako argudioak entzun izan ditugu… Errealitate gordinak erakutsi digu arazoren bat izan dugunean pazientzia gal dezakegula enpresa serio horietako ozeanoz bestaldeko call center-eko morroiari gure arazoa azaltzen eta bezero izateak ez duela egiazki deus balio (gehiago estimatzen dute konpetentziatik etortzekotan dagoena). Mugikorra ematearena ere, ikusiko dugunez, abantaila baino, operatzailera 12 edo 18 hilabetez lotuko gaituen amuzkia baizik ez da.

Argitu nahi dut ni bezalako erabiltzaile arruntaren ikuspuntutik ari naizela. Akaso oso profil zehatzeko enpresa gizon, gautxori edo kalakariek neurrira eginiko tarifa hobea izango dute… Ez dut uste. Tarifak azkar aldatu eta alternatibak sortzen dira. Beraz, telefoniaren kontu honetan noizean behin burua altxatu eta inguruan zer dagoen begiratzea da onena, urtean behin edo.

Duela hiru urte eratu zen OMV moduan Euskaltel eta handik gutxira Amenarekiko (Orange) haustura gertatu zenean, bigarrenaren aldeko hautua egin nuen. Gutarrek ez zidaten ezer eskaini eta Orangek telefono berriaz gain %50ko deskontua kontsumoetan. Denbora tarte honetan Euskaltelek ez du estrategia aldatu: telebista iragarki asko, baskoak direla, txirrindulariak eta abar, baina tarifak oso garestiak dira. Espainian eragiteko atera duten Viva Mobile horrek ere ez du gauza handirik eskaintzen, (euskara ez den) zure hizkuntzan hitzegiteaz aparte.

Baina bestelako OMV merkeak sortuz joan dira. Internetekiko jarrera onarekin sortu zen Simyo,  8 zentimo minutuko tarifa sinplearekin. Gero Pepephonek 6 zentimokoa eskaini zuen, gastatutako kopuru bera autoa alokatzeko edo hegaldia ordaintzeko deskontua eskainiz. Biek mantentzen zuten 15 zentimoko ezarpena eta aurten etorri dira eskaintzarik onenak: ezarpenaren 15 zentimoak kentzen dituztenak. Horietan onenak Pepephoneren Movilonia tarifa eta Eroskiren Contigo kontratua. Pepephonek proposatzen digun alderaketak argi erakusten du tradizionalekiko haren abantailak, baina ez du Eroskirena kontutan hartzen.  Alderaketa independienteago batek frogatzen duenez, Eroskirena da onena 7 minututik beherako deietan eta, bataz besteko deia 1,45 minutukoa dela kontutan hartuz, ez dago zalantzarik. Eroskiren webgunean zenbat pagatuko zenukeen kalkulatzeko aukera ematen dute (webgunea nahiko motel kargatzen da) eta egungo nire 30 euro inguruko faktura xumea 12koa bihurtuko litzateke bertan. Ez dutela telefonorik oparitzen? Lasai, urte batean aurrezten dudanarekin nahi dudan telefono librea erosi dezaket, inongo loturarik gabe, edo diru hori beste zerbaitetan gastatu eta nire telefono zaharrarekin jarraitu.

Hori ikusita, konpainia tradizionalek bakoitzak bere erantzuna eman du: Movistar-ek kontratu sinplea iragarri du, Vodafonek DiMinuto atera du (dei luzeetarako oso interesgarria) eta Orangek Basico atera du. Hirurak OMVen kontratuen antzekoak, eta derrigortutako denbora loturarik gabe, ez baitute telefonorik oparitzen. Seguraski gauzak aldatuko dira eta are eskaintza interesgarriagoak agertuko dira aurki, CMT erakundeak datozen hilabeteetarako gutxieneko tarifak merketzea agindu baitu. Beraz, adi ibili eta noizean behin… Gogoratu Manuel Luquek esaten zuena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude