Mandela, Gatza, Etxegarai

By | 2008/03/30

MandelaSabotaiak antolatzeaz akusatuta 1962ko abuztuaren 5ean atxilotu zutenetik 27 urte, sei hilabete eta sei egun eman zituen Nelson Mandelak espetxean. 1985ean Pieter Botha presidenteak askatasun pertsonala eskaini zion borroka armatuaren eskubideari publikoki uko egitearen truke. Ez zuen amore eman berak eta gartzelan jarraitu zuen beste bost urtez. 1990ko otsailaren 11an askatu zuen azkenik Hego Afrikako afrikaner gobernuak, terroristekin sekula negoziatuko ez zuela esan zuen gobernu berak. Gogoan dut 80etako albistegietan Mandelari buruzko albisteren bat ematen zuten aldiro aspaldiko zuri-beltzezko argazkia erakusten zutela.

GatzaZornotzako Gatza presoak urtarrilaren 14an berdindu zuen Nelson Mandelaren marka eta oraindik barruan dago. Ez dakit zehazki hala den baina honez gero egun Europan gartzelan urte gehien eman dituen presoa dela entzun dut. Bera epaitzeko erabili zuten kode penal zaharraren arabera aspaldi etxean behar zuen, baina Parot doktrina aplikatu ziotenez gero, 30 emateko bidean da eta hemen ez da ezer gertatzen. Bere zuri-beltzezko argazki aldatu gabeak Mandelarena gogoratzen zidan, harik eta berriki modernoagoa den batengatik aldatu duten arte. Alde ederra dago, barruan ere denbora pasatzen den seinale.

pinkiSabotaiak egiteaz akusatuta Plentziako Fernando Etxegarai, Pinki, 1987ko apirilean atxilotu zuten eta aurtengo urtarrilaren 4an askatu, barruan 20 urte eta 8 hilabete eman ostean, gehienak. Doktrina famatua aplikatu zioten beldur zen baina ez zen hori gertatu eta kalera irten ahal izan zuen. Bi hilabetez Bilboko kaleak zapaldu, lagun zaharrak ikusi-ikutu eta gure gizartean izan diren hainbat aldaketa bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu. Bere burua egoera berrian kokatu orduko jaso du zaplastekoa: Madrildik etorri da ostera barrura sartzeko agindua, doktrina famatua ezarrita. Oso gazte nintzela eraman zuten eta ez nuen bera kalean ezagutzeko aukerarik izan, urte batzuk geroago lokutorio bateko kristalaren bidez baino. Azkenik, duela aste batzuk kalean ikusi nuenean artean ez genekien zer etorri behar zitzaion. Duela urte batzuk baino zaharrago ikusi nuen, halabeharrez, baina begirada gaztea nabarmendu nion estrainekoz ikusten zituen hainbat gauzari so egitean, aspaldiko argazkikoa bezain gaztea. Orain, askatasunaren eztiak frogatuta, berriro beste bost bat urtez nahi diote zigorra luzatu, barrura edo sasi artera bultzatu, urte hauen guztien ondoren atsedena ondo merezia zuen amari bakea kendu.

Lehengoan Txillardegik salatzen zuenez, bidegabekeria onartezina da presoekin gertatzen ari dena, baina ez dirudi aurki presoen panorama aldatuko denik. EAJ eta PSOEren arteko negoziazioetan bidegabekeria honen inguruko kexurik ez da azalduko, euskal presoek ez dute atzean nazioarteko presiorik, presoen aldeko manifestazioak sekula baino makalagoak ikusten ditut, Espainian batzuen zein besteen gobernuek nor baino nor gogorrago arituko dira presoekin, gurean ez alderdi abertzaleek ez ETAk ez dirudi presoen egoera hobetzeko ezer egingo dutenik…

Testu hau argitaratzeko nintzela ikusi dut GARAn elkarrizketa egin diotela Pinkiri, bideoa ere badago Youtuben bere adierazpenekin:

One thought on “Mandela, Gatza, Etxegarai

  1. lima

    Gatzak Europako kartzeletan denbora gehien daraman preso “politikoa” ei da.

    Preso sozialen munduan bada besterik ere.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude