Zu non bizi zaren? Ondotxo dakite alderdiek

By | 2008/03/03

Zu, non bizi zara?Lehengoan etxera etorri zitzaidan EAJk bidalitako propaganda gutun hau. Edo hobeto publizitatea esan beharko dugu? Ez dakit. Egia esan, aspertuta nengoen publizitate banatzaileek tinbrea jo eta erantzutean “propaganda” zela entzuteaz, gero postontzia zabaltzean Lourdeserako txangoen, MediaMarkten edo audifonoen publizitatea aurkitzeko. Baina akaso hauteskundeetako propagandak gehiago du publizitate komertzialetik… Tira, ez da hori gaur hemen plazaratu nahi dudan gaia. “Zu, non bizi zara?” galdetzen du gutunak, galdera tontoa inondik inora. Izan ere gutunean bertan datorren datua baita, nire izen-abizenak eta helbidea. Datu berberak datoz  (aurkeztu ahal izan diren) gainontzeko alderdien gutunetan. Eta horrek zer pentsatua eman dit.

Nondik ateratzen dute alderdiek guri buruzko informazioa? Erroldatik ematen zaie, badakit, baina gero zer erabilera ematen diete informazio horri. Propaganda gutun horietan ez dago datuen babeserako legeari buruzko inolako aipamenik, zilegi da hori? Eta nola funtzionatzen du mekanismoak? Alderdiek zuzenean jasotzen dute errolda euren bidalketak egiteko ala bestelako sistema bat dago? Errolda guztiak jasotzen dituzte ala soilik interbentoreak izango dituzten mahaietakoak? Argi dago datu horiek informatikoki prozesatzen dituztela, baina horretarako baimenduta daude? Aurkezten diren alderdi guztiek jasotzen dituzte datu pertsonal horiek, baita Familia y Vida edo Democracia Nacional bezalakoek ere? Norbaitek hau hobeto ezagutzen badu, galdera hauek hemen erantzuteko eskatzen diot.

3 thoughts on “Zu non bizi zaren? Ondotxo dakite alderdiek

  1. Shepherd

    Ni seguru nago alderdi guztiek prozesatzen dituztela datu horiek eta bestalde, ez dut legearen inongo aipamenik irakurri propaganda horietan.

    Reply
  2. Iñigo

    Kaixo, Jabi:

    Interesgarria iruditu zaigu galdera eta zure artikulua zabaldu dugu gurean. Norbaitek erantzunik izanez gero hona bidaltzea espero dugu. Democracia Nacionalen lehenengo gutuna jasotzean, hori bai, abisatu.

    Reply
  3. Jozulin

    Niri amorru gehien ematen didana da interbentoreek ere apuntatzen dutela nork ematen duen botua. Eta nork ez, ondorioz.
    Iruditzen zait hautesmaiko lehendakari eta ordezkoen esku baino ez liratekeela egon behar erroldaren datuak. Gainera, aurreko hauteskundeetako datuekin gurutzatuta, egin dezakete abstentzionisten zerrenda zehatz-zehatza. Anaia Handia bertan da.

    Reply

Utzi erantzuna Iñigo(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude