ASUS Eee eta eramangarri nano merkeen etorrera

By | 2007/11/25

EeeIzugarri merketu dira ordenagailu eramangarriak azken urteotan, mahaigainekoak bezala, eta Wi-Fi sareen hedapenarekin batera.  Ikusgarria da egun aireportuetako itxarongeletan, tabernetan, liburutegietan edo parkeetako jesarlekuetan zenbat lagun ibiltzen diren ordenagailuekin lanean, nabigatzen edo chat berriketan.

Oinarrizko ordenagailu eramangarria 500 euroren truke edo are merkeago eskura dezakegu egun eta, hortik gora, ahalmenaz gain pisua ordaintzen da: zenbat eta arinagoa eta txikiagoa -eramangarriagoa- gehiago ordaintzen da. Horrela, ordenagailu merkeek 3 Kilo inguruko pisua dute eta 1,8 Kilokoa izateagatik askoz gehiago ordaindu behar da. Egia da asko bidaiatzen den langileak eskertzen duela arintasuna baina geltoki, hotel eta aireportuetan ordenagailuarekin dabiltzan gehienak idazten eta posta irakurtzen ibiltzen dira, lanean ezta?

Bada, Varsavskyren blogean irakurri dudanez, horientzako aproposa den jostailua atera berri du ASUSek, subnotebook-en kategoriako azken bitxia. Eee du izena eta ezaugarri erakargarriak ditu ordenagailua lanerako erabiltzen dutenentzat. Sistema eragile moduan Xandros Linux distribuzioa darabil baina Windows XPren bertsio berezi bat ere onartuko omen du aurki. Aurkezpen honetan azaltzen dute momentuz zer egiteko gai den 250 euro inguru kostatzen den ipotxa.

Hemen oraindik salgai ez dagoen Eee honek ilarak eragin ditu AEBetako dendetan, 250 euro horien truke 7 hazbeteko pantaila, 4Gko flash diskoa, 512 MBko RAM, SD txartelentzako konexioa, hiru USB, Ethernet eta Wi-Fi konexioak, webcam-a, audio sarrera-irteerak, bozgorailuak… eta 900 gramoko pisua.

Uste dut beste asko etorriko direla bide honetatik (ez dezagun ahaztu hirugarren mundurako OLPC proiektuaren XO eramangarri merkea) eta laster arlo horretan ere lehia eta prezioen jaitsiera ikusiko dugula, gurean beranduxeago. Bitartean, zerbait oparitu nahi didanak badaki (2008 gabonetarako akaso)…

6 thoughts on “ASUS Eee eta eramangarri nano merkeen etorrera

  1. euskalseo

    ea laister Euskal Herrian erosteko aukera dugun, ikaragarri gustatu zait “ipotx” hau 🙂

    Pantailaren erresoluzio eskaziak ematen dit bildurra baina SEO lanetan erabiltzeko ondo egon daitekela ematen dit. Nik daramadan trastoak 4 aldiz gehiago pisatzen du eta orain bateriak ordu bat baino ez du irauten , ASUS honek aldiz, 3,5 orduko bateria eta 17 segundotan piztuta egoteko gaitasuna du!

    Estatu Batuetan erosteko zorian egon naiz, baina han entxufe ezberdina dutenez, hobe dela itxoitea iruditu zait.

    Reply
  2. patxi gaztelumendi

    eta zeinen harrigarria den, Varsavskyren blogean sartu eta euskarazko trackback 1 ikustea?

    Mundu osoko bisitariak izango ditu FONeko sortzaileak, eta gu ere han, euskaldunak… pantaila handi zein txikitik euskara ageri agerian.

    Jabi, hori be lortu duzu, lotura apal bat eskainita.

    Reply
  3. Jabi Zabala Post author

    Aupa Egoitz, Zer moduz AEBetatik? Egia esan nik ere, une honetan lagun bat daukat handik eta hari erosteko eskatzeko tentatuta egon naiz baina entxufearena, teklatu amerikarrarena eta garantia… Hona heltzen denean ikusiko, agian ordurako gogoa pasatu zait.

    Baina zuk diozunaren haritik, aireportuetan eramangarriekin ikusi ditudanak ez ziren umeak.. Ez du balio bideoak editatzeko baina nire aburuz aproposa da e-posta irakurri, nabigatu eta idazten duen jendearentzat.

    Bueno Patxi, zelako gauzetan fijatzen zaren! Ez al zen munduaren dominazioa gure helburua? Oraindik urrun gabiltza.

    Reply
  4. Pingback: Teknopataren txokoa > Badator andEeereño...

Utzi erantzuna euskalseo(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.