Saharauien erbestetik blogeatzen

By | 2007/04/14

El ciber de Dajla - Internet cafe in Dakhla refugee campSarearen mirariak! Errefuxiatu saharauien Dajla kanpamendutik ari naiz idazten blogean. Zinema jaialdia dago hemen egunotan. Aljeria hegoaldeko puntan daude saharauien kanpamenduak, Tinduf hiriaren inguruetan, eta horietan Dajla da kanpalekurik urrunena, handik 167 kilometrora. Urrunago egonik baztertuago bizi izan dira beti dajlarrak, “erbestearen baitako erbestean”, diotenez. Aurten kanpamendu honetan egokitu da urtero Javier Corcuerak eta beste espainiar batzuek antolatzen duten Fisahara, IV Festival Internacional de Cine del Sahara goiburukoa. Oso ekimen interesgarria da eta saharauientzat hainbat zentzutan onuragarria, euren egoera ahanzturaren putzutik ateratzen baitu egun batzuetan eta euren egunerokotasun itogarrian ere oasia delako egunotako mugimendua.

Pizzeria en la escuela de mujeres de DajlaZenbait euskaldun etorri gara, tartean hemen hainbeste proiektu lagundu dituzten BIGEko neskak. Hemen behinola aipatu nizuen Maimarenean hartu dugu ostatu, bera baitugu lagun, gidari eta eragile nagusietakoa Dajlan. Emakumeen eskolako zuzendaria dugu eta bertatik enplegu proiektuak ari dira sortzen etengabe. Azkenekoa pizzeria bat izan da, emakumeentzako sos batzuk ateratzeko ideia bikaina eta, festibala profitatuz, egunotako bisitariekin ederto funtzionatzen ari dena.

Kanpamenduetarako nire seigarren bisita den arren, lehenengo aldia da Dajlara natorrena eta benetan gustatu zait jende honek eraketaren bidez nola egiten dion aurre egoera latzari. Orain arte handik kolaboratu dut eurekin, Mujeres De Dajla bloga instalatuz, baina Satelite bidez konektatzen dira sarera eta zibertoki bat egin dute hemen. Azman ingeniari saharauiaren laguntzarekin Internet konexioa eraman dugu ziber honetatik emakumeen eskolara. Beraz, aurrerantzean handik konektatu ahal izango dira, baita laster eskolan dagoen informatika gelatik ere.

Pequeña gran mujerEmakumeen eskolan dauden bestelako lantegiak dira, besteak beste, trikotaje, jostungintza, pasteleria, artisautza denda, ileapaindegia… Tira, euren bloga bisitatzea gomendatzen dizuet denak ezagutzeko. Dena dela, Maima Mahamud ezagutzeko soilik balitz ere bidaiak mereziko luke. A ze emakume indartsua! Bere hitz jarioa zuzena, sendoa eta batzuetan -askotan- zirraragarria da, dagoeneko kazetari askok egunotan ikusi ahal izan dutenez.

Jaialdiari buruz, berriz, hura ez balego ere etorriko ginen Dajlara, baina benetan interesgarria da. Filmen proiekzioak daude egunero eta film batzuk hemen bakarrik ikuskatzeko aukera izango dira, tamalez. Saharari buruz bart ikusi genituen Espera Fati fikziozko dokudrama modukoa eta Hacia el mundo con tus ojos, Gasteizko SEADen lagunen elkarteak prestatua. Beste hainbat film ere badira ikusgai egunotan, baina jaialdiaren inguruan antolatu dutena bai dela interesgarria. Bart dunetan antolatu zuen Mariem Hassan-en eta beste saharaui artista batzuen emanaldia hunkigarria izan zen eta gaur Amparanoia eta Nur taldeak arituko dira zuzenean jaialdiari agur esateko.

Buzzin in my head: Yasar Geidu (Mariem Hassan & Leyoad).

6 thoughts on “Saharauien erbestetik blogeatzen

  1. patxi gaztelumendi

    agur bero bat Jabi.

    Dajla ezagutzeko aukera izan dugunok, begirunez, ia malktan irakurri ditugu berba hauek.
    Maimaren etxean izandako naiz, bere eskolan neskei ordenadoreetan lagundu nien egun batzuetan… maitatua sentitu nintzen, ulertu nituen herri bat herbestean, autodeterminazio eskubidea, zapalketa, bizi nahia eta beste.

    Orain, zu hor eta ni hemen, berba ere ez zaizkit ateratzen.

    Eta gauero, kalera -basamortuan- atera eta zerura begiratzean? Hori bezalako askatasunik ez dago.

    Zugaz berbetan jarraitzeko desiatzen…

    Reply
  2. Amuitz

    Hara! Ez zinen izan blogari euskaldun bakarra Dajlan, aurreko astean.
    Niretzako lehen aldia zen sahararren kanpamenduetara nentorrela, baina ez nuke nahi hurrengo aukerarik galdu. Txundituta etorri naiz etxera.

    Reply
  3. haritz

    Ni berriz ez naiz sekula bertan egon… Baina zure kronikatxoak urrunetik besterik ez bada ere sahararrak apur bat gehiago ezagutzeko beta eman dit.

    Eskertzekoa da horrelako informazioa eskura izatea!

    Gainera, blogen artean orokorrean gehiegi ugaldu ez den bitakoraren jatorrizko izaera oso gustoko dut: Bidaian zoazela osatutakoa.

    Tarteka bada ere izaera hori berreskuratzea euskal blogosferaren onuragarri deritzot.

    Ondo izan eta laster arte!

    Reply
  4. haritz

    euskal blogosferaren osasunarentzat onuragarri esan nahi nuen, zehazki, 😉

    Reply
  5. Jabi Zabala Post author

    Eskerrik asko Haritz, hala bada poztuko naiz. Esan behar dut azkenean Gasteiztarrek egindako “Hacia el mundo con tus ojos” dokumentalak irabazi zuela jaialdia. Xabier Errasti “Jarras”-ek jaso zuen saria eta ikustekoa zen haren aurpegia, desertuko larrosaz gain txapeldunak gamelu zuria jasoko zuela iragarr zutenean… Gameluak ordea ez zuen aretoko atetik sartu nahi, saharauiak temati ahalegindu ziren arren.

    Argazki batzuk jarri ditut Flickr-en.

    Reply

Utzi erantzuna Amuitz(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.