Txozna Vs. Cayuco

By | 2006/09/02

cayucoAste batzuk Txosnapean bizi ostean hartu dut une bat bitakorara bueltatu eta, txosnaren inguruan lerro batzuk idazteko. Lehengo egunean erdarazko blog batean irakurri nuen testu batek errealitate gordin bat ekarri zidan gogora: zein zaila den hedatutako akatsak zuzentzea. Duela 11 urte jakin nuen txosna idatzi behar zela eta ez txozna. Hala ere, nire eragin zirkulo mugatuan txosnaren aldeko kanpainia egin dudan arren, oraindik txozna da nagusi, erdarazko testuetan batik bat. Gure bizkai mendebaldeko euskalkitik euskara batura hedatutako berba da, garai batean etxola bat izendatzeko erabilia.

Baina gaizki idatzitakoek masa komunikabideen laguntza dutenean alferrekoa da haien hedapenaren aurkako gurutzada indibiduala (Euskadi Gaztearen betiereko weborria dut gogoan), komunikabide tradizionalek ez baitute informazioaren ondoan iruzkinik agertzeko aukerarik ematen. Hori da euren aje nagusia egun, blogosferatik ikusita.

Esaterako, inpotentziaz ikusi nuen duela hiru bat urte hasi zela Zorrozaurre hedatzen, Deustuko erriberako Botika zaharreko gunea izendatzeko. Zorroza ibaizabalen kilometro bat beherago egon arren, portuak kanalaren sarreran libre utzitako zabalgunean Aste Nagusiko kontzertuak hasi ziren egiten bertan eta izen berria behar omen zuen dagoeneko izena zuenak. Halako batean, gerra hori galdutzat jotzen nuenean, agertu zen (hedabideetan noski) Botika zaharra eta badirudi apurka-apurka gailentzen ari zaiola Zorrozaurre izendapenari.

Bidenabar, Bilbon gauzak izendatzeko moduaren adibide bereziki iraingarria izan da urte askoan Francesc Macià abertzale katalanaren omenezko kaleari Francisco Macía esatea udalaren agiri eta kaletegi ofizial guztietan. Antiespainiar sutsua zena omentzea bere izena espainiartuta, hori da Bilboko udalaren sentsibilitatea hizkuntzarekiko.

Baina albistegietara bueltatuta, kazetaria euskalduna izatea ez dut uste aitzaki onargarria denik Cervantesen hizkuntzan mintzatzean ETB2an egin ohi diren hankasartzeak onartzeko. Maite dut erdaraz zuzen idaztea eta irakurtzea, horregatik Teleberriko erdarak ere kezkatzen nau.

Oraintsu arte patera ziren Marokotik zetozenak bederen, eta orain zabaldu da cayuco izendapena Mendebaldeko Saharaz hegoaldeko etorkinak ekartzen dituzten egurrezko bateletarako. Cayuco, ordea, Hego Amerikan erabiltzen den hitza da, oso bestelakoak diren ontziak izendatzeko. DRAEk dioenez, zera da cayuco bat:

1. m. Embarcación india de una pieza, más pequeña que la canoa, con el fondo plano y sin quilla, que se gobierna y mueve con el canalete.

Afrikarrak dira, ez indioenak, askoz handiagoak dira, gila daukate, motorrez mugitzen dira eta lemaz gobernatu. Beraz, Mauritaniatik eta Senegaletik 80 lagun ekartzen dituzten batel handi horiek ez dira cayuco-ak.

Lazaro Carreterekin ikasi dugu singladura ez dela bidaia, egun batean (24 ordu) egiten den bidaia zatia baino. Armada batean efectivos ez dela soldadu kopuruaren sinonimo hutsa. Baina alferrekoa da akatsak nabarmentzea kazetariak birziklatzen ez badira. Gogora datorkit orain TVEko Telenorte albistegian egiten zuten euskarazko laburpena. Emakume baten ahotsak eguneko albisteak aipatzen zituen, aurreko urteetan landutako arauak eta irizpideak islatzen ez zituen euskara batean. Azkenik konpondu dute arazoa TVEkoek, laburpena kenduz.

Baina akatsak zein erraz hedatzen diren esan dut lehenago, inork zuzenak diren egiaztatu barik. Lehengo egunean, TVE1 kate espainiarrean sukaldaria ari zen:

Hemos freído esto y luego…
-frito -zuzendu zion aurkezleak
-Si, claro, ya ni se lo que digo…

Aurkezleak ziurtasun osoz esandakoarekin bat egin zuen sukaldari gaixoak, freído ondo esanda egon arren. Izan ere, gizartean oso zabaldua dago aurkezlea edo kazetaria kamara aurrean egoteagatik derrigorrez ondo mintzatuko den ustea. Uste eta estatus ustela, kamarak emandakoa. Aitzitik, zenbat eta entzulego handiagoa izan, erantzukizun handiagoa du hedabideak gizartearekiko.

2 thoughts on “Txozna Vs. Cayuco

  1. ana

    Ona; arrazoia duzula iruditzen zait, eta ematen dituzun adibdieak erabat adierazgarriak dira. Gogotsu eta indarberrituta itzuli zarela dirudi. Bda, ongi etorri eta segi horrela.

    Reply
  2. Gorka

    Tamalez, cayuco erabiltzen jarraitzen dute calamo currente… Atzoko ETB1-eko gaueko albistegian bertan. Eta nire galdera da, aldatuko ote litzateke zerbait, objetu bat izendatzeko hitza gaizki erabiltzen den bakoitzean objetua bera zerutik buru gainera eroriko balitzaiguke? Bai, aldatuko litzateke: ez liokete batel edo patera esango hala ere, baina cayuco ordez koltxoneta esaten hasiko ziren, zer gerta ere.

    Reply

Utzi erantzuna ana(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude