Eramangarri berria: Mac barik PCa aukeratu dut oraingoan

By | 2006/06/13

inspiron 6400Maczale sinestuna nintzen duela hamar urte. Komunikazioaren arloan lan eginez, autoedizioa, diseinua, segurtasuna… Faktore asko ziren Mac-eroak gutxiengo jaso horretako kide harro sentiarazten gintuztenak. Baina gauzak aldatuz joan dira denboraren podazuz eta aukera ez da lehen bezainbat argia niretzako. Eramangarri berria erosi behar eta, hainbat buelta eman ostean, azkenik PC bat aukeratu nuen duela hilabete. Aukera egokia egin dudala uste dut eta pozik nago makina berriarekin.

Inoiz baino mac gehiago ikusten dira bazter guztietan (blogak 2.0 topaketan baziren iBook eta Powerbook franko). Ipodak sona eman dio Appleri eta bere Mac OS X sistemaren egonkortasuna ere haren aldeko faktorea da. Bistan da Mac OS X oso sistema indartsua dela, baina garai batean ez bezala, egun ez dago Windows XP batean egin ez daitekeenik. Hardwareari dagokionez, berriz, oso indartsuak dira Applek atera berri dituen MacBook berriak, Intel Core Duo prozesagailu bikoitzarekin, baina Centrino motako PC eramangarri berriek ere Core Duo prozesagailuak dakartzate. Faktore erabakigarria, dudarik gabe, dirua da. Goazen, beraz, zer nahi dugun ikustera eta, ondoren, produktuak alderatzera.

Eramangarria nahi nuen, noski, baina pantaila txikikoa ez: web diseinua eta irudien moldaketak egiteko 15,4 hazbetekoa nahi nuen (baita filmak ganoraz ikusteko ere, noski). Prozesagailuak guztiak dira onargarriak, baina badirudi Intel Centrinoek energia hobeto profitatzen dutela AMD eramangarriek baino. Aurten atera berri diren Centrino Core Duo prozesagailu bikoitz horiek interesgarriak dirudite, batez ere gauza bi aldi berean egiten onak direlako. Diskoa ere ona nahi nuen, 60 Gigako SATA bat gutxienez, eta Giga bat RAM. Gainerako ezaugarriak garrantzi gutxiagokoak ziren.

PC ala Mac? Duela bost urte erosi nuen iBook-a, dirutza gastatuta, baina dexente merkeagoak dira orain eramangarriak, PCak batez ere. Orduan ez nekien Windows erabiltzen (Joxek Applerekin jarraitzeko aipatzen duen faktorea), baina azken hiru urteotan XP erabiltzen ikasi dut lantokian, halabeharrez. XP askoz ahaltsuagoa da Windows 98 baino. Mac OS X ere sistema sendoa eta ahaltsua da, baina programa sendoenak egun XPrako ere badira, arazorik gabe. Egia da PCekin kontuz ibili behar dela, birusekin-eta, baina egonkortasuna irabazi du XPk eta babes neurri batzuk jarraituz gero ez da aparteko arazorik izango.

Ezaugarri horietako hainbat makina konparatu nituen eta, 1.100 euroko Acer bat erostekotan nengoela, lagun batek Dell-en webgunean begiratzeko aholkatu zidan. Bertan aurkitu nuen Inspiron 6400 hau, azkenean erosi dudana. Eskatzen nituen ezaugarri guztiak zituen, baina Acerrak ez zituen TV irteera, Firewire eta giga batzuk gehiago bazituen honek. Merkeagoa zen eta gainera Dell-en zerbitzu teknikoaz iruzkin hobeak irakurri ditut Acer-en inguruan baino. Beste lagun batzuek normalean han erosten dute eta arazorik ez dute izan inoiz.

Zenbakiek argi eta garbi hitz egiten dute: Dell Inspiron 6400 guztira 969 euro kostatu zait (BEZ eta entrega barne), dendetan antzeko bat 1.400 inguru kostatzen den bitartean. Dell-en eskaintzak aldatzen dira egun batetik bestera eta une honetan Inspiron 6400 bat eros dezakegu 700 euroan: Centrino duo, nukleo bikoitzeko prozesadorea, 2 giga RAM, 60 GB sata diskoa, 15,4ko pantaila panoramiko dizdiratsua… Kriston pepinoa, nire ustez. Zergatik honelako makina bat kostatzen da bi bider gehiago dendetan? Eta antzeko ezaugarriak dituen Apple bat zergatik kostatzen da ia hiru bider gehiago? (2.429 euro). Sistema da aldea? Hardwareak dituen aukerak profitatzen dituzte sistema biek. Orduan, Zergatik ordaindu beharko nuke diferentzia erraldoi hori?

Guk uste genuen Gatesen inperioari aurre egiten zion gutxiengo kontzientziaduna ginela… Baina monopolioaren aurkari jatorrak ez gara maczaleak, Linuxeroak baino. Egia da orain arte Linux ez dela oso erabilgarria izan informatikaz ez dakiten-dakigunontzako, baina gero eta erabilterreza ere bada. Gu, azken urteotan, beste monopolio txiki edo botere baten mesedetan, enpresa pribatu baten mesedetan aritu gara eta enpresak esker onik ez digu erakutsi. Joxe Rojasek ondo daki hori eta antzeko gogoetak egin zituen apirilean Joxe Aranzabal maczalearen Zergatik Apple? testuaren iruzkin batean. Nik, hala ere, PC ezezik Mac ERE erabiltzen jarraituko dut oraingoz, lanean zein etxean.

2 thoughts on “Eramangarri berria: Mac barik PCa aukeratu dut oraingoan

  1. Gari

    Zorionak Jabi!

    Animatu eta instalatu Ubuntu berriena. “Pepino” hori ederki ibiliko da eta!

    Reply
  2. iker

    Ondo egin duk, ni ere MAC eta PC ordenadorekin nabilek eta gaur egun ez zegok alde handirik. Egia da diseinu grafikoa dudala lanbide eta MACak malgutasun ederra eskeintzen duela alor honetan.

    Reply

Utzi erantzuna Gari(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude