Txapelaren inguruan

By | 2006/04/27

Euskaldunon betiko ikurtzat hartua dugu txapela, gure izaerari eta irudiari erabat atxikia, baina egiazki ez ei da sortzez euskaldunona ezta betikoa ere. Xamarrek beti esaten du XIX. mendekoa dela, azkar hedatutako moda berria. Atzo ETBn txapelaren inguruko erreportaia interesgarria eman zuten, frantziar batzuek hemengo batzuekin batera egina. Txapela Biarnotik gurera pasa eta berehala hedatu zela kontatzen zuten… Ez dakit non sortua den, Biarnon beharbada, baina artzainen artean izango zela irudikatzen dut. Berehala, pobreen buruak babesteko primerakoa zela frogatu zuenez, konnotazio sozial eta politikoak hartu zituen: hiritarrek eta aberatsek kapela erabiltzen zuten bitartean, baserritarrek eta proletarioek txapela.

Laster zabaldu zen militarren artean (egun militarrentzako asko ekoizten du Elosegik), txapela soldaduen sinbolo bihurtuz. Txapeldun ezagun asko izan dira munduan azken ehun urteotan: Zumalakarregi jenerala, Borotra tenista, txapelgorriak, milizianoak eta pantera beltzak, Malraux, Hemingway, Che Guevara, Marlene Dietrich, Bonnie and Clyde… Baina munduan gehienek ez dute txapela euskaldunekin lotzen, askoz gehiago dira frantziarrekin lotzen direnak… Tira, egia da ere askok ez dakitelako zer den euskaldun bat. Behin, Brooklyneko antiguedade denda bateko erakuslehioan txapel bat ikusi nuen eta ezin izan nion nongoa ote zen jakiteko gogoari eutsi. Baionan eginikoa zen.

Kubako Santa Clara hirian izan nintzen beste batean, Che Guevararen omenezko mausoleoan. Azpian museoa dago eta Cheren bizitza kontatzen duen hainbat testu, argazki eta oroigarri. Han zegoen, kristalezko urna baten barruan, Che Guevararen txapela, txapel iraultzailea, fotogenikoa, ikonikoa… Euskalduna ote zen, barruko zigiluren batek agertuko zuen agian… Makurtuta, burua lurrean ipinita ia, barrenean zigilu moduko zerbait zegoen, oso hondatua. Ezin izan nuen ezer ulergarririk irakurri baina akaso bai, nire subjetibotasunetik pentsatu nahi dut-pentsatzen dut txapel euskalduna zela.

3 thoughts on “Txapelaren inguruan

  1. axier

    Iraultzaile, abeslari, kultureta, idazle eta abarren burua estali zuen garai batean baina garaiak aldatzen ei doaz… eta orain dirua beste buru ez hain erromantikoetan nonbaiten topatzen da.

    Reply
  2. Pingback: zabaldu.com

Utzi erantzuna Magabila(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude