Erantzuna: bai, nik bilbohiria.com entzuten dut!

By | 2006/03/02

Bilbon ez dela euskararik entzuten?Kolaboratzaile sorta ederra bildu du Bilbo Hiria irratiak azken boladan eta une honetan saio berezitu on asko ekoizten ari da euskal hiriko irratia. Saioak egiten dituztenen izen batzuk aipatzearren, Mikel Urbeltz, Pedro Elias Igartua, Txuma Murugarren eta beste asko. Giro urbanoko irratia da eta haatik euskalduna. Konplexurik gabe Bilbo hiri euskalduna ere badela aldarrikatzen duena. Askok erdararen eremutzat duten Bilbo hori euskal metropolia da eta milaka euskaldun bizi gara bertan.

Bilbo Hiriaren irrati seinale analogikoak Bilbo Handia deritzona hartzen du. Bere FMko 96.0an entzuten da Basauritik Gorlizera, Txorierritik Santurtzira, eta milaka dira Euskal Herriko hiririk handienean, Bilbo Handian bizi diren euskaldunak, 55.000 edo horrelako zeozer. Baina Bilbo Hiriaren seinalea dagoeneko ez da Bilbo Handira mugatzen.

Programazioa sendotzeaz gain, hobekuntza teknikoa ere egin du irratiak, bertan ekoizten dugun irratia.com irrati-bitakoraren bidetik. Azpiegitura informatikoa eta telematikoa prestatu dugu etxean, sarean ere hosting aproposa eta sendoa hartu dugun bitartean. Langileen trebakuntzan eta webgunearen prestaketan ordu mordoa sartu dugu helburu batekin: bere programazioa osorik podcast eran eskainiko duen lehenengo irratia izatea. Eta gaurdanik zuk zeuk ere, internauta euskaldun horrek, entzuteko aukera izango duzu, edonon zaudela ere, edozein ordutan, zure gustoko programa.

Interneten bidez zuzenean emititzeaz gain, bloga ere bada eta, irratiari buruzko jakingarri guztiak emateaz gain, albiste eta ohar interesgarriak aurkituko dituzu bertan. Baina bere ezaugarririk interesgarriena Podcast asuntuan dago, dudarik gabe. Ezagutzen ez duenak seguru bere gustoko saioren bat aurkituko du eta, aurrerantzean, nahi duenean entzungo du mp3 formatoan, etxean, jogging egiten edo metroan, lanerako bidean. Besterik gabe, zuekin bilbohiria.com.

5 thoughts on “Erantzuna: bai, nik bilbohiria.com entzuten dut!

  1. Julen

    Zorionak eta eskerrik asko egin diguzuen opariagatik. Duela urte batzuk Bilbo Hiria ondo hartzen nuen etxetik, baina orain seinalea txarto heltzen da. Pena berezia ematen zidan Piperpolis ezin entzuteak, eta albiste bikaina da gaurko hau.

    Segi horrela!

    Reply
  2. Jabi Zabala Post author

    Bai, izan nintzan aurkezpenean. Eguerdian bazkaria egin genuen kolaboratzaile batzuekin, eurei webgunea erakutsi ostean. Arratsaldean, jendaurreko aurkezpena izan zen, alegiazko irratsaio baten bidez. Gure programazioa osatzen duten saioei errepasoa eman zieten Mieltxok eta Isabelek, teknikariek saioen lagin batzuk sartzen zituzten bitartean. Oso polita izan zen. Gero hitza eman zidaten eta nik webgunearen nondik norako guztiak azaldu nituen. Saioa amaitzeko, Galder eta Ane para ziren mikrofonoen aurrean eta John Trollope pertsonaiaren bidez osatu zuten irratiari buruzko istorio bat.

    Gero kontzertua izan zen, The Solanos eta La Kinky Beat, baina ni oso nekatuta nengoen eta gripea ate joka neukan. Giro bikaina zegoen baina kontzertua amaitu aurretik alde egin nuen.

    Reply
  3. Magabila

    (Bilbo da, seguraski, unibertso guztian euskaldun gehien kontzentratzen den espazioa)

    Reply
  4. donostia

    Magabila, harrigarria zu bilbotarra ez izanik halako kontzesioa egitea. Bilbotarrentzat, Bilbon “gehien” denetik omen dago…

    Reply

Utzi erantzuna Magabila(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.