Zergatik, zertarako idazten dugu?

By | 2006/03/13

Mezuak blogtiletan

Trikuharria(Argazkia Txanodunaren kortesiaz) Hainbeste blogari, lehen ere bazen hainbat idazle… Zerk bultzatzen gaitu idaztera? Gutxi batzuen kasuan irabazien esperantzak, bai, baina gehienon kasuan beste arrazoi sakonago eta existentzialago batzuk badirela uste dut. Ospea? Bai, Luistxok dioenez, etorkizunean denok izango dugu gure 15 harpidedun. Autoritatea (besteen onarpena)? Gaur egun askoz bide eraginkorragoa da horretarako telebistan minutu batez agertzea, hamar urtez prentsan edo blog batean idazten jardutea baino. Mezua zabaltzeko gogoa? Enpatia bilatzea edo gure ikuskeraren bertsio ofiziala argitara ematea. Gauza bera esan daiteke, eraginkortasuna oso mugatua baitu idazleak.

Arrazoi horiek, dena dela, hor daude, euren indarra dute eta honetan ez dago eragile bakarra, hainbaten batuketa baino. Baina nik, ikuspegi existenzialistara bueltatuta, gure testigantza, gure mezua uztearen beharra nabarmenduko nuke. Seguru Eugene O’Kelly horrelako zerbaitek bultzatu zuen idaztera, medikuak hiru hilabete geratzen zitzaizkiola esan zionean.

2005eko maiatzaren 24an Eugene O’Kelly bere medikuaren bulegoan sartu zen, burua eta agenda zereginez beterik eta etorkizuneko planak ondo programatuta, goi mailako exekutibo bati dagokion moduan. Sei egun geroago KPMG enpresako agintaritzari uko egin zion. Bere planak 100 egunera laburtuta. Agur esatea bihurtu zen bere helburu nagusia. Lau hilabete geroago hil zen, I was blessed. I was told I had three months to live goiburuko liburua idatzi ostean. Beste lehentasunik ez zuen izan denbora horretan.

Ez dut bide makabro horretan sakonduko, baina egia da gure ondorengoentzat gure zati bat gordetzeko nahiak ere gidatzen gaituela. Zergatik eraiki zituzten cromlech-ak, zergatik jartzen dira izenak hilarrietan? Zergatik margoztu zituzten eskuak SantimamiƱen? Eta asmo horrek huts egiten du gehienon kasuan. Gu bagoaz, gure lanak geratzen ei dira hemen… Eta obsesioa bilakatzen da mezua uztea, botiletan mezuak, naufragoak bezala. Hainbat botila hartu eta hainbat mezu idatzi baina inoiz ez dugu bakar bat ere norbaiten eskuetara helduko den erabateko ziurtasunik. Urrunegi joan gabe, ez dakigu gauza handirik gure birraitita-birramamen gainean… Zeintzuk ziren euren kezkak, euren eguneroko gauzak, euren lagunak, nondik ibili ziren… Horrelako kezkarik izan zuten inoiz eurek? Idatzi zuten bitakorarik edo egunerokorik?

Guk idazten dugu, batzuoi paperezko liburuetan argitaratzen dizkiete idatziak, beste batzuei prentsan, batzuek bloga dute… Baina horrek botiletako mezuen moduan, ez du erabateko fidagarritasunik eta agian horrek kezkatu beharko gaitu. Bai? Momentuz, harlauza batean mailukadaz idatzitakoak blog bateko mila testuk baino iraunkortasun gehiago du. Hemerotekak, berriz, Egipto zaharreko hilobi bat baino askoz ilunagoak eta hauskorragoak bihurtzen dira denborarekin.

One thought on “Zergatik, zertarako idazten dugu?

  1. Jozulin

    Ba idazten dugu (dut):
    -Iritziak zabaltzeko: nori ez zaio gustatzen “pontifikatzea”?
    -Jolasteko: zati handi batean helburu ludikoa dut nik behintzat blogean
    -Pentsatzeko: pentsatzen dudana hobeto antolatzen laguntzen didalako (Sarri)
    -Egoa: tira, baliteke…
    -…

    Dena den, gure mezuen iraunkortasunari buruz, ez dakit zenbat iraungo duten hor nonbait gordeta. Rosseta harria hor dago milaka urte geroago, baina gure mezuak non egongo dira etorkizunean?

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude