Algarabia ederra profetaren inguruan

By | 2006/02/07

IroniaArgazkiko kartelak ondo adierazten duenez (Moztu burua Islama bortitza dela pentsatzen duten horiei), mundua erabat aztoratuta eta zoratuta dago, marrazki hauen inguruan sortu den iskanbilarekin.

Askotan pentsatu dut, Espainian dagoen fatxerio harroaren portaerak eta nola hemengo guztiari nolako punta ateratzen dioten ikusita, miraria dela TMEO oraindik kalean egotea… Baina taliban hauek karikatura xinple batzuen aurrean nola erreakzionatu duten ikusita, eskerrak eman nahi dizkiot Allah-ri (bihozbera eta errukitsua) zenbait herrialdetan nire aldizkari gogokoena irakurtzen ez delako.

Maltzurki pentsaturik bururatzen zait TMEOn bertan agertzeko moduko istorio bat: Espainiari kalte egin nahi dion euskaldun independentista batek profetaren irudi benetan iraingarri bat publikatu eta, nazioartean espainiar bezala erroldatuta gaudenez, biharamunean Espainiako enbaxada piloa sutan… Mundua benetan zoratuta dago.

Islama praktikatzen dutenei errespetu guztiarekin nire iritzia eman nahi dut erlijio horri buruz: erlijio atzeratua dela uste dut, ertarorako guztiz normala baina XXI. menderako erabat atzeratua. Gaindituta filosofikoki, erabat dogmatikoa delako eta, saiakera batzuk izan diren arren, ez du orokorrean aurrera egin bere hainbat planteamentu berraztertuz eta dogma horietako batzuk bertan behera utziz. Kristautasuna ere dogmatikoa da bere funtsan, katolizismoa erabat erridikulua egun bere planteamendu magikoekin-eta (santuak, mirariak). Baina mendebaldeko gizartean izan dira dogma horiek botatzeko beste indarra izan duten hainbat pentsalari eta korronte, elizaren indar erreakzionarioari gailentzeko bestekoak.

Bidenabar, ditxosozko marrazkiok duela hilabete asko kaleratu ziren eta ez zen ezer gertatu harik eta Europako imam batek herrialde islamikoetan horren berri eman arte, euskaldunoi tarteka AVT eta gainerako talibanekin gertatzen zaigun moduan. Egia da hainbat faktore pilatu direla azken erreakzio hau eragiteko: palestina, neokolonialismoa, Irak eta petroleoaren lapurreta, (zibilizazio talka esaten dioten horren testuinguruan), Gorka Sastrakaren gerra global gurutzatua, bla, bla… Eta herrialde arabiarretan gazte gehienek maite dutena ez da meskitara joatea, diskotekara baino. Kontuz, ez sinetsi telebistak dioen guztia! Batzuentzat adierazpen askatasunak ez du babesten komiki inuxente bat argitaratzea baina bai Europako kale batean marrazkilariak urkatu behar direla aldarrikatzea.

France SoirEta orduan, ateratzen dira frantziarrak, euren burua munduko ilustratuenak eta librepentsalari bakarrak diren uste ere erabat dogmatiko horrekin, fanatiko piloaren erreakzio bortitza euren-gure nagusitasun intelektualaren frogatzat aurkeztuz. Munduko hiritarrak bai, baina Paris hiriburu bakarra eta frantsesa hizkuntza bakarra duen mundu batekoak, bestela ez e! Laizismoaren diktadura inposatzea erabaki duten horiek gandor punky-a bai, baina hijab-a ez dute onartzen eskola barruan…

Kristauak ere, eta zehazkiago espainiarrak, ez dira izan historian lagun hurkoa ulertzeko ahalegin handia egin duen jendea. Ikusi besterik ez dago algarabia hitzaren jatorria. Kastiliarrek galdetuko zieten:

-Zer da hitz egiten duzuen hori? -Eta eurek erantzun:

-Al arabiya.

kastillanoek algarabia moduan apuntatu eta Oskan (Huesca) 1349ko ordenantzetan argi adierazi zuten debekatuta geratzen zela azokan algarabia, basquenç edo abraych hizkuntzak erabiltzea (arabiera, euskara edo hebraiera), azokan kristaueraz bakarrik mintzo zitezkeela alegia. Hauxe dio egungo DRAE hiztegiak:

algarabía1.
(Del ár. hisp. al‘arabíyya, y este del ár. clás. ‘arabiyyah).
1. f. Lengua árabe.
2. f. coloq. Lengua o escritura ininteligible.
3. f. coloq. Gritería confusa de varias personas que hablan a un tiempo.
4. f. coloq. p. us. Manera de hablar atropelladamente y pronunciando mal las palabras.
5. f. p. us. Enredo, maraña.

Noski, ezberdin hitz egitea gaizki hitz egitea da etnozentristentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.