Jade, txinatarrak bertan Bilbon

By | 2006/02/03

Atzo txinatarren urte berria ospatu zen eta, urtero bezala, haien ohitura bitxien eta bizimodu arrotzaren berri eman zigun telebistak. Esan ohi da ez duzula txinatar ikusiko futbol partidan, paseoan edo zinetik irteten, bere baitan itxitako komunitatea dira, orohar, ingurune arrotz batean arrotzak direlako eta lanetik etxera, etxetik lanera ibili ohi dira. Neurri batean egia da eta ulergarria ere bada. Guri ere arrotza egiten zaigu haien izaera eta horregatik gure imaginazioak era guztietako istorioak asmatzen ditu haien inguruan: ez omen dituztela hildakoak lurperatzen, auskalo zer egiten duten eurekin, arratoia, janari ustela edo auskalo zer ematen digutela jateko, makina txanponjaleetan iruzurra egiten badakitela, mafia batek kontrolatzen dituela… Normalean euren zirkulo itxian mugitzen dira eta asko ez dira gaztelaniaz ongi moldatzen, euskara zer den ere ez dakite gehienek… Baina denean da salbuespenik eta, txinatarren kasuan, Bilboko Jade taberna dugu…

Tira, beste leku batera ere joan ohi dira txinatar asko: kasinora. Behin lagun batzuekin sartu nintzen Gran Nervion horretan eta ezusteko handia izan zen niretzat hainbeste txinatar jokoan ikustea. Ludopatak batzuk, seguru. Eta ez dute tranparik egiten hor, kristauak legetxe dirua galdu baino. Ludopatia oso zabalduta omen dago haien artean, agian integrazio faltagatik, ez dakit. Kontua da hain bezero onak direla ezen horregatik egin ohi dute kasinoan urte berriko bazkaria.

Baina beste gauza bat nabarmendu nahi nuke orain. Julenen Bertan Bilbo ataleko kontaketa interesgarriei gehituko nieke Somera kaleko Jaderen fenomeno bitxia, fenomeno soziologiko bakana gurean. Ezaguna da txinatarrak beharginak baina itxiak direla, hori dio estereotipoak. Egun osoa jatetxean edo etxean egoten dira, ez dira moldatzen hainbat gairen gainean berba egiteko gaztelaniaz, are gutxiago euskaraz. Bada, Jaden estereotipo hori gainditzen dute aspaldion. Jatxetxe txinatarra da eta barrukoak ere txinatarrak. Horraino ohikoa.

Baina txikiteo taberna ere bada Jade, barruko jendetzaren zaratek eta barrako pintxoek adierazten duten moduan. Dekorazioan osagarri txinatarrak eta Athletic-en posterra. Berria barra gainean eta hormetan Kafe Antzokiko afitxak. Soinu banda ere bertokoa da gehienbat: Benito Lertxundi, Hertzainak, Gozategi… Jateko, udaberriko kiribilak ezeze, txibi erroak eta makailaoa piperrekin eska ditzake bezeroak. Menuak ere hango eta hemengo platerak nahasteko aukera ematen du… Euskaraz eskatzea besterik ez dago. Bai, euskaraz ederto moldatzen da barrako tipoa (AEKn ei dabil ikasle) eta gainontzekoek ere arazorik gabe aterako dizute ongi ahoskatutako erronda.

Ez duzu sinisten? Nahi duzunean Jadera hurbiltzea besterik ez duzu…

One thought on “Jade, txinatarrak bertan Bilbon

  1. patxi lurra

    Txinatarren hizkuntza geuretzat “txinera” legez suertatzen bada, zer esanik ez geurea eurentzat. Horregaitik hain baliotsua da Jade-ren tabernari horren ahalegina, txinera ikasten daben euskaldunenak diran moduan (gogoratu naz Txinan ibilten dan misiolari gipuzkoar batez, lehengo egunean irratian entzun nebana). Testimonio bakanak, zeuk esaten dozun legez.

    Katalunian, ohikoa da jatetxe txinatarren errotuluetan “Restaurant xinés” ikustea, katalunieraz. Alderantziz be gertatzen da: PSC-k Estatut barriaren inguruan informazinoa emoteko, bertoko hizkuntza ofizial bitaz aparte, arabiera eta xinera be erabiliko dabe, Katalunian bizi diran hiztun horiei begira.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude