AKELARREa euskal buztan luzean

By | 2006/12/04

AKELARRE sorta BATAgertu zenean azaldu nuen hemen zer zen Chris Andersonek proposaturiko buztan luzearen teoria, baita euskarazko edukiak buztan luze eta mehe horretan kokatzen direla azaldu ere. Poxpolin zinta agertu zenetik, ordea, oso gutxi aurreratu da gure ondarea sareko buztan luze horretan jartzeko bidean eta beste adibide bitxi batekin nator gaur, ea jendea animatzen den.

Euskaldunok sareko buztan luzean kokatuta gaude berez, (eskaera gutxiko eduki minoritarioen marra fin eta luze horretan gaude), baina badugu dagoeneko gure ondarearen baitako buztan luzea ere. Aho Bete Kanta proiektuak erakutsi duenez, gure kantagintzaren azken 40 urteotako ondarea oparoa da baina ezezagun xamarra guretzako ere eta ekoizpen zaharrak ez direnez jada zabaltzen geuk ere ez ditugu ezagutzen. Musikan bezala, zinean ere gertatzen zaigu. Lehengoan Mezu hau jaso nuen:

I am desperately looking to buy the documentary Ama Lur (1968). Do you have any ideas on how I can find it?

Thank You,
Michelle

Ez dakit zer erantzun Michelle honi, eta horrexek moskeatzen nau gehien. Izan ere, neuk ere onartu behar dut, ez dudala Ama Lur ikusi, eta ez da gogo faltagatik, berariaz ikusteko ez dakit nongo jardunaldietara edo filmategira joan ez naizelako baizik. Zaila da eduki horiek eskuratzea. Zaila DA? Internet eta, batez ere, eMule moduko tresnak daudenetik ez litzateke batere zaila izan beharko.

Esan dudan moduan, definizioari erreparatuta, gurean egin eta egiten den guztia dago buztan luzearen baitan, baina euskaldunok ere badugu gure buztan luzea. Durangoko urteko nobedade dizdiratsu eta ez hain arrakastatsuez gain, eskaria hutsaren hurrengo edo erabateko zerotik hurbil dauden ehunka erreferentzia ditu euskarak, batez ere eskaintzarik ez dagoelako, ondare hori digitalizaturik eta eskuragarri ez dagoelako inon, balizko bezeriak erreferentziak ezagutzen ez dituelako eta ahanzturaren putzura kondenaturik daudelako. Topagaitzak diren eduki franko badira: Labegerieren kantu aitzindariak, Estitxu, Argoitia neba-arreben ondarea… Non daude? Dendetan ez, noski (agian ale solte eta deskatalogaturen bat aurki dezakegu txiripaz, denda zaharren batean), baina Interneten ere ez daude, oraingoz.

AKELARREaren adibidea
Duela pare bat urte izan zen, udako gau batez. Meñakoz hondartzako txiringitoan izan ginen Sound System batean. Eta une batean, dancehall eta roots doinu gozo eta bedar usain artean MCak bestelako musika bat ipini zuen jogailuan: funky doinua zen, 70ko blacksploitation garaikoa erabat, Starsky & Hutch-en estiloko wah-wah, baina hammond-aren melodiak, berriz, euskal doinuak ziren. Ze ona! pentsatu eta tipoari galdetu nion ea zer demontre zen musika hura. Diskoa erakutsi zidan berak, AKELARRE zioen azalean eta amerikar beltz batek 1972an egina zen, gure herria bisitatu ostean. Diskoa bera eta tipo hari buruzko informazio gehiago lortu behar nuela pentsatu nuen, baina alferrekoa izan zen nire ahalegina Googlen; Pedro Elias Igartuari galdetu nion orduan eta ez zekien ezer horretaz; Pablo Cabezari eta Oihukako Aizpuru jaunari geroago… Ezer ez.

Esperantza galduta eta kontua ia ahaztuta nuela, gure bulegoan bertan dauzkagun disko zaharren artean begiratzen ari nintzela aurkitu nuen egun batez, dizdiratsu, estreinatu gabe ia. Buelta piloa eman ostean bertan neukan eta ironikoa iruditu zitzaidan erabat, ironikoa eta zerbaiten adierazgarria ere bai.

Orain lagun batek diskoa digitalizatu eta eMulen ezarri du eskuragarri (hemen ed2k lotura). Poxpolin metodoa esaten diodana aplikatu beharko litzaieke euskal ondare oparoa osatzen duten ehunka izenburu ahaztu eta deskatalogatuei, sareko buztan luzean egon daitezen. Animatuko gara euskal internautak erreferentzia gehiago digitalizatu eta sareratzen? Baten batek emango digu laster Ama Lur dokumentalaren eMuleko lotura?

Buzzin in my head: William S. Fischer – Euskaldunak gara.

13 thoughts on “AKELARREa euskal buztan luzean

  1. Liet

    Eskerrik asko eMuleko loturagatik, dagoeneko jaisten jarri dut. Ni ere egona naiz Meñakoz hondartzako txiringitoan 70. hamarkadako musika beltza entzuten, ziur disko hona izango dela.

    Eta zurekin guztiz ados nago, musika deskatalogatu pila bat dago, baina legala ahal da material hori sareratzea? Sarritan ez da erraza izaten horrelako ekimenak aurrera bultzatzea traba legalak egon daitezkeelako.

    Nik nire partetik etxean sekulako altxor musikala daukat, nire Aitak azkenengo 40 urteetan zehar bildua. Eta horretaz gainera badakit biniloak eta kasetak digitalizatzen, baina ekimen hauek aurrera joateko webgune baten babesa behar izaten dute.

    Esan nahi dudana hurrengoa da:

    Sarean Labegerieren diska jarri ezkero bizpahiru pertsona jaitsiko lukete, baina 6 hilabetetan eMuletik desagertuko litzateke. Hau gaur egungo euskal musikarekin gertatzen da, beraz pentsa orain dela 30 urteko musikarekin!

    Kontran, horrelako proiektu bat, digitalizazioen publizitatea egiten duen webgune baten babesarekin arrakastatsuagoa izango litzateke, baina lehen esan dudanez hemen arlo legala sartzen da. Legez kontra badoa inork ez du horrelako proiektu batean bere burua nahastu nahi izango, azken boladan P2P zenbait webgune itxi baitituzte.

    Orain obren jabetza eskubideen epe luzeegiari buruz hitz egin genezakeen, baina hori gehiegi luzatzea litzateke…

    PD: Ala ere saiatuko nahiz Labegerieren zinta aurkitzen, etxean dagoela uzte baitut, eta lortzen badut sarean eskegiko dut.

    Ondo izan!

    Reply
  2. metaltrainer

    Eskerrik asko Poxpolin zintaren aipamenagatik! Nik digitalizatu, filtroekin garbitu eta emulera kargatu nuen.

    Egia esan beste zinta askorekin pentsatu izan dut horrelakoak egitea, baina zalantza sortzen zait, agian horietako asko egunen batean berriz editatuko dituzte eta kalterako izango litzateke. Zalantza asko. Jakingo banu ez dutela publikatu behar, egingo nuke, gustora gainera, zinta haiek usteltzen bait daude etxean. Aurreko batean saiatu nintzen bat jartzen eta zinta apurtu zen.

    Jarraibide etiko batzuk beharko nituzke, zer publikatu eta zer ez erabakitzeko.

    Reply
  3. Edozein

    Ni ere zuekin ados nago.

    Dana dala, Elkarrek berak ere digitalizatu eta igo ahalko lituzke berriz editatuko ez dituen diskak eta gainontzekoak denen artean igo genitzake.

    Reply
  4. Liet

    Diskoa dagoeneko jaitsita eta entzuna daukat, zelako bitxikeria, eskerrik asko sareratzeagatik!

    Reply
  5. Jabi Zabala Post author

    Fijatu bazarete, nik ez dut aipatu eskubideen eta disketxeen gaia, baina berehala datorkigu gogora oztopo hori. Lietek aipatu du beste oztopo bat: diskoek normalki eMulen ez dutela askorik irauten oso ezagunak (eta beraz oso deskargatuak) ez badira eta artxiboak ez badira “shared” karpetan mantentzen. Webgune bat lagungarria litzateke baina hor legalitatea sartuko litzateke tartean.

    Elkar ere aipatu da eta proposamen interesgarria litzateke, disketxe moduan profitak bakarrik gidaturik ez balego. Agian dirulaguntzaren bat tartean balego…

    Bitxikeria: Egunotan jakin dut Durangon EITBk Makala Select Boom Shaka Laka izeneko bilduma jarri duela salgai eta bertan… Tatxaan! Fischer-en diskoko doinu bat dago!

    Bide batez, ba daki norbaitek “Around The World with Orson Welles” sortako Euskal Herriari buruzko dokumentala osorik nola eskuratu?

    Reply
  6. loretxoa

    Ez dakit honek zure nahiak beteko dituen, baina ikus ditzakezu.

    Reply
  7. Goierritarra

    “Around The World with Orson Welles” sortako Euskal Herriari buruzko dokumentala osorik Emulen topa liteke lotura honekin:

    http://tinyurl.com/ygjtov

    Ingelesez dago, azpitituluak frantsesez. 216 megako artxiboa da.

    Reply
  8. Goierritarra

    Ebayn erosi dut DVDa. Etortzen zaidanean egingo dut “operazioa”.

    DVDan agertzen diren atalak hauek dira:

    0. Pays Basque I
    1. Pays Basque I [4:14]
    2. Back from America [4:48]
    3. Vertenbaker Garden [13:22]
    4. Pentecost [3:05]
    0. Pays Basque II
    1. Pays Basque II [4:14]
    2. Pelote [9:52]
    3. Yoki-garbi [:59]
    4. Dance the Fandango [3:14]
    5. Rebot [4:48]
    6. Pentecost [3:04]

    Reply
  9. Fultxo

    Plazer handia izan da disko hau deskubritzea.

    Eskubideen kontuetan betikoa, azken finean ari gara guk dugun musika trukatzen sosik ere jaso gabe, beraz guztiz legala da hori.

    Ez zaie esaten ba haurrei gauzak partekatu behar direla?

    Reply

Utzi erantzuna Liet(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.