Pascual Molongua, frontman errebelazioa

By | 2006/12/09

Pascual Molongua - Txakurkalea kontzertuanLehengo egunean Txakurkalearen aurkezpena izan genuen Kafe Antzokian. 5×8 kolektiboak ideia sortu eta hainbat lagunek esku hartu dute proiektu multimediatiko honetan. Zazpikaleetako txakurren gaineko DVDa egin dute, bertan bizi diren edo ibiltzen diren hainbat txakurren ibilerak islatzen. Honi loturik, dokumentalaren irudiak lagunduz, soinu banda bitxia osatu dute bertoko hainbat artistaren kolaborazioekin eta haren CDa argitaratu du Gotzon Uribe lankideak. Besteak beste diskoan The Uski’s, Argi, TK Project, Atom Rhumba, The Cherry Boppers, Basin Street Cafe, Makala… Eta Pascual Molongua bera ere ageri da.

Txakurkalea kontzertuanEzagutzen ez dutenentzat (tira Bilbotik sarri ez dabiltzanentzat): Pascual Bidebarrietan edo Correon kantari jarri ohi den gizona dugu, oso ospetsua eta estimatua. Karaoke moduko musika baten gainean kantari aritzen aritzen da: Nino Bravo, Benito Lertxundi… Edozer. Ahots apala du, bera bezain beltza, irribarre zabala eta, tarteka, agur potxolaaa! batekin agurtzen du paseatzen dabilena edo txanponen bat botatzen diona.

Urtero Baltsar erregeak Pascualen aurpegia eramaten du Bilboko kabalgatan. Gurean 30 urte daramatza Pascualek eta, behin entzun nionez, bera Ekuatore Gineatik etorri zelarik beltz familia bakarra zegoen Bilbon, Jones futbolariarena…

Argi eta The UskisDokumentala luzetxoa egin zitzaigun, zutunik ikusteko behintzat, baina ondo egon zen, huts nabarmen bi kenduta: gure Gasi, Barrenkaleko erregina eta Jazin, Txakurto tabernako txakurttoa ez ziren ageri… Baina proiekzioaren ostean zuzeneko emanaldia heldu zen.

The Cherry Boppers hasi ziren, zinez Maceo Parker estiloan; Argi & The Uski’s geroago, rock dantzagarria egiten; Basin Street Cafe swingeroak azkenik… Eta orduan haiekin igo zen Pascual oholtzara. Diskoan agertzen den Mannish Boy blues famatuaren bertsio basatia kantatu zuen, bere ahotsik urratuena ateraz. Benetako frontman moduan jardun zuen, natural, kalean egiten duen moduan.

Ikusi nahi?

Buzzin in my head: Txuma, Rafa, Petti – Gaua eta kea (Hauxe)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude