Lauaxeta eta feedbacka blogintzaren aroan

By | 2005/11/18

lauaxetaIragan astean Arriaga antzokian izan nintzen Ehungarrenean Hamaika proiektuaren kontzertu-antzezpenean. Rafa Ruedak koordinatu duen diskoaren zuzeneko emanaldia izan zen, aktore baten berbaldiak tartekatzen zituena Edorta Jimenezek atondutako ikuskizunean. Zinez bikaina iruditu zitzaidan emanaldia, txalogarria batez ere Rafak egin duen lana, bertan ikusi ahal izan zenez.

Xabier Montoia, Rafa Rueda, Anje Duhalde, Francis Diez, Gari, Eñaut Elorrieta, Xabi Strubell, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren eta Petti bildu ditu diskoan, Lauaxetaren letrak kantatzeko baina Rafak berak konposatu ditu doinuak. Berak eta beste lau musikarik (baxua, bateria eta teklatuak) jarri zuten musika eta lehen aipatutako artistek abesti bana kantatu dute.

Buru belarri ibili da Rafa azkenaldion diskoaren prestaketa eta grabaketa lanetan. Ez da lan erraza izan kantari guztiak biltzea eta bakoitzarentzat propio, bakoitzak aukeratutako Lauaxetaren letrak hartuta, hamaika doinuok konposatzea. Baina lan bikaina egin du konposaketan eta, gainera, kantari bakoitzaren estilora ederto moldatu du musika.

Duela hiru aste aurkeztu zuten diskoak baino askoz gehiago komunikatu zidan zuzenekoak. Arriagako akustikak lagundu zuen eta ni nengoen lekutik behintzat oso garbi entzuten zen. Soinu eta argiztapen teknikariek ondo egin zuten eurei zegokiena, baina batez ere laukote trinkoa, arrakalik gabea somatu nuen oholtza gainean. Bikain aritu zen musikari laukotea baina zerbait nabarmentzekotan Mikel Azpirozek teklatuei ateratzen dizkien txinparten dizdira azpimarratuko nuke.

Kantariak ere ondo ibili ziren orokorrean, batzuk besteak baino hobeto, hala ere. Petti itzela iruditu zitzaidan eta Txumarena ere oso gustoko izan nuen, baina ondo ibili ziren denak. Eurak izan ziren, itxuraz, protagonistak, baina nik badakit lana eta meritua Rafarenak direla, bera izan baita, biharamunean lankide batek esan zuenez, “Ry Cooder euskalduna”, Buenavista-rekiko distantziak gorabehera, horrelako lanik gurean egin duen lehenengoa izan baita bera.

Eta hori guztia esanda, egunotan honekin lotuta ageri zaigun afera bat aitatu nahi nuke. Hautsak harrotu zituen offline, nonbait, Patxi Gaztelumendik bere bitakoran idatzitako iritzi batek. Hautsak offline diot ezen diskoari lotutako zenbaitzuen artean iruzkin deskalifikatiboak, batere argumentatiboak ez direnak eta denak sareko eztabaidatik kanpo botatakoak jaso baititut.

Ez nator bat Patxirekin kantariez zirriborratzen duen arketipoarekin, orokortze errazegi eta asimilazio ausartegia, xinpleegia iruditzen zaidan horrekin, bai ordea beste guztiarekin. Baina nonbait asaldatu ditu zeharka aipatuta sentitu diren batzuk. Zergatik?

Denok dakigu oraino gurean, prentsan bederen, benetako kritikarik, kritika zintzo baina zorrotzik izan ez dela eta denok komentatu dugu inoiz gure herria kritika hori garatzeko txikiegia agian delako, edo gure hizkuntzaren betiereko egoera minorizatu eta elbarrian gutxien komeni zaiguna ei delako… Baina ajea nabarmentzetik harago inor ez da ausartzen saiakerarik egiten. Izan dira euskaldunona baino dexente zabalagoa den bertoko erdararen eremuan feedback bortitzeko kasuak, Oscar Cubillorena kasu, egindako kritika zorrotzei zorrotzegiak agian erantzunez, eta inork ez du euskaldunon gimnasioko zakua izateko borondaterik.

Prentsa tradizionalean iritzi, kronika, kritika edo erreseña bat idazten duenak megafonoa du eskuan, kokapen pribilegiatu batetik idazten du idazle pasiboarentzat. Ulergarriagoa da agian horrela iruzkinak, inpotentziaz, offline-koak izatea, tabernazuloan geratzea…

Baina blogen aroan erabat aldatu da eskema: plaza batean gaude denok, nork bere megafonoa eskuan. Hemen edonor da besteek botatakoak entzuteko eta erantzuteko gai, bere argumentazio ahalmena du muga bakarra. Zentsurarik ez dago eta edonork du bere bloga zabaltzeko aukera zein inorenean argudioak botatzekoa. Blog bat irakurtzea erabat librea da eta blogari bakoitzak duen irakurlegoa bere idatzien arrakastaz irabazitakoa da.

Baina noski, musikaria izateak ez dakar, berez, blogen mundua ezagutzea, seguraski erretorika erabiltzen eta argudioak ganoraz aurkeztea zertan ekarri ez duen moduan… Baina tira, hau nire iritzia da eta ziur nork berea izango duela.

2 thoughts on “Lauaxeta eta feedbacka blogintzaren aroan

  1. Gorka Bereziartua

    Horrela gabiltza… Ados nago hemen esaten denarekin eta agian kantariei kritika egitean ñabardura gehiagotan sartzea beharrezkoa izango zen (sakondu agian, niri ez baitzait oso argi geratu bere iritzia nori zuzendua zegoen).

    Hala ere, ematen du kritika jasangaitza egiten dela batzuetan: Gaztelumendik bere blogean bere ikuspuntua azaldu du, gaizki esaka hasi gabe, errespetuz nire usterako (‘Nire iritzia hori da, sentitzen dut’ eta guzti esan du!) eta hala ere begira… Beste edozein kultur sistematan kritika berak ez lituzke hautsak harrotuko ez!

    PD: Diska ez dut entzun baina ikuskizunean izan nintzen aurreko batean. Niri gustatu zait, baina logikoa ere bada mundu guztiak iritzi bera ez izatea ezta?

    Reply
  2. Txuma

    Berandu agian nire iruzkina. Egia duzue kritika zorrotzik ez dagoela euskal kulturaren alorrean. Arrazoiak ugari izan daitezkeelakoan nago, baina pisu handia du “garatu bidean” dagoen hizkuntzan egiten den produkzioari diogun gehiegizko begirunea. Logikoa iruditzen zait, diskriminazio positiboaren ildotik, horrelakoetan xamurrago jokatzea, baina era berean kaltegarria ere bada. Esan nahi baita, kritikak, zintzoak eta egiatiak direnean, lagungarriago dira ezenez lausengari eta koipe emale huts direnean. Heldutasun seinalea da, eta horixe da, hain zuzen, behar duguna. Bertako produkzioa, produkzio heldutzat hartu behar dugu, eta ez jaio berri tisiko eta hauskor bati bezala begiratu.
    Diskoari dagokiola, Rafa Ruedak eginiko lana ikaragarria izan da eta pozten naiz norbaitek puntu hori nabarmentzea, merezi du eta. Nola nahi ere, abestien konposaketa musikari bakoitzak egindako lana izan da, esan nahi dut, bakoitzak sortu duela kantua. Rafaren lana kantu horiek guztiak harilkatzea, gorpuztea, atontzea, arregloak egitea izan da. Ez da gutxi! Are gehiago emaitza nolakoa den ikusita, oso zaila baita hamaika doinu pertsonal lan bateratu baten zerbitzura ekartzea. Bejondeiala Rafa!

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.