Bost urte irratia.com egiten

By | 2005/11/07

logoAzaroaren 1ean bost urte bete ziren irratia.com-en lehenengo saioa egin genuenetik. Sarean zuzenean emititzen hasi ginen “euskal irrati digitalaren” esperimentuarekin. Hori ospatzeko, webguneari itxura berria eman eta aurreko bertsioaren gordailua jarri dugu sarean. Artxibo gehienak daude (beste batzuk aurkitu beharko ditugu) eta batzuk entzuten egon naiz, lehendabiziko saioa eta jada ahaztuta nituen beste audio interesgarri batzuk ere.

Zuzenean egin genuen 2000ko domusantu egunez eta Fermin Muguruza izan genuen gurean. Chat-aren bidez galderak bidaltzen zizkiguten Ferminentzat, zuzenean ari ginela sinetsi ezinik zeuden entzuleek.

Era guztietako zuzeneko emanaldiak egin genituen gerora: Arestiri omenaldia Kalderapekotik, Basque Electronic Diasporaren kontzertua Kafe Antzokitik. Mexikoko zapatisten mintzaldia DFko kongresuaren aurrean “La Ke huelga” irratiaren zuzeneko seinalearekin bat egin genuen… Korrika 12 ren ibilbidea ere jarraitu genuen zuzeneko konexioak eginez. Emisio piratak eta musikariei eginikoez gain, elkarrizketa teknofiloak ere egin genituen: Javier Etxebeste, Jose Del Moral, Fermin Lazkano, Josu Amezaga, Ignacio Ramonet, Goio Telletxea, Niko Vazquez, Alex Lamikiz, The Balde… Tamalez, musika kanalak jada ezin dira entzun, ezta bertan zeuden artxiboak ere, Ambassah Sound System irratsaioarenak kasu.

Ordutik hona euskal sarearen panoraman bilakaera izan da. Gauza batzuk lehengo moduan daude oraindik, euskalgintzako hainbat sektoretako teknofobia kasu, bertan dauden dinosauroen erruagatik. Baina belaunaldi berriak sartzen diren heinean jarrera horiek aldatuz doaz, apurka-apurka bada ere. Bertsozaleen adibidea oso esanguratsua da, gaztetxeetako hacklab-ena bezala (dena dela, gogoratu beharra dago behinola Bertsolaritza final bat zuzenean emititu genuela guk Euskalduna jauregitik). Tira, gai honen inguruan gauzak behar bezala egiten ari garen ala abiadura handiagoa behar dugun eztabaida planteatu dugu irratia.com-en.

Lehendik bazeuden eskuragarri irratia.com-en artxibo asko, archive.org-en , baina asko desagertuta daude, Archive.org-ek ez baititu denak gordetzen. Zuzeneko konexio batzuk, era berean, grabatu ez genituenez, betirako galdu ziren.

Behin jardun nuen usteltze digitalaren mehatxuaz, ondare digitala zein galkorra den. Askok gauzak digitalizatzearekin dena konponduta dagoela uste badute ere, horrek ez du ziurtatzen iraungo dutenik. Esaterako, webgune asko betirako galdu dira eta egungo asko ere era berean galduko dira, orain dauden lekutik desagertzean. Eta asko desagertzen dira, hosting-a amaitu zaielako, zerbitzaria desagertu delako edo, kasu batzuetan, egilea bera desagertu delako.

Egunotan, urteurrena dela eta, webguneari itxura aldatu diogu eta pixkat atondu: eskumaldean player bat jarri diogu, XML jarioa hartu eta podcast-a unean bertan entzuteko aukera ematen duen Flash prefabrikatu bat.

Gure proiektuaren baliagarritasuna aztertuta, esango nuke emaitzak ez direla antzemateko errazak, baina baikorra naiz. Unean-unean erabat minoritarioa eta txikia izan arren, honelako ekimenek zerbaiterako balio duten esperantza daukat. Irratia.com-en kasuan behintzat argi dago gerora apurka-apurka garatu diren ekimenetarako bizigarria izan dela, Arrosa proiekturako kasu. Orain garatzen ari diren (podcasting-a, blogak) eta garatuko diren beste joera batzuetarako ekarpena egin nahi dugu hurrengo saioetan, gogotsu gabiltza.

2 thoughts on “Bost urte irratia.com egiten

  1. Pingback: sarean.com »

  2. Pingback: Sobre la invisibilidad del ámbito tecnófilo euskaldun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude