Autorik gabeko eguna Vs. Hiru minutu, hogeita hiru segundu

By | 2005/09/29

semaforoa bilbonHori da Bilboko semaforo honetan oinezkoek geldi egon behar duten denbora, zain, semaforoa berde noiz jarriko. Hala ere, adi ibili beharko dute, beronek pasatzeko hamabi segundu baino ez baitie emango. Ez, oinezkoak hutsaren hurrengo moduan tratatzen dituen semaforo hau ez dago autobia galdu batean, Bilbo erdi-erdian baino, plaza biribilean.

Oinezkoak aspertu egiten dira eta, hiru minutu horietan asko dira, gogaituta, gorri egon arren pasatzen direnak. Somatua nuen jendearen haserrea, kexuak entzuten dira sarri: “Lotsagarria da, ez dakit nola jarraitzen duen honek honela”… Baina ez dute konpondu oraino. Gaur, semaforoa igaro eta kronometratzea erabaki dut. Emaitza segundutan: autoak 203, oinezkoak 12. Egunen batean tranbiak edo autobusen batek gogaitutako oinezko horietakoren bat harrapatuko du eta, gainetik, errua berea izango ei da.

Iragan astea autorik gabekoa izan ei zen. Kale batzuetako trafiko mozketengatik eta udalak kontratatutako kale animazioengatik ez balitz ez genuen somatuko, gainerako kaleak lepo egon baitziren. Ezagutzen ditut pertsona batzuk oraindik metroan sartu ez direnak. Txoferrak gidatutako auto ofizialetan doazenak ere alfonbra gorriraino ez dira autotik jaisten.

Herenegun oinezko bikotea eta euren txakurra harrapatu zituen zoro batek Etxebarria parkearen parean. Gizona larri, txakurra hilik. Semaforo hori programatu duten instituzioek garrantzia eman nahi omen diote oinezkoari (eta bizikleta gainekoari). Benetan damaioten garrantziaren kuantifikazioa hor dago: 203/12

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude