Spam-ari ez

By | 2004/02/24

Nork ez du inoiz eskatu gabeko publizitate mezurik jaso? Gure etxeko postontzian noizean behin agertzen diren publizitate paperak kentzea nekagarria izan daitekeen bezala, e-postaz jasotzen ditugun eskatu bako publizitate mezuak izurritea bilaka daitezke eta, zenbait kasutan, helbidez aldatzera bultzatzen dute jasotzailea, egunero ehunka mezu aukeratzen eta garbitzen ibiltzea ezinezkoa bihurtzen denean.

Spam esaten zaio eskatu gabeko zabor-publizitate mezuen fenomenoari eta posta elektronikoaren erabilera hazi ahala areagotuz joan den arazoa dugu. Dagoeneko bada e-posta hiltzat ematen duenik, eraginkorragoa den beste zerbait asmatu beharko delako. Izan ere, une honetan ziberespazioan dabiltzan mezuen %40 spam dira eta kopurua etengabe haziz doa, postontzietan ez ezik zerbitzarietan eta trafikoan arazoak eraginez. Sareko tresnarik zaharrena eta eraginkorrena izan dena gaindi egiten ari da arimarik gabeko saltzaileen erruagatik.

Ohiko spam mezuek sexua iragartzen dute, sartzeagatik kobratuko diguten web helbideak iragarriz, Viagra merkea salduko digutela esango digute edo guri iruzur egiten saiatuko da Nigeriako gobernu kide ohia dela dioen batek, biderkatuta itzuliko digun diru mailegua eskatuta. Beste batzuetan inprimagailurako toner tinta merkea agintzen digute… Mila amuzki ipiniko digute, ea baten bati tenk egiten diogun.

Publizitate bide molestagarri honen ugaltzearen arrazoi nagusia ekonomikoa da, oso merkea baita mezu bat milioika laguni bidaltzea. Publizitate bide bat eraginkorra den ala ez publizitatearen kostuarekin alderatuz ikusten da. Posta elektronikoaren kasuan nahikoa da mila mezutik batek arrakasta izatea, hau da, iragartzen duena baten batek erostea. Hala ere, spammer-ek gure helbidea lortu behar dute, gehienetan milioika helbide saltzen dituen beste bati erosita edo era guztietako trikimailuak erabilita. Helbideak saltzen dituztenek ere spam-a erabiltzen dute euren milioika helbideko datu baseak iragartzeko eta euren spam banaketa zerbitzua iragartzeko. Baina helbide saltzaile horiek nola eskuratu dute gurea? Baliteke jasotzen dugun spam horren arduradun nagusiak geu izatea, ez baitugu e-posta behar den bezala erabili eta gure helbidea hedatu dugu nahi gabe, spammer-en eskuetara helaraziz.

Mezu kateak dira abiapuntua
Guk gure lagunekin baino ez badaukagu harreman telematikorik, nola liteke gure helbide sortu berrira jada spam mezuak etengabe heltzen aritzea? Ziur aski hoax edo kate batean esku hartu dugulako izango da edo katea geuk abian jarri dugulako: gehienetan mezu barregarri bat jaso dugu, “Zabaldu hau zure lagunen artean” moduko izenburukoa eta gure lagun guztiei berbidali diegu argazki, txiste edo animazio hori ikus dezaten. Jaso dugunean ikusi dugu gure lagun batek bidalia dela, bere lagun guztien helbideak jarri baititu To: (Nori edo Para, programaren arabera) edo Cc: eremuetan. Erreparatu dugu, halaber, jada mezuaren gorputzean hainbat e-posta helbide ageri direla, berak ere beste norbaitengandik jaso duen seinale. Hala ere, helbide horiek ikutu gabe, guk gure kontaktu guztiei berbidaltzeko agindu diogu ordenagailuari.

Mezu bat sortzean edo mezu bat berbidaltzean, gure lagunen helbideak To: edo Cc: eremuetan jarriz gero, agerian geratuko dira eta jasotzaile guztiek ikusiko dituzte helbideok. Are gehiago, haietako batek mezua bere horretan beste bati edo beste batzuei berbidaliz gero, gure lagunen helbideak mezuaren gorputzean geratuko dira iltzatuta. Handik egun batzuetara, mezua oso barregarria bazen, baliteke gure e-posta helbide pribatua milaka lagunen ordenagailuetan egotea. Une honetara helduta ohikoak diren bi gauza gerta daitezke: gure helbidea eta gure lagunenak spammer baten eskuetan jaustea edo milaka ordenagailu horietako batek birusa harrapatzea eta gure helbidera ere birusak bidaltzen hastea. Normalean gauza biak gertatuko dira.

Kate horietako asko nahita sortuak dira gezurrezko mezu baten bidez. Zabaldu mezu hau, arren! gisako izenburuak izan ohi dituzte eta, bertan esaten digutenez, mezua gure lagun guztiei bidaliz gero lagunduko dugu oso gaixorik dagoen mutil baten bizitza salbatzen. Ez da egia. Baliteke spammerrek katea egiazko kasu batean oinarritzea sinesgarriagoa egiteko, baina helburua beti ahalik eta helbide gehien batzea da, horregatik istorio irudimentsuak kontatuko dizkigute. Zortearen kateak, apurtzen duenari zoritxarra agintzen diotenak, aberats bilakatzeko moduak, kondaira urbanoak, elkartasun kateak, birus sendaezinei buruzko abisuak edo sinadura bidezko atxekimendu kanpainak… Denek gure lagunen helbideak agerian jar ditzagun helburua dute eta helbideok eurei helarazteko bidea helbide jakin batera ere bidaltzea izan ohi da edo helbideok web formulario batean jartzea. Faltsuak diren mezu hauei hoax esaten zaie.

Beste batzuetan kateak nahigabe sortzen dituzte helburu zintzoekin dabiltzanek, Amina Lawal harrikatuta hil ez dezaten edo Espainiako gobernuak Prestige auzian bere errua onar dezan zabaldutakoak dira gure artean ezagunenak. Helburua zintzoa izanik, kaltea handiagoa izango da bide hori erabiliz gero eta laguntza eskasa emango diogu helburuari mezu kate baten bidez.

Mezu kateen funtzionamenduari buruzko esperientzia zabala jasotzen du Eugenio Siccardi argentinarrak bere Rompecadenas webgunean. Berak hoax-en bilduma handia dauka dagoeneko eta agian horietako baten bat ezagutuko dugu, inoiz tranpan jausi garelako. Bere esanetan, hoax guztiek spam-a dute helburu, ezinbestez. “Nik neuk datu basea osatu nuen, esperimentu moduan, jasotzen ditudan hoax-en kateetatik ateratako helbideak bilduta. Ahaleginik egin gabe 5.000 helbide bildu nituen bi hilabetean”. Beste esperimentu bat egin zuen Siccardik, doako bost helbide berri sortuz eta mezu kateetan esku hartuz. Handik aste bira hasi zen spam-a jasotzen helbide horietan guztietan.

Lagunei oporretatik gure pasadizoak kontatuz bidali diegun mezu kolektiboa ere kaltegarria izan daiteke gure lagun horien helbideak agerian jartzen baditugu. Mezua berdin helduko zaie guztiei euren helbideak hirugarren eremuan jarrita (kopia itsua bidaltzen dien CCO: edo BCC: eremuetan). Argi dago arazo honen kontzientzia hartu behar dugula eta denon artean spam-aren arrakasta zaildu behar dugula.

Rompecadenas:
www.rompecadenas.com.ar

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude