Espainiako parlamenturako hauteskunde kanpainia hasi da, sarean ere. Hala ere, alde handia dago oraindik AEBetako kanpainiarekiko, apenas ez baitago weblog-en eta multimedia baliabideen erabilerarik. Espainiako hautagaiak ez dira oso internautak eta alderdiek ez diote sareari amerikarrek eman dioten lehentasuna. Huts nabarmenak, nabigazio akatsak eta kontraesan ideologikoak nabaritzen zaizkie hauteskunde horietara aurkezten diren alderdien webguneei.
ZP hizkien inguruan antolatu du PSOEk bere kanpainia eta zapateropresidente.com webgunea da sarean bere kanpainiaren erdigunea. Ez da oso webgune mardula, baina astunegia da modem bidez kargatzeko eta Mozilla nabigatzailearekin bisitatuz gero, etengabe kargatzen diren elementu batzuek nabigazioa zailduko dute. Menu nagusiko aukera batzuek, abisatu barik, pdf dokumentuetara garamatzate eta beste batzuek inora ere ez.
Webgune batek erabiltzen duen zerbitzari mota jakiteko nahikoa da netcraft.com helbidera jotzea eta bertan webgunearen helbidea idaztea. Honela jakin dugu Zapateroren webguneak Windows 2000 erabiltzen duela eta marianorajoy.es webguneak software libreko Apache zerbitzaria darabilela, Red-Hat/Linux sistema eragile librearen gainean. Gainera, PHP script lengoaia librea erabiltzen du web orrialdeak osatzeko, nahiz eta berau Windows 2000en gainean erabili. Rajoyk Interneti buruz dituen proposamenek kritika zorrotzak jaso dituzte.
PSOEren psoe.es webguneak ere Apache erabiltzen du, baina argitu beharra dago horrek ez duela zertan aukera ideologikoa izan. Sareko zerbitzarietan softwarerik erabiliena Apache da, librea izateaz gain estimatuena delako. Hala ere, bitxia da Extremaduran eta Aragoien software librearen aldeko eta monopolioen kontrako jarrerak agertu dituen PSOEk Microsoft erabiltzea eta enpresa horren alde agertu den Piqueren alderdiak, oraindik software librea fidagarritzat jotzen ez duenak, Linux eta PHP erabiltzea. PPren pp.es webguneak Linux-en gainean ezarritako Windows zerbitzaria erabiltzen du, konbinaketa bitxia inondik inora.
Jakin ahal izan dugu, halaber, izquierda-unida.es webguneak orain Apache erabiltzen ari dela, baina duela gutxi arte Windows ari zen erabiltzen. Gainera, webgunea bera soilik Explorer programarekin ikuska zitekeen. Barrapunto albistegian eta internauten kexuak agertu eta gero eskuin muturreko prentsak IUren akats ideologikoaren berri eman zuen eta Apachera aldatu ziren duela aste batzuk. Hala ere, euren webgunean bertan Microsoft-ek Windows Media Player aplikazioa erabiltzaileak zelatatzeko erabiltzen duela salatzen duten arren, programa hori da IUren bideoak eta audio artxiboak jasotzeko erabil daitekeen bakarra.
Euskal Herrira etorrita, EAren euskoalkartasuna.org webguneak Windows zerbitzaria eta Microsoft-en ASP script lengoaia erabiltzen ditu. Rafael Larreinaren larreina.net webgunea ere Windows eta ASPrekin egina da, bere alderdia software librearen alde agertu den arren. Internauta porrokatu batzuk baditu EAk, horrek azaltzen du webgune ez ofiziala sortu izana, ea2004.tk domeinupean. Microsoft-en software konbinaketa bera erabiltzen du eaj-pnv.com webguneak ere, Euskaltelen ostatu hartuta, hauteskundeetarako sortutako eaj-pnv2.com domeinuak bezalaxe.
Aralar alderdiaren aralar.net webguneak Zope software librea erabiltzen du Linux zerbitzari batean. Webgunearen itxura grafikoa ez da oso aurreratua, baina informazioak aurkezteko egitura txukuna eta nabigagarritasuna du. Nafarroa Bai hautagaitzaren nafarroabai.org webgunea HTML estatikoz egina da eta euskarazko atalaren egitura erdaraz dago, bigarren mailakoa den seinale.
Batasunari dagokionez, dagoeneko ez dauka webgunerik sarean. Garzon epaileak Espainiatik batasuna.org domeinura konektatzea galarazteko agindu zien sarbide hornitzaileei eta horregatik ezinezkoa zen sartzea Telefonica edo Euskaltel erabiliz. Azpimarratu beharra dago honelako aurrekaririk bakarrik Txinan izan dira, gobernuak webgune batzuetarako sarbidea sistema berdina erabiliz blokatu zuelako. Europan ez dago horren aurrekaririk, Alemaniako gobernuak bere herritarrei Radikal aldizkariaren webgunera galarazi zien arren ez baitzuen haren webgunera sartzeko oztoporik jarri. Hala ere, denbora luze batez Batasunaren webguneak sarean iraun zuen eta anonymizer.com bezalako proxy-en bidez ikuska zitekeen. Legez kanpo utzitako beste alderdi batzuek sareko eremu librean biderkatu dute euren presentzia. Batasunak, aitzitik, bere webgunea argitaratzeari utzi dio eta egun ez du sarean inolako jarduerarik.
Hautagaia ez bada ere, aipatu beharra dago ibarretxe.com webgunea, Gasteizko legebiltzarrerako hauteskunde kanpainian EAJ-EAko hautagai nagusiarentzat botoa eskatzeko zena, orain webgune instituzional moduan ageri dela: lehendakariaren proposamena jasotzen du eta Eusko Jaurlaritzaren EJIE erakundearen zerbitzarietan hartua du ostatu. Honek ere Windows-ASP konbinazioa erabiltzen du.
Beti bezala, ziberokupak eta parodista ezagunak eta izengabeak hor daude, sarea denona baita, nahaste xelebreak eragiten. Esaterako, marianorajoy.com idazten duenak beste Mariano bat aurkituko du, benetakoak, noski, marianorajoy.es helbidea baitu. Bestalde, aznar.net helbide entzutetsuan aldaketa batzuk izan dira: orain losgenoveses.net domeinuan aurkituko dugu webgune haren oinordekoa.
Weblog-en erabilerari dagokionez, hautagaiek eta alderdiek ez dute oraindik tresna hau ezagutzen. Aldiz, weblog-etan isla kritikoa izaten ari dira hauteskundeak, jendearen iritziak jasotzeko aproposak baitira. Esaterako, puedoprometeryprometo.com bitakorak hauteskundeen jarraipena egingo du egunotan. Bistan da oraindik Interneti dagokionez oso atzeratuta daudela Espainiako alderdiak eta hori islatzen da alderdien programetan.
LABURRAK
Euskal Googleak
Urtarrilean googlecat.com aipatu genuen hemen, Googleren katalanezko bertsioa. Bada, berriki antzeko webguneak agertu dira googleri euskal itxura eman nahian. Galiziar batek Google Euskal Herria izenburupean atera duenak eman du zeresanik, presoak euskal herriratzearen aldeko ikurra dela eta. Komunika.net-eko kideek, berriz, politikoki neutroagoa izan nahi duen bilatu.net helbidean jarri dute eurena, baina bertako menuko aukeretan google.es ageri da, google.com barik.
www.google.eu.kz
www.bilatu.net
Eurekster bilatzailea
Iragan astean aipatutako sare sozialen kontzeptua bilaketetarako egokitu du Eurekster izeneko bilatzaile berriak. Bilatzaile normal baten moduan erakutsiko dizkigu bila gabiltzan kontzeptuarekin lotutako emaitzak, baina erregistratutako erabiltzaileak emaitza batean klik eginez gero, hurrengo bilaketetan link horrek besteek baino garrantzi handiagoa izango du. Sistema horren bidez bilatzaileak gure interesak zeintzuk diren ikasiko du eta jendeak estimatzen duenari garrantzia emango dio.
Eurekster
home.eurekster.com
Mezuak jainkoari
Israeleko enpresa batek zerbitzu bitxia jarri du abian: jainkoari mezu elektronikoak helaraztekoa. Judutarren tradizioaren arabera, jainkoak Jerusalemeko Auhenen Horman jarritako idatzizko eskaera guztiak asetuko ditu. Enpresa honek, zerbitzua ordainduz gero, faxez edo e-postaz idatzitako eskaerak inprimatu eta horma horretan ezarriko ditu.
www.bezeq.com
Datu bat falta jatzu ba… autodeterminazioaren aldeko bozkak eskuratzeko webgunea (besteak beste).
http://WWW.ORAIN.INFO