Euskarazko blogintzaren bilakaera, euskal Interneten panoraman

By | 2005/07/21

Gaur UEUren Iruñeko ikastaldian, Patxik prestatu duen Blogen inguruko ikastaroan azalduko dudana.

Googlen euskal blogosfera bilatuta aurkitu dudan erreferentzia batek ondo azaltzen du, erdaraz, azken urteko euskarazko blogosferaren panorama eta bilakaera.

Erdarazko testua da, bai, baina ondo ematen du euskarazko blogosferaren berri. Blog komunitateak aipatzen ditu gehienbat, baina nik uste dut komunitate horietatik kanpo gabiltzanak ere osoki gaudela euskal blogosferan. Egia da garrantzitsuak direla horrelako doako aukerak, baita blogger erraz baina mugatua ere, printzipioz idatzi nahi duenak ez baitaki WP edo MT instalatzen (eta ez du zertan jakin, bestela informatikarekiko betiko identifikazio okerrarekin topo egiten dugu berriro). Duela urtebeteko Eibar.org-en blog komunitatearen sorreran jartzen du, (jar daiteke?) euskal blogen esferaren hastapena.

Tira, Eibar.org eta Aurki planet-a baino lehen bazen euskal blogosferarik. Bai, apurka-apurka sortu baita, inaugurazio data ofizialik gabe. Egia da etengabeko bilakaeran ari dela eta gero eta gorputz handiagoa duela, gero eta blogosferago da.

Eibarko komunitatea sortu baino urtebete lehenago zer zegoen? Gauza gutxi. Bitakoren iraultza (2) testuan aipatzen nituen 2003ko urrian ziren euskarazko bitakorak eta blogosferak ere aipatzen nituen, beste hizkuntzetakoak, noski. oraindik euskarazko blogintzan ez baitzegoen komunitaterik. Gaztelaniaz blogosferaren beraren inguruko gogoetak biltzeko metablog-a zegoen jada, bitacoras.org topagunea.

Erreferentzia gutxi batzuk ematen nituen. Pertsonalak: Lanbroute, Barnemuinetan, nire Sarean eta Taxi galduak, bost blog pertsonal duela bi urte. Kolektiboak ere badira blogosfera, noski, eta Sustatu aitzindariaz gain Kamiyoplanet absurdua, erabili.com, atxukale.com eta uztarria.com

Baina burutik ez zitzaidan pasatzen komunitate bati buruz hitz egitea. Gainera, orduan euskaldunon artean oso-oso jarrera frikia zirudien (agian berria izateagatik) nork bere kontuak lau haizetara zabaltzen hastea. Agian horregatik ezizenez sinatzen ziren lehenengo bitakora pertsonal haiek (nirea kenduta).

Gaur, berriz, ez dakit zenbat blog pertsonal izango diren euskaraz. Berrehun? Aurkiko Garik jakingo du hobeto akaso. Blogen sorkuntza erritmoa hain da azkarra egun ezen kosta egiten zaigu erreferentzia berri denak bereganatzea. Telefono mugikorrarekin gertatu zen moduan, jada ez digu lotsarik ematen gure izen-abizenekin sinatutako bitakora edukitzeak.

Azken urtean blogosfera sortzen joan da, komunitatea. Aurkik zeregin garrantzitsua izan du komunitate hori egituratzen, Sustatuk ere bai, eztabaidagune kolektiboa emanez.

Baina era berean aparte bizi gara, ez gaituzte kontutan hartzen leihaketetan (ezta Gipuzkoan bertan ere) eta sentsazio arraroa sortzen zaigu egunero bisitatzen ditugun erdarazko erreferentzia nagusiekin topo egiten dugunean, eurek ez baikaituzte ezagutzen, askok ez dakite euskarazko blog komunitaterik dagoenik ere.

Bestalde, Igor Leturiak bere bitakoran eginiko hausnarketa baten haritik (monoblog-arena), onartu behar dugu gutxi garela, atomizazioa dugula eta ia kopuru berdina direla irakurle eta idazleak (berberak dira ia). Baina kontsolatu behar gara jakinik euskaldunontzat kopurua ez dela garrantzitsuena eta, Josu Landak zioena hemen aplikatuz agian zerbait inportantea sortuko dela lau katuren artean eginiko bilera batetik. Bada, jada ez gara lau katu, bakoitzak irakurle gutxi izango du baina gero eta gehiago gara komunitate eta horrek ematen digu potentzialidadea. Laster euskal blogosferaren eguneroko idazketaren karaktere kopuruak gaindituko du Berria edo EITBko euskarazko komunikabideena. Hedapena momentuz ez du izango, baina Joxe Aranzabalek frogatu duenez, kanpainiak egiteko eta lobbygintzarako aurki izan daiteke kontutan hartzekoa (blogak gipuzkoa, Telendro…).

Elebidunak izanik euskaraz idatziz aukeratu dugu pottongo txiki honetan bainatzea eta ez gaztelaniazko bitakoren ozeanoan ttanta bat izatea, bere abantailak ere baditu komunitate txikian egoteak, herri txiki batean bizitzeak dituenen parekoak (eta denok desabantailetan pentsatzen). Beste aukera bat izan daiteke blog eleanitza egitea. Hori egiten du Luistxok, esaterako, bere Ingelesen hilerrian.

Honaino euskal blogosferaren bilakaera, gainerakoan beste blogosferek izan dutenaren antzekoa, hazkuntzari eta joerei dagokienean. Euskal Interneten panoraman non kokatzen da blogosfera? Bada, esfera nagusia, dudarik gabe. Besteak ez dira esferak, nahiko autistak dira eta irakurlego handia dute gutxi batzuek, baina eredu zaharkituak jarraitzen dituzte edo zalantzan daudenak, (aldizkariak, eitb24, Berria). Batzuetan ez gara garaiz heltzen, baina bitakora batek, multimediatikoa eta norabide anitzekoa izanik, horiek baino aukera gehiago eskaintzen ditu komunikaziorako. Esfera oso batek, berriz, plaza handia eskaintzen du, hiriko (euskal sareko) beste kaleetako biztanleek elkar ezagutu ere egiten ez duten bitartean.

4 thoughts on “Euskarazko blogintzaren bilakaera, euskal Interneten panoraman

  1. Pingback: blogak UEUn :: Aurki.com / Sarean.com e-blogosfera eta Internet euskalduna :: July :: 2005

  2. Ion Zabaleku

    Joe, KamiYoplanet absurdua? Behin azalduko blog kolektiboen aitzindari gisara ta absurduak geala entzutea ez da politegia miño horrekin konformau berko…

    Ze ingo zayo, handitzen doa euskal mundua interneten ta ezin kejau, nahiz ta gutaz hitz politik ez irakurri…

    Reply
  3. Jabi Zabala Post author

    Niri nahiko absurdua zela iruditu zitzaidan bere garaian, gaien tratamenduari zegokionez eta planetaren planteamendu marziano horri zegokionez. Agian beste ezaugarri bat nabarmendu zitekeen hori baino gehiago: euskara zaindugabe eta akats ortografikoz josia edukitzearena, baina deskriptiboagoa eta neutroagoa iruditu zait absurdua zela esatea. Gaur egun ez dakit horrela jarraitzen duen, ez baitut aspaldian bisitatu, baina duela bi urteko panoramaz ari nintzen eta Kamiyoplanet aitzindari horien artean aipatu behar nuen.

    Bestalde, argi gera bedi nik ez dudala absurdua gutxiesteko asmoz esan. Absurduak diren gauza asko ditut gogoko, Ionescoren antzerki absurdua maite dut, Faemino y Cansadoren umore absurdua ere bai, Monty Python… Mundu zentzugabe honetan akaso absurdua izango da gauzarik zentzuzkoenetakoa.

    Reply
  4. Ion Zabaleku

    jaja, lasai motel! Ez dakit, hitz arraroa da ta zuk esan bezela ez da beti txarrera hartu behar, baina bitxia iruditu zitzaidan.

    Egia esan, absurdua da bai ideia, bai, mundua absurdua den bezela azken finean, baina par egiteko zer hoberik? seriotasunak azkenian grazi gutxi, ta juerga denean ardatz, ezin seriotasunik erabili.

    Ta bestalde argitu horria egiterakoan euskalki ezberdinak ezagutzea zela ardatzetako bat, honexegatik dago “gaizki” idatzita batzuentzat, Oiartzuera jatorrean idatzita besteontzat… Euskalkiak ederrak direla iruditzen zait eta irakurtzen ere jakin beharko genukela, beti ere batua mesprezatu gabe.

    Reply

Utzi erantzuna Jabi Zabala(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude