Blog eta webguneen anabasa honetan ganoraz nabigatzeko beste modu bat sortu da azkenaldion, etiketen bidez nabigatzea. Ezaguna da gure gogoko helbideak ordenatzeaz gain, etiketekin sailkatzea eta besteen esku jartzea ahalbidetzen digun del.icio.us zerbitzua. Hala ere, tag edo etiketen kontu honek erabilpen gehiago ditu, besteak beste, gure antzeko jendea aurkitzeko, blog-etan gure intereseko artikuluak topatzeko edo e-posta mezuak sailkatzeko balio baitu tag edo etiketen kontu honek.
Memento filmeko protagonistak, burmuineko arazo baten eraginez memoria arazoak ditu: bere izena eta aspaldiko kontuak bizirik dauzka oroimenean, baina aurreko egunean egindako guztia ahaztu egiten zaio berehala eta, zer egin edo nora jo behar duen gogoratzeko nota txikiak idazten ditu, nota mordoa itsasten du leku guztietan. Internautak ere ezinezkoa du helbide interesgarri guztiak gogoratzea. Gero eta webgune gehiago daude eta, batetik bestera saltoka ibili ostean ez dugu oroitzen atzo bisitatutakoaren helbidea, ezta bertara nola heldu ginen ere. Gogoratzen laguntzeko eta besteak ere orientatzeko sortu da etiketa elkarbanatuen del.icio.us zerbitzua.
Nork bere gogoko helbideak nabigatzailearen gogokoetan gordetzeak ez du baliagarritasunik dagoeneko. Guretzako ere, beste ordenagailu batean gaudenean edo nabigatzailez aldatzen badugu, ez dira oso erabilgarriak eta, gainera, gehienetan ez dira ordenatuta egoten. Horrexegatik sortu zuten Yahoo! aurkibidea David Filok eta Jerry Yang-ek. Duela hamar urte sarea oso txikia zen eta euren gogoko helbideak sarean bertan elkarbanatzeko sistema sortu zuten, gaika sailkatutako aurkibide hierarkikoa. Pentsa, gizakiek kudeatutako aurkibidearen eredu hura ere gaindituta dago eta egun Yahoo ere webguneak automatikoki sailkatzen dituen robotaren sistemara pasatu da. Baina del.icio.us zerbitzuko etiketen sistema erabiltzailearen esku geratzen da eta askoz errazagoa da: nabigatzen ari garela, webgune interesgarri bat aurkitu orduko, klik bat egiten dugu gure helbide barran aurrez ezarri dugun del.icio.us zerbitzuaren loturan, bertan gako-hitz edo etiketak jarri eta kitto, nabigatzen segi dezakegu.
Horrelakoetan etiketa jartzen duenak, berak gogoratzeko ezezik lagun hurkoa ere orientatzeko egiten du, helbideak merezi duelako-edo, zeri buruzkoa den adieraziz. Etiketa horiek publikoak dira eta gako-hitz horien bila dabiltzanei guk interesgarritzat jo dugun helbide hori agertuko zaio bilaketak egitean. Esaterako, Sustatuk badu albo batean etengabe berritzen den lotura intersegarrien multzo bat. Euskal internauta batek helbide bat Sustatuko barra horretan nabarmentzeko modukoa dela irizten badio, sustaturako etiketa ezarriko dio del.icio.us-en eta lotura automatikoki agertuko da Sustatun.
Baina tag edo etiketak beste helburuetarako erabil daitezke. Izan ere, del.icio.us zerbitzuak gure nabigazioa eta besteena bideratzeko balio duen moduan, 43things.com zerbitzuak gure asmoak adierazteko balio du eta, besteek ikusteko moduan jarriz, nork bere buruaz datuak emateaz gain, antzeko gustu edo gogoak dituen jendea aurki dezakegu. Bertan bakoitzak egin nahiko lituzkeen gauzen zerrenda idazten du -gehienez 43 gogo aipa ditzakegu- eta adierazitako gogo horiek gako-hitzak bihurtzen dira. Guri gure konpromisoak gogoraraziko dizkigute eta besteentzat ere baliagarria izango da, hitz horiek bilatuta aurkituko baigaitu antzeko asmoak dituen jendeak.
Interneteko sare sozialen ezaugarri batzuk ditu zerbitzu honek baina anarkikoagoa da harremana eta emaitza horizontalagoa edo naturalagoa lortzen da. Izan ere, Orkut edo Friendster sareetan lagunen artean sortzen dira loturak eta hemen etiketaren arabera, besteak ezezagunak izan arren gustoko gaien edo gogoen araberako loturak dira inportantea. Adibidez, 43things.com webgunean Basque bilatzen badugu, ikusiko dugu bi lagunek euskara ikastea dutela helburu (eta beste batek gurean etxea erostea). Oso pertsona ezberdinak dira, leku ezberdinetan baina agian batak besteari laguntza eskatuko dio bilaketaren ondorioz.
Amazon liburudenda dago 43things.com honen atzean, bere salmenten zati handia bezero bakoitzaren wishlist-etik (erostea edo norbaitek oparitzea gustatuko litzaiokeen gogoko liburu edo diskak) ateratzen duena. Gauza bien antzekotasunetik ondorioztatu dezakegu desio horiek publiko egitea sustatzeaz gain horietariko baten bat bere dendaren bidez asetzea nahiko lukeela sareko denda erraldoiak.
Blogistek ere, euren testuak atal batean sailkatzen dute; atal horiek eta idazleak gehitutako beste tag batzuk indexatzen ditu blogosferaren orakulua bilakatutako technorati.com-en bilatzaileak. Blogistak edozein lotura marka dezake rel=”tag” kodea sartuz eta Technoratik helbidea apuntatuko du etiketari loturik. Etiketak argazkietan ere ezar daitezke, adibidez, Flickr zerbitzura igotzen dugun argazki bakoitzean.
Etiketetan oinarrituta sortu da proba fasean dagoen bookswelike.net zerbitzua, jendeak bere gustokoak izan daitezkeen liburuak aurkitzeko. Gauza bera, baina automatikoki, egiten du audioscrobbler.com zerbitzuak abestiekin. Technoratik blogak, Flickr, del.icio.us eta haren antzekoa den Furl erabiliko ditu tag-ak sailkatzeko.
Etiketak jartzearena web posta zerbitzuetara ere igaro da, Googleren Gmail famatuan jaso eta gorde ditzakegun milaka mezuok sailkatzeko dagoeneko ez baititu karpetak erabiltzen, label edo etiketak baino. Mezu bat pertsonala bada, pertsonala etiketa sortu eta horixe esleituko diogu mezuari, blog bateko sarrerak gaika ordenatzen ditugunean bezalaxe.
Etiketek bahe funtzioa egiten dute, bila gabiltzana aurkitzen lagunduz, eta sareko informazioari balio semantikoa ezartzen diote. Oso demokratikoak dira, internautek eurek izendatzen baitute etiketa bakoitza, baina bere gabeziak ere baditu gauzak sailkatzeko modu honek, bere izaera ez hierarkikoari lotuta datozenak. Izan ere, momentuz milaka dira webguneak ikusi edo testuak idatzi eta etiketaren bat jartzen diotenak, baina milioika direnean, egunero milaka helbideri ezarriko dioten New York etiketa zehazgabeak ez du baliorik izanen. Etiketa zehatzagoak beharko dira edo hiztun-internauta gutxiagoko hizkuntzak erabili. Euskarazko etiketekin ez dugu horrelako arazorik izango, oraingoz bederen.