Bitakorak irakaskuntzan

By | 2005/02/24

Unibertsitateak dira, edo izan beharko lukete, beren eremuan erabilgarriak suerta daitezkeen aurrerapenak eta joerak egokitzen aitzindariak. Horregatik, ikastegi batzuetan konturatu dira bitakorek ezagutza hedatzeko eta ikasleentzako tresna baliagarriak direla. Irakasleak agindutako lanak idaztea eta inprimatuta ematea iragan milurteko kontua da. Orain bitakorak dira ikasle bakoitzak irakasleekin eta komunitate osoarekin harremanak izateko tresna. Gero eta unibertsitate gehiagotan erabiltzen dira eta gero eta erabilera gehiago dituzte blog-ek; gure ikastegietan ere hasi dira erabiltzen eta emaitzak erakusten.

Scott Leslie ikerleak bitakorek irakaskuntzan izan ditzaketeen erabilera batzuen eskema egin zuen 2003an, baina eremu partehartzailea dela gehitu daiteke eta RSS formatoan argitaratzeak zabaltzen dituen aukera guztiak ere hor daude. Erabilera berriak agertzen ari dira eta ikerleen gogoeta franko (1, 2, 3, PDF) aurki ditzakegu sarean gai honen inguruan. Besteen bitakorak irakurtzeak ematen digu informazioa, klaseko eztabaidak egiteko modu berria dira, irakasleak lanak egiteko emandako irizpideak, testu interesgarriak eta loturak haren bitakoran aurki ditzakegu. Nork berea idazteak ikaslea trebatzen du, portafolio pertsonal moduan balio du, bere idazkera fintzeko eta besteen laguntza jasotzeko aukera damaio…

Helburu akademikoa blog-en izaera publikoarekin uztartzea arazoa izan daiteke ikaslearentzat. Izan ere, ikasleen idatziak jada ez dituzte irakaslearen bi begiek aztertuko, irakurle-blogari-iruzkingileen multzo kritiko batek baizik… Eta multzo horrek bere iruzkinak egingo dizkie testu horiei. Izaera publiko horrek agian ikaslea bere lanak egokitzera behartuko du, orain irakaslearentzat ezezik, ikaskideentzat eta sare osoarentzat ere idatziko baitu.

Nazioartean Harvard edo Dartmouth aipa daitezke, besteak beste, ikasleentzako blog zerbitzua martxan dituzten ehunka ikastegien aurrean, baina gurean ere badira adibide batzuk. Esaterako, Nafarroako unibertsitate pribatuan Jose Luis Orihuela irakaslea aitzindaria izan dugu, 2002an hasi baitzen komunikazio fakultateko ikasleekin weblogek eremu honetan eman dezaketena aztertzen. Blog-en erabilera akademikoaren (PDF) gai hau sakon aztertu du Orihuelak bere bitakoran eta gaztelaniazko blogosferan erreferentzia nagusia dugu berau arlo honetan. Egun, ikasleei bitakoren funtsa azaltzen die klasean eta ondoren bakoitzak jorratu nahi duen esparrua zehaztu behar du. Bitakora editatzeko tresnak erabiltzen irakasten die geroago eta bakoitza bere idatziak argitaratzen hasten da. Kazetarigaiak dira bereak, horregatik irakasleak kazeta pertsonal horietako testuen kalitatea, interesa, testuen egitura eta emandako lotura gehigarriak hartzen ditu kontutan. Era berean, bitakora bakoitzaren diseinua, irudien erabilera egokia, informazioaren antolaketa, testuen kopurua eta maiztasuna garrantzitsuak dira, berak klasean agindutako ariketez gain.

Baina bertoko beste unibertsitateetan ere hasi dira tresna hau erabiltzen, euskarazko ikasketetan lehenengo eta emaitza interesgarriekin. Horren erakusgarri, ziberkazetaritzaren inguruko Data 2005 jardunaldiak izan ziren iragan astean Leioako gizarte komunikazio fakultatean. Bertan, bitakorak eta haien funtsa teknologikoa aztertu zuten bereziki. Bitakorak oso tresna interesgarriak dira kazetarigaien trebakuntzarako, idazkera garatzeko eta euren burua ezagutzera emateko. Horregatik berriemaile.com zerbitzua jarri du abian Gorka Palazio irakasleak, ikasle bakoitzari bere bitakora abian jartzeko aukera emanez. Dagoeneko ehunka ikaslek zabaldu dute bakoitzak bere bitakora doako ostatatze zerbitzu honetan eta komunitate txikia ari da sortzen apurka-apurka. Ideia bera izan zuen Deustuko unibertsitateko Joseba Abaituak, ikasle bakoitzak bere idazkera, teknologia berriekiko interesa eta trebetasuna erakusteko modu egokia baita ikasle bakoitza bere zibertxokoaren jabe izatea. Gainera, taldekako lanak egiteko gaiak eta dokumentu lagungarriak sarean bertan eskaintzen dituzte irakasleek, ikasle bakoitzak ondoren, Interneten laguntzaz lanerako informazioak bilatu ditzan.

WordPress plataforma librea erabiltzen dute berriemaile.com ostatatzean dauden bitakora guztiek, zerbitzuaren arduradunek aurrez instalatuta. Ikasleek prest izaten dute erabiltzen hasteko eta aldaketa estetikoak egiteko aukera dute, bitakora euren gustoko estiloan itxuraldatzeko. Gainontzean, blog-ak egiteko beste edozein sistemaren antzera, editatzeko interfazea du sistemak, editoreak bakarrik ikus dezakeena, testuak, titularrak, loturak eta estiloak ezartzeko. Bisitariak ikusten duena, berriz, webgunea da, sistema automatizatu horrek testuak eta gainontzeko elementuak bakoitza bere lekuan ezartzen baititu. Deustukoek, berriz, Zope kudeaketa sisteman oinarritutako edizio interfazea darabilte, ez hain intuitiboa eta moldagarria.

Bistan da ikasle guztien artean ez dagoela komunikatzeko gogo bera eta, batzuentzat klaseko lan aspergarrietako bat baizik ez da bitakora. Ez dute blogen filosofia barneratu eta emaitza bitakora pobrea da, sareko beste txoko batzuetatik lapurtutako testu batzuk agian eta berezko informazio berririk ez. Beste batzuengan, berriz, idazteko grina bizkortzen du baliabide hau eskura izateak eta bitakorak komunikatzeko ematen duen aukera aparta profitatzen dute. Horregatik berriemaile.com komunitateko blogistarik onenak nabarmendu nahi izan zituzten Leioako jardunaldietan: Iker Aranberri, Inhar Mutiozabal eta Jon Antolin. Bestalde, bitakoren inguruko gogoetez gain, Data 2005 jardunaldietan WordPress plataformaren funtsa, erabilera eta haren euskaratzea izan zituzten hizpide. Azkenaldion asko hobetu da WordPress eta Movable Type sistema jabedunari aurrea hartzen ari zaio, kode irekiko softwarea izanik gero eta hobea baita komunitatearen ekarpenei esker.

Baina blogen erabilera irakaskuntzan hedatzen hasi baino ez da egin. Irakaskuntza ertainetako irakasle askoren interesa pizten ari da, aula21.net egiten duen Francisco Muñozena kasu. Avaluo webgunean hausnarketa egiten du Mario Nuñezek, ertarotik hona irakaskuntza egiten den eran aldaketa handirik izan ez dela salatuz. Egiaztapen horrek kendu zizkion irakasteko gogoa eta orain berreskuratu du, teknologia berriek irakaskuntzari eskaintzen dizkioten aukerak ezagutu ostean. Arazo nagusia, egun, irakasleen prestakuntza falta da, arloa honetan ikasle askok baino gutxiago dakite-eta. Motibaziorik gabe eta arlo horretarako plangintza teknofilo orokor baten faltan, momentuz aurrerapena irakasle batzuen ekimen pertsonalen esku egongo da.

Loturak iruzkinak eta galderak
www.sarean.com
Gaiari buruz
www.ecuaderno.com

One thought on “Bitakorak irakaskuntzan

  1. Joseba Abaitua

    > Deustukoek, berriz, Zope kudeaketa sisteman
    > oinarritutako edizio interfazea darabilte,
    > ez hain intuitiboa eta moldagarria.

    Bai, egia da, baina badira horretarako beste arrazoiak. Orain Squishdot erabiltzen ari gara eta Coreblogera migratu nahi genuke (eibar.org-en erabiltzen den sistemara, alegia).

    WordPress oso ona da, baina gure kasuan ez dugu bakarrik weblog sistemak erabiltzen, wikiak, forumak, eta edukiak kudeatzeko ZOPEn oinarritutako beste sistema asko:

    http://www.deli.deusto.es

    Mila esker Jabi zure aipamenagatik. Oso artikulu ona idatzi duzu. Ea ostegunean parada dugun berbalditxo bat egiteko.

    Reply

Utzi erantzuna Joseba Abaitua(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.