Julen Gabiria blogari

By | 2005/03/09

Euskal idazle gehienek fideltasunez eusten diote euskaldun teknofoboaren arketipoari. Asko kostatu zitzaien batzuei Olivetti-aren ustezko xarmarena zinemak inposatutako irudi erromantikoa baino ez zela konturatzea eta ordenagailuak eskaintzen dituen abantailak profitatzea. Hala ere, idazleen artean ere islatu beharko da, bada, belaunaldi aldaketa eta ZX Spectrum-aren garaian hazitako batzuk idazten dabiltza egun, euren nobelen gaietan aurrekoen teknofobia gaindituz.

Horietakoa da Julen Gabiria, berriki “deskubritu” dudan idazle interesgarria. Bere bitakora zabaldu du Gabiriak, Zapiainek eta Mendiguren Elizegik bezala, bere idatziak eta gogoetak bilduz eta martxa onean ari da idazten bertan. Irakurri berri dut bere lehenengo nobela, Connemara gure bihotzetan eta asko guztatu zait. Oso iruzkin onak entzun ditut Han goitik itsasoa ikusten da bere azken eleberriaren gainean eta laster irakurriko dut, dudarik gabe.

Oso hurbila suertatzen zait Gabiria, ez bakarrik ikuspegi gazte eta urbanoa eskaintzen duelako. Belaunaldi berekoak gara eta, gainera, ez da Gipuzkoa urrunekoa, Bilbo aldekoa baizik, bertokoa. Hala ere, orain dela zazpi egun arte ez dut berarekin inoiz topo egin (Likinianon, berak antolatu zuen Joxe Aranzabalen liburuaren aurkezpenean), baina bere bitakoran azaltzen diren lekuak eta giroak ezagunak ditut, Connemarako gaiak eta lekuak ere bai. Horrek berarekiko nahikoa enpatia eragiten dit. Baina gainera blogari sinestuna da, baliabide honen ahalmen ikaragarriaz jakitun, eta bere bitakora zabaldu berrian testu mordoa idazten du, ia egunero. Gomendagarria.

5 thoughts on “Julen Gabiria blogari

  1. ana

    Ba ni hain urrun dagoen Gipuzkoa horretakoa naiz, eta, hala eta guztiz ere, oso hurbilekoak egiten zaizkit Julen Gabiriaren kontuak. Tokiak eta ez ditut ezagutzen, baina begirada bai, eta nirearen antza handia duela iruditzen zait.

    Kuriosoa da nik literatura maiteagoa izatea teknologia baino, eta azkenean literaturaren bidez iristea blogetara. Izan ere, Julen Gabiriaren bi liburuak atera bezain azkar irakurri nituen. “Connemara” ederra iruditu zitzaidan, eta “Han goitik itsasoa…” are ederragoa, samurra eta pittin bat surrealista delako, nere irirtziz. Kontua da blogen berririk ez nuela ia Julen Gabiriak berea hasi zuela jakin nuen arte,eta orduan hasi nintzen han sartzen. Duela gutxi Jabi Zabalarekin egon nintzen, eta blogetaz aritu ginen, besteak beste. Ordutik askotan sartu naiz Sarean, eta baita beste batzuen txokoan ere. Azkenean gustatu egingo zait blogetatik pasaeotxoa ematea!

    Polita zen Andu Lertxundik Berrian egiten zuen konparazioa, blogen eta plazen artekoa, eta agian laster denok ibiliko gara plazaz plaza. Ez dago gaizki tartean norbaitek halako liburu ederrak irakurtzea gomendatzen badio beste norbaiti…

    Reply
  2. Julen

    Eskerrik asko, Jabi.
    Niretzat ere plazera izan zen zu ezagutzea, bereziki hitzaldiaren hasieratik ibili nintzelako publikoari begira, pentsatuz “noiz etorriko ote dira Gaztelumendi eta Zabala?”, parean zintudala konturatu barik.
    Ea egunen batean luzeago gauden.
    Ez nuke esango teknofiloa naizenik inondik inora, baina are gutxiago naiz teknofoboa. Teknologia berri hauek guztiak Eibarreko lagunei esker ari naiz ezagutzen, eta argi daukat literaturak eta beste esparru gehienek ere hemendik jo beharko dutela. Teknologiari bizkarra emanda, errealitateari ari zara bizkarra ematen, eta literaturak gutxien behar duena errealitateari bizkarra ematea da.

    Eta eskerrik asko Ana, benetan. Ez zaitut ezagutzen baina ez dakizu ze gustura irakurri dudan zure erantzuna: pentsatze hutsa norbaitek nire liburu biak irten bezain arin irakurri dituela, gustatu zaizkiola eta, gainera, nigatik hartu duzula blogekiko afizioa… buffa!
    Aurrerantzean ere saiatuko naiz zure begirada berarekin begiratzen. Muxu handi bat.

    Reply
  3. Pingback: LuistxoBlog

  4. Keltse

    Kaixo Julen,

    “Han … ikusten da” daukat orain esku artean eta, galdera batzuk dauzkat zuri zuzentzeko:
    Astia izanez gero, eskertuko nizuke zure erantzuna.
    Inoiz egon al zara Ponte a Ema-n ?
    Zergatik Gino Bartali?
    Txirrindularitza atzaki bat da edota benetan maite duzu?
    Zein da zure lotura Muxika herriarekin?
    Zenbat denbora eman duzu liburua amaitu arte?

    Nire liburuan ondoko hau agertzen da:
    63. orrialdean — Aleksander Rahkmaek estoniar bakarra.
    232. orrialdean: — ziklista letoniarra.

    Mila esker zure arretagatik eta barkatu hain puntalakurloa izateagatik.
    Keltse

    Reply
  5. Aupa galdakao!!

    Julem gabiria, ez daukat ezer ikusirik literaturaren munduarekin, 16 urte ditut baina esan beharra daukat, Connemara gure bihotzetan benetan zoragarria dela, hasiera-hasieratik harrapatu ninduen amaierararte.

    Poza handia eman dit jakitea zu galdakaotarra izatea. Ni, bertan bizi naiz. Agian ezagutuko duzun Elexalde institutuan. auten irakasleak liburua irakurtzeko esan digu. eta eskerrak eman behar diot.

    Eta ez bazaizu importa galdera batzuk egin nahi nizuke, ez da liburuari buruz, ez. Niri pertsonalki pila gustatzen zait idaztea, istorio mordoak ditut hasita, baina amaitu barik. Eta nire galderak hauek dira:
    – Nondik ateratzen duzu inspirazioa? Hau da, nik, hasi hasi egiten naiz baina 5 horri noanean bat-batean gelditu eta jarraitzeko hitzak ez zaizkit inondik agertzen.
    -Idazten ari naizenean buruan istoria badaukat baina gero horrian adierazteko zailtasuna izaten ditut, eta ez dakit nola politako adierazi.

    Mila esker zure denborargaitik.

    Galdakaoztar bat

    Reply

Utzi erantzuna Keltse(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.