Film eta animazioen lehiaketak gurean

By | 2004/12/16

Interneterako Flash formatoko animazioen eta film laburren lehiaketak antolatu ditu nontzeberri.com euskarazko aldizkariak, hurrenez hurren, nontzefilm.com eta nontzeflash.com domeinuak ipinita. Animazioen lehiaketak aurten bigarren aldia izango du, iazko arrakastaren ondoren. Filmenak berriz, aurretik beste leku batzuetan antzeko lehiaketen aurrekariak izan badira ere, lehenengo edizioa izango du oraingoa. Atarien babes handiarekin abiatu ziren horrelako lehiaketak, baina babesle faltagatik desagertuz joan dira haiek. Egun, dirua barik ekimena eta grina dutenen eskutik datoz.

Egun, bideo kamara bat eta ordenagailua erabiliz sekulako maisulanak egin ditzake inspirazioa duen edonork, bere etxeko logelan. Egile izengabe baina talentudun horientzat pentsatuta daude lehiaketa biak eta sari interesgarriak izango dira biotan. Datorren urte hasieran aurkeztu beharko dira lanok eta sarean bertan oinarri guztiak daude ikusgai.

Animazioen lehiaketari dagokionez, iazkoak oso harrera ona izan zuen parte hartzaileei zein ikus-entzule kopuruari dagokionez. Aurretik baziren Flash formatoko animazioen beste lehiaketa batzuk, esaterako, San Fanciscoko Flashforward famatua edo Bartzelonan sortutako OFFF famatua, gerora beste formatoetara zabaldu dena. Hemen egiten den bakarra da eta, gainera, bestelako hizkuntza edo jatorria duten lanak aurkeztu ahal dira Nontzeflash-en. Iaz 34 herrialdetako lanak aurkeztu ziren, Nontzeberriko Lutxo Egiak esan digunez.

Nontzefilm lehiaketari dagokionez, oraindik orain, film laburren beste lehiaketa bat sortu du Espainiako Fotogramas aldizkariak, Fotogramasencorto goiburupean, baina Egiak dioenez, lehenengo edizio hau antolatzeko Notodofilmfest izan dute inspirazio iturri. Alabaina, Nontzefilm ez da gurean Interneterako film laburren lehenengo lehiaketa. Elosegi donostiar anaien Hispavista atariak duela bost urte deitu zuen lehendabiziko Minuto y Medio izeneko film laburren lehiaketa. Sareko pelotazoaren sasoia zen orduan eta puntucom atariek ekimen asko sustatzen zituzten. Canal Plusen babesari eta iragarkiei esker ezaguna egin zen Notodofilmfest beste bat baino ez zen izan loraldi hartan. Baina milurteko berriarekin batera atarien gainbehera etorri zen eta atarien presentzia lausotuz joan da sarean, dirua barra-barra gastatzeari uztearekin batera.

Bistan da horrelako jaialdiak ez direla jada atarientzat interesgarriak, ez baitira ekonomikoki errentagarriak, eta egun Notodofilmfest-en notodo.com webgunean ez da lehiaketaren arrastorik. Urte hasieran jaialdia atzeratuko zutela esan zuten, jaialdiaren anaia txikia Notodopublifest-i lekua uzteko. Txanda osorik pasatu diotela dirudi, notodopublifest.com jarri baitutelako, bestea baztertuta. Noski, publizitatearen inguruko jaialdi batek emaitza ekonomikoak izan ditzake gerora eta honek publizitate bidezko babesleak izan ditu.

Lutxoren iritziz, Nontzefilm «oso formatu egokia da bitarteko gutxi daukatenentzat». Gainera, duela lau urte baino internauta gehiago eta nork bere filmak egiteko baliabide hobeak daude egun, beraz, pentsatzekoa da bere lanak aurkezteko prest dagoen jende gehiago izango dela. Horregatik eskertzekoak dira honelako ekimenak.

Irratia.com 2.0 bitakora entzungarria

Irrati-bitakora bihurturik etorri da euskal irrati digitalaren 2.0 bertsioa. Egungo joerak kutsaturik, bitakora forma hartu du webguneak eta teknologia berrien hizpidea nagusitu da. Musika kanalak desagertu dira eta zuzeneko irratsaio bakarra izango da gai berberaren inguruan: teknologia berriak euskararen unibertsoaren ikuspuntutik aztertuta.

Irrati saioan euskaldunontzat arlo horretan interesgarriak izan daitezkeen kontuak aztertuko dira albisteen eta elkarrizketen bidez. Irratsaioa zuzenean entzun ahal izango da asteartero 18:00etatik 19:00etara Bilbo Hiria irratiaren sintonian eta haren Internet bidezko emisioan. Gainera, iragandako irratsaioak entzungai egongo dira edozein momentutan, webgunean bertan mp3 formatoan eskuragarri egongo baitira. Zuzenean jorratuko diren gaiek bitakoran izango dute isla eta eztabaidagune. Gaiak proposatzeko, iruzkinak, galderak edo eskaerak egiteko, gainera, zuzeneko saioan chat kanala irekita egongo da entzuleek zuzenean esku hartu ahal izan dezaten.

Asteartean izan zen lehenengo zuzeneko emanaldia eta bertan Librezaleko kideak izan ziren gonbidatuak, Firefox nabigatzaile librearen eta haren euskarazko itzulpenaren gainean hitz egiteko. Bilbo Hir¡aren emisioa zuzenean entzun daiteke FMaren 96.0 frekuentzian edo bilbohiria.com webgunean. Saioaren gaineko jakingarriak, berriz, irratia.com-en aurkituko ditugu.

LABURRAK

Euskararen etxea online
Hilabete hasieran zabaldu zen Bilboko San Inazio auzoan Euskararen Etxea izeneko guneak webgunea zabaldu du eta bertan hainbat hizkuntzatan aurkituko ditugu kultura gune horren gaineko jakingarriak. Bereziki interesgarria dirudi Mediategia izeneko atalak, digitalizatuta dauden euskarazko ekoizpen guztiak bildu eta katalogatu nahi dituena, liburutegi publiko baten moduko erabilera emanez erabiltzaileek material horiek erraz aurkitu ahal izan ditzaten. Hala ere, momentuz, ez dago ondare digital hori sarean bertan eskuratzeko modurik.

Oihartzun neurgailuak
Bitakoren onarpen edo ospe maila neurtzeko baliabide batzuk agertu dira azken aldion. Horietakoak ditugu ingelesezko Blogdex edo gaztelaniazko Blogometro, blog-en entzutea bertara doazen loturen arabera neurtzen duena. Bitakorena ezezik edozein domeinurena neurtzen du berriz LinkRank zerbitzuak, bitakoretatik bertara doazen loturak zenbatuz eta Who Links To Me, edozein motatako webguneetakoak kontutan hartuta. Feedback soila neurtzeko ezezik, webmaster eta bitakoragileen narzisismoa elikatzeko zerbitzu aproposak dira hauek.

Thunderbird postarako
Firefox nabigatzaile azkar eta librearen lehenengo bertsio egonkorrak izan duen oihartzunak estalita, baina duela egun batzuk atera zen Thunderbird posta programaren 1.0 bertsioa. Firefox nabigatzaile hutsa den bezala, Mozilla sortatik posta kudeatzeko programaren standalone bertsioa dugu Mozilla Thunderbird hau. Firefox-ek bezala, Thunderbird-ek memoria gutxiago hartzen du gure ordenagailuan. Segurtasuna eta zabor mezuak baztertzeko duen sistema adimentsua dira bere bikaintasuna frogatzen duten ezaugarri nagusiak, baina bitakorak irakurtzeko RSS sistema ere badakar. Momentuz euskarazko bertsiorik ez dago baina ingelesezkoa eskura daiteke sarean, mozilla.org domeinuan eta gaztelaniazkoa zein frantsesezkoa mozilla-europe.org domeinuan aurkituko ditugu.

One thought on “Film eta animazioen lehiaketak gurean

Utzi erantzuna Mifune(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude